(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko Azpiegitura Komunen Zentralaren inaugurazio ekitaldian izan da asteazkena, 2008.eko abenduak 10

Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria Nafarroako Gobernuaren ekimen publiko bat da. Bere helburua nekazaritzako elikagaiak lantzen dituzten enpresak instalazioez hornitzea da, beren lehiakortasuna hobetzeko eta sektorea suspertzeko.


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko Azpiegitura Komunen Zentralaren inaugurazio ekitaldian izan da gaur. Eraikin horrek Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren zerbitzu zentralizatu orokorrak hartuko ditu. Sanz presidentearekin batera izan dira Begoña Sanzberro Iturriria Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilari eta Ciudad Agroalimentaria de Tudela Sozietate Publikoko presidentea; Luis Casado Oliver Tuterako alkatea; Pablo Romera Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietate Publikoko zuzendari kudeatzailea; eta Germán Beroiz Nekazaritzako Elikagaien Hiriko zuzendari kudeatzailea.


Bere mintzaldian azpiegitura komunak inauguratzeko bere gogobetetasuna agertu du Sanz presidenteak: "Nafarroaren eta bereziki, Ebroko Erriberako eskualdearen garapenerako proiektu nagusietako bat da, eta nekazaritzako elikagaien esparruan, etorkizunean industria eta enpresa jarduerarako gune emankor eta aitzindaria izanen da Ebro Bailaran, eta oro har, Espainiako iparralde osoan".


Sanzek adierazi duenez, nekazaritzako elikagaien industriak Nafarroako ekonomiako eta errealitateko elementu nagusi izaten jarraitzen du gaur egun. Horrez gain, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriak ‘Nafarroa Plana 2012’n jasotako lehentasunezko 90 ekintza garrantzitsuenetako bat dela gogorarazi du. Gaur egungo ekonomia krisiari aurre egiteko tresna dela adierazi du; horretarako, 4.500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egingo dira.


Gaur inauguratutako Azpiegitura Komunen Zentrala energia eraginkortasuna hobetzeko eta Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian kostuak murrizteko aurreikusitako ekintzetan lehena da. Horri esker, industrialdeko enpresek banaketa sare batetik eskuratu ahalko dute energia, banakako energia ekoizpenerako zentraletan inbertitu beharrik izan gabe. Energiaren sortze zentralizatua industria parke honen ezaugarri berezietako bat da, eraginkortasuna eta aurreztea ahalbidetuko dituelako. Azpiegitura Komunen Zentralak ur lurruna (10 bar), ur beroa (80 gradu C), ur hotza (7 gradu C) eta hozteko fluidoa (-10 gradu C, -33 gradu C eta -45 gradu C) hornituko ditu. Gainera, suteen aurkako babes ura hornituko du, modu zentralizatuan. Horrez gain, industrialde osorako araztegi bat jartzea dago aurreikusita.


Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria


Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria Nafarroako Gobernuaren ekimen publiko bat da. Bere helburu nagusia nekazaritzako elikagaiak lantzen dituzten enpresak instalazioez hornitzea da, beren lehiakortasuna hobetzeko eta sektorea sustatzeko, betiere, hiru ardatzetatik abiatuta: azpiegitura eta logistika, berrikuntza eta prestakuntza. Iragan apirilaren 4an "Ciudad Agroalimentaria de Tudela, SL" sozietatea sortu zen, eta bere titulartasun osoa Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietate Publikoarena da. Bere helburua nekazaritzako elikagaien enpresak sortzeko sustapena eta aholkularitza ematea, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria kudeatzea, koordinatzea eta zuzentzea, eta ura, lurruna eta CO2a edo beste energia produktu batzuk ekoiztea eta instalatutako enpresak horiez hornitzea da. Sozietateak, era berean, zerbitzu zentralizatuak eskainiko dizkie enpresei, hala nola ur arazketa, hondakinen kudeaketa, suteen aurkako babesa eta telekomunikazioak.


Obren egoerari dagokionez, industria parke honek 1.200.000 m2-ko azalera okupatzen du bere lehen fasean (S-1), eta etorkizunean industrialdea handitzeko bi fase gehiago daude aurreikusita, 3 milioi metro karratuko azalerara iritsi arte. Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren parte gisa gaur inauguratutako Azpiegitura Komunen Zentralaz gain, negozio zentro bat, bulegoen eraikin bat, nekazaritza eta industriako laborategi bat eta enpresen mintegi bat daude aurreikusita.


Industrialdearen lehen lerroan Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriak 800 m2-ko nabeak eraiki ditu industria lursailean, eta Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian hogei bat enpresa gehiago instalatuko direla baieztatu dute jada. Horietako bat Aceites Urzante izanen da; jada industria parkean dago, eta gaur goizean Sanz presidentearen bisita jaso du.


Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria ekoizpen enpresek eta industria hori babesten duten laguntzaileek, azpiegiturek, zerbitzuek eta erakundeek osatuko dute. Zerbitzuen eskaintzarekin sektorearen lehiakortasuna sustatuko da, nekazaritza eta industriako produktuen ikerketa suspertuko da, markaren irudia indartuko da eta balio erantsi handiagoko produktuak garatuko dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa