(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kutz kontseilaria Nafarroako Gobernuak Hiesaren aurkako Munduko Eguna dela-eta antolatu duen ekitaldiko buru izan da astelehena, 2008.eko abenduak 1

Ekitaldian, osasun profesionalek eta Hiesaren aurkako elkarteetako ordezkariek gaixotasunari buruz hitz egin dute, eta prebentzioaren eta sendagaien arloko lorpenen garrantzia azpimarratu dute


Kutz kontseilaria Elena Torresekin. ( irudia handitu )

Gaur, abenduaren 1a, Hiesaren aurkako Munduko Eguna da, eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat egin du, Nafarroako Jauregian. María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilaria bertako buru izan da. Ekitaldira honako hauek ere bildu dira: Elena Torres Miranda Nafarroako Parlamentuko presidentea, Isabel Martín Montaner Osasunaren zuzendari nagusia, María Jesús Calvo Guitián Nafarroako Ospitaleko zuzendaria, Fernando Boneta Beorlegui Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria, Javier Marcotegui Ros eta José Andrés Burguete Torres Parlamentuko Osasun Batzordeko kideak, Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordeko ordezkariak, eta Hiesaren aurkako SARE elkarteko ordezkariak.


Ekitaldian, osasunaren arloko profesionalek eta Hiesaren aurkako elkarteetako ordezkariek gaixotasunaren historia kontatu dute: gaixotasunaren hastapenak (80ko hamarkadan), aurrerapausoak (terapiak, ikerketa, sendagaiak, aurrerapauso sozialak) eta gaur egungo egoera. Bien bitartean, Carmelo Astráin artista plastikoak gorputz-enbor biluzi bat marraztu du oihal batean, "gaixoen bakardadea" islatzeko asmoz, ekitaldiaren ondoren adierazi duenez.


Hasteko, Isabel Martín Montaner mintzatu da, ekitaldiko kontalari gisa. Hark, 80ko hamarkadako "mugarri historiko" batzuk azaldu ditu, 1982an Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (Hiesa) definitu aurretiko mugarriak. Gaixotasuna kutsatzeko moduei buruz ere hitz egin du. Ondoren, gaixotasunari buruz mintzatu diren osasun profesionalak aurkeztu ditu.


Mintzatu den lehena Julio Sola Boneta izan da, Nafarroako Ospitaleko Gaixotasun Kutsakorren Zerbitzuko burua. Hark, lehenengo gaixoek izaten zituzten gaixotasun oportunistei buruz hitz egin du: pneumonia, Kaposi-ren sarkoma, eta beste batzuk. Adierazi duenez, lehenengo Hies kasuak Estatu Batuetan agertu ziren eta lehenengo gaixoak homosexualak izan ziren. Bestalde, Hiesaren birusak odoleko zelula batzuk suntsitzen dituela nola jabetu ziren ere azaldu du Solak (CD4 linfozitoak, gorputza babesten dutenak).


Ondoren, Mercedes Herranz Agirre mintzatu da, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria zerbitzukoa, amek seme-alabei Hiesaren birusa ez transmititzeko erabili zituzten lehenengo tratamenduei buruz. Gaur egun, tratamendu antirretrobiralak eskura dituzten herrialdeetan amek seme-alabei gaixotasuna kutsatzeko aukera %1ekoa da. Herranzek azaldu duenez, Nafarroan horrelako kasu bakarra jazo da azkeneko urteetan.

Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kirurgia Plastikoaren Zerbitzuko Luis Bazán Álvarezek, berriz, antirretrobiralak hartzen dituzten pertsonetako batzuek egin behar izaten dituzten tratamendu estetikoei buruz hitz egin du. Izan ere, tratamendu antirretrobiralek ondorio fisikoak izan ditzakete (aurpegiko lipoatrofia -gantz falta aurpegian, itxura zurbila eragiten duena- edo gantz pilaketak gorputzeko zenbait lekutan, besteak beste), eta horrek gorago aipatu ditugun estigmak eragin ditzake.


Ekitaldia amaitzeko, Kutz kontseilariak txaloak eskatu ditu "gaixotasunak erasandako pertsona guztientzat", eta gaixotasunaren aurka borrokatzeko osasunaren eta gizartearen arloko profesional guztien lanak garrantzi handia duela nabarmendu du.


Nota de prensa con los datos facilitados por el Instituto de Salud Pública.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa