(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Tuterako Justizia Jauregi berriaren proiektua abiatu du asteazkena, 2008.eko abenduak 17

Lanak 2011n amaituko dituzte, eta hala, Foru Gobernuak Nafarroako bost barruti judizialak berrituko ditu


Tuterako Justizi jauregia

Tuterako Justizi jauregia. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak Tuterako Justizia Jauregi berria eraikitzeko proiektua abiatu du berriki (lanak enkantean jarri ditu). Interesdunek 2009ko urtarrilaren 21era arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Deialdiko oinarriak Nafarroako Gobernuko kontratazioen atarian daude.


Aurreikuspenen arabera, proiektua 2009ko udaberrian esleituko dute, eta 4 hilabetez landu ondoren, uda amaierarako prest egonen da. Horrela, Tuterako Justizia Jauregi berria eraikitzeko lanak 2009ko laugarren hiruhilekoan hasiko dituzte. Lanek 18 hilabeteko iraupena izanen dute, eta 2011n amaituko dituzte.


Baldintza teknikoen agiriaren arabera, eraikin berria Queiles pasealekuan egonen da (Camino de la Albea kalea, zenbakirik gabea), eta honako ekipamendu hauek izanen ditu: sotoan, artxiboa, garajea eta biltegiak; behe solairuan, herritarrak artatzeko bulego nagusiak (Erregistro Zibila, epaiketa aretoak, Guardiako Epaitegia, eta Foruzaingoaren bulegoa -herritarrak etengabe artatzeko bulegoa-); eta goiko solairuetan, epaitegiak, fiskaltza eta abokatuen eta prokuradoreen elkargoetarako aretoak.


Tuterako Justizia Jauregi berria eraikitzeko gehienezko aurrekontua 10.000.000 eurokoa da, eta gaur egungo epaitegiak ordezkatuko ditu. Gaur egungo eraikina Pablo Sarasate kaleko 4. zenbakian dago, hain zuzen, eta eraikinak 2.255 metro koadroko azalera erabilgarria du, bost solairutan (sotoa, behe solairua, eta beste hiru solairu).


Zehazki, gaur egungo eraikinean Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko lau epaitegi, Dekanotza, Fiskaltza, auzitegiko hiru sendagile, Guardiako Epaitegia, Erregistro Zibila, prokuradoreei jakinarazpenak egiteko aretoa, toga aretoa (abokatuentzat), epaiketetarako hiru areto, garajea, artxiboak eta biltegiak daude.


Barruti judizialen berrikuntza


Tuterako epaitegiak berritzeko proiektua Justizia Administrazioa Modernizatzeko Planaren esparruan dago kokatuta. Nafarroako Gobernuak 1999an jarri zuen abian aipaturiko plana; hau da, Nafarroako Gobernuak Justizia Administrazioaren eskumenak jaso zituen urtean. Harrezkero, Nafarroako bost barruti judizialak berritzen eta handitzen ari da Foru Gobernua.


Prozesua 2011n amaituko da, Tuterako Justizia Jauregi berria eraikitzeko eta Iruñeko Justizia Jauregia hirugarren aldiz handitzeko lanak amaitzen dituztenean. Hain zuzen ere, Iruñeko Justizia Jauregia handitzeko proiektua Ángel Farinós arkitektoari esleitu diote berriki, eta San Roke hiribidera begira dagoen moduluari (sarrera nagusia modulu horretan dago) bi solairu erantsiko dizkiote, bosgarrena eta seigarrena.


Gaur egunera arte egin dituzte esku-hartzeetako batzuk honako hauek dira: Iruñeko Justizia Jauregia handitzeko lanak (2001 eta 2003); Agoitzeko eta Tafallako epaitegi berriak eraikitzeko lanak (lanak 2002an eta 2005ean amaitu zituzten, hurrenez hurren); Tuterako epaitegietako hirugarren eta laugarren solairuak zaharberritzeko lanak; eta Lizarrako epaitegi berriak eraikitzeko lanak (2009an amaituko dituzte).

Dokumentazioa:
Información completa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa