(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Euskarabideako ordezkari talde bat Galiziara joan da, Erkidegoan galiziera sustatzeko egiten dituzten ekintzen berri jakiteko osteguna, 2008.eko abenduak 18

Euskarabideako ordezkari talde bat Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikaren Idazkaritza Nagusiko ordezkariekin bildu da, gaur, galizieraren erabilera sustatzeko kanpainak, hizkuntza dinamizatzeko jarduerak, ziurtagiri berriak, edo normalizazio taldeek Galiziako ikastetxeetan egiten duten lana ezagutzeko asmoz. Nafarroako Gobernuko ordezkariek egonaldia aprobetxatu dute "As nosas palabras, os nosos mundos" erakusketa ikusteko.


Marisol López Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikaren idazkari nagusiak azkeneko urteetan galiziera sustatzeko abian jarri dituzten neurri eta estrategia nagusiak azaldu dizkio Xabier Azanza Arbizu Euskarabideako zuzendari kudeatzaileari. Bilera Euskarabidearen eskariari jarraiki egin dute, eta honako hauek ere bildu dira bertara: Julen Calvo Jiménez Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, Rubén Fuertes Peralta Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria, eta Cristina Rubal eta Nita Ferreiro Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikaren Idazkaritza Nagusiko zuzendariordeak.


Euskarabideako ordezkariei bereziki interesgarria iruditu zaie "En galego tes todo por vivir. Tócache!" kanpaina, eta baita kanpainarekin lotutako esku-hartze batzuk ere. Era berean, "A Cova" eta "O Contador" proiektuen berri jakin dute (hizkuntza kalean dinamizatzeko jarduerak), eta baita "Axóuxeres" programa (hizkuntza familian transmititu dadin sustatzeko programa).


Bileran, bestalde, galizieraren ziurtagiri berriei buruz mintzatu dira, eta baita hizkuntza normalizatzeko taldeek Galiziako ikastetxeetan egiten duten lana suspertzeko esku-hartzeei buruz ere.


Marisol Lópezek "As nosas palabras, os nosos mundos" erakusketa ibiltaria aipatu du, alegia, galizierak munduko hizkuntza aniztasunean duen bizitasuna islatzen duen erakusketa; eta bide batez, idazkari nagusia eta Nafarroako ordezkariak Coruñara joan dira, erakusketa ikustera.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa