Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko lau laguntza eman ditu, NUPeko bi irakasleren eta Nafarroako Unibertsitateko beste biren ikerketa jarduera bultzatu eta areagotzeko
Ezkerretik eskuinera, Pedro J. González, Alfonso Carlosena, Fernando Morán, Ignacio Matías Maestro, Carlos Pérez-Nievas kontseilaria, Luis Montuenga, Jesús M. Santamaría, Javier Novo eta Mª Antonia del Burgo
(
irudia handitu
)
Hezkuntza Departamentuak eratu du Jerónimo de Ayanz Programa, Nafarroako unibertsitateetan ikerketa lana sustatze aldera. Hala, unibertsitateko ikerketa zientifikoa gizarteak dituen egiazko premietan aplikatzean oinarritutako ekintzak lagundu nahi ditu. Programaren lehen edizio honetan, hamabost eskaera aurkeztu dituzte, Nafarroako bi unibertsitateetan egindako prozesuetan. Beraz, 30.000 euroko lau laguntza eman dira; hain zuzen, NUPeko Ignacio Raúl Matías Maestro eta José Fernando Morán Juezen eta Nafarroako Unibertsitateko Javier Novo Villaverde eta Jesús Miguel Santamaría Uleciaren ikerketa lanak sustatzeko eta areagotzeko asmoz.
Jerónimo de Ayanz Programa
Jerónimo de Ayanz Programaren oinarrian Nafarroako bi unibertsitateekin sinatutako bi hitzarmen daude. Azken helburua, bestalde, Foru Komunitateak Ikerketa Lanari Ekiteko eta Lan hori Sustatzeko Programan parte har dezan bultzatzea da. Hezkuntza Ministerioak sustatutako programa da, Ikerketa Zientifiko eta Berrikuntza Teknologikorako 2004-2007ko I+G+b Plan Nazionaleko (i3 programa) helburu estrategikoak erdiesteko xedea duena. Plan Nazional horrek, bestalde, Espainiako I+G sisteman kalitatezko ikertzaileen egonkortasuna sustatzea eta ikerketarako jardun sakona erraztea bilatzen du.
Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak buruan dituen helburuen artean, ikerketa sustatzea eta irakasleen ikerketa lana areagotzeko bideak egituratzea ditugu. Helburu horiek lortzeko, Hezkuntza Departamentuak honako laguntza programa hau ezarri du, eta Jerónimo de Ayanz izena eman dio programari. XVI. mendeko nafar humanista honek garrantzi handia izan du I+G+b-ren historian; batik bat, zientzia ezagutzak ekoizpen jardueretako eta bere garaiko gizarteko premiak konpontzeko aplikatzen jakin izan zuelako.
Zientzia ekintza guztiek har dezakete parte programan; bereziki, I+G+b Plan Nazionaleko ekintza estrategikoek eta Nafarroako Hirugarren Plan Teknologikoan izena ematen dutenek. Gehienez ere, 30.000 euro emango dira urtean ekintzako; alegia, irakasle baten irakaskuntza kargaren %75. Programan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da aditu batzorde batek egindako ebaluazioa gainditzea. Horiek eskarmentuarekin eta kalitate zientifikoarekin lotutako irizpideei begiratuko diete eta eginen den jardueraren garrantzi estrategikoa ere aintzat hartuko dute. Ikerketa lana eginen duten irakasleek denbora eta ahalegin gehiago eman ahal izanen dituzte ikerketa lanean: bide berriak urratu ahal izanen dituzte, nazioko eta nazioarteko programetan parte hartzeko proposamenak prestatu ahal izanen dituzte, sareak sortu ahal izanen dituzte eta beren ikerketa taldeen gaitasuna indartu ahal izanen dute.