(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilariak Alfredo Díaz de Cerio poetaren "De Navidad a Nochevieja" liburua aurkeztu du asteazkena, 2008.eko abenduak 31

Urtarrilean hil zen mendabiar artista polifazetikoak argitaratu gabe zeuzkan lanetako batzuk bildu dituzte olerki liburuan, eta Jesús Mauleónek liburua osatu du


Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak "De Navidad a Nochevieja" izeneko liburua aurkeztu du, gaur. Egilea urtarrilean hil zen Alfredo Díaz de Cerio poeta da, eta liburua Jesús Mauleónek osatu du. Poeta, margolari eta eskultore zenaren liburuaren aurkezpen ekitaldia Nafarroako Museoan egin dute, eta bertara Alfredo Díaz de Cerioren alarguna, seme-alabak, beste ahaide batzuk, eta lagunak bildu dira.

Corpas kontseilariak adierazi duenez, "urteari amaiera emateko modurik onena olerki liburu hau aurkeztea da". Ekitaldian egilearen bi olerki irakurri ditu, lanaren edukia ederki islatzen duten olerkiak.


"De Navidad a Nochevieja" 88 orrialdeko olerki liburua da, eta Kultura eta Turismo Departamentuak 700 ale argitaratu ditu. Mª Paz alabak adierazi duenez, liburua Alfredo Díaz de Cerioren ilobei eskainita dago (Aitana eta Nora), eta horrexegatik, liburuaren lehenengo zatia haurrei begira osatu dute. Mª Pazek azaldu duenez, Eguberriek leku nabarmena dute aitaren olerkietan zein margolanetan, eta zentzu horretan, liburuko irudiak aitak berak egindakoak direla adierazi du (Eguberriekin lotutako irudiak). Bestalde, honako hau ere adierazi du Alfredo Díaz de Cerioren alabak: "aitak gai unibertsalei buruz idazten zuen, bizitzari, maitasunari eta heriotzari buruz, eta liburu honek jaiotza eta denboraren joana ditu hizpide, sentimenduak eta berrikuntza espiritua oinarri hartuta". Azkenik, zaleek liburua irakur dezaten eta harritu daitezen nahi duela adierazi du Díaz de Cerioren alabak.


Jesús Mauleónek liburuko hitzaurrean adierazi duen moduan, "agian ez da poetaren lanik original eta berritzaileena, baina bai, ordea, olerki liburu beroa eta bihotz-bihotzetik egindakoa, egokia irakurle mota askorentzat, Díaz de Cerio onenaren kutsu lirikoak dituen liburua". Mauleónen arabera, "liburuaren metrika tradizionala da: sonetoa, hamarduna, hainbat egikerako "letrillak", edo arte txikiko bertso errimadunak". Gaineratu duenez, Eguberriek "barrualdea asaldarazten zioten" Díaz de Ceriori.


Mauleónen esanetan, Alfredo Díaz de Ceriok Eguberrietako elementu tradizional guztiak maneiatzen eta uztartzen ditu olerki liburuan: Jesus, Maria eta Joseren estalpea, Errege Magoak, artzainak, izarra, argia, elurra, eta neguko gaua. Elementuok edentasun handiz uztartzen ditu olerki batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, haurtzaroko bizipenen eta oroitzapenen berri ematen du. "Eguberriak, haurtzaroko geografia gisa; etxera eta maite ditugun pertsonen ondora itzultzeko garai gisa; aspaldi, berreskuratu ezin ditugun garaietan bizi izan genituen gauzak gogoratzeko garai gisa" .


Alfredo Díaz de Ceriok hamar bat olerki liburu argitaratu zituen, eta berauetan lirikotasun intimista islatu zuen. Bertso asko utzi zituen argitaratu gabe, hala nola "De Navidad a Nochevieja" liburuan bildu dituztenak. Alfredo Díaz de Cerio ohiko kolaboratzaile izan zen "Río Arga" Nafarroako olerki liburuan.


Alfredo Díaz de Cerio


Alfredo Díaz de Cerio margolari, eskultore eta poeta (Mendabia, 1941 – Iruñea, 2008) 2008ko urtarrilaren 29an hil zen, 66 urte zituela. Oso ezaguna da bere margolanengatik eta eskulturengatik. Díaz de Cerio artista osoa zen, autodidakta, eta olerkiak ere idazten zituen. Olerkigintza lanak tarteko, ehun saritik gora lortu zituen, Estatuan zein nazioartean. Honako hauek, besteak beste: Vicente Aleixandre Saria (1994), Luis Rosales Saria (1995), Fray Luis de León Saria (Ávila), "Bilaketa" Saria (Agoitz), edo "Guadiana" Olerkigintzako Sari Nazionala (Ciudad Real, 2007ko azaroan, Gris de fondo lanarengatik). Gris de fondo Espainia, Europa eta Latinoamerikako ehun bat lanen artean hautatu zuten, eta mendabiar poeta garai hartan idazten ari zen liburuko olerki bilduma bat da.


Margolari, zeramikari eta eskultore gisa, Díaz de Cerio Suitzan eta Alemanian hasi zen lanean, eta banakako berrogeita hamar erakusketatik gora eta taldeko beste hainbeste erakusketa egin zituen, Estatuan zein nazioartean. Hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik Alemanian, Belgikan, Suitzan, Frantzian edo Txilen egin zituen erakusketak, eta Espainian, berriz, Bartzelonan, Madrilen, Logroñon, Iruñean edo Lizarran, besteak beste. Margolanekin ere hainbat sari lortu zituen. Honako hauek, adibidez: Basileako Urrezko Domina (Alemania, 1972); Pinturako Sari Nagusia (Rheinfelden, Alemania, 1973); Pinturako Errioxa Saria (Logroño, 1976 eta 1980); edo La Salle Saria (Bartzelona, 1988). Alfredo Díaz de Cerioren lanak bildu dituzten museoen artean honako hauek azpimarratu ditzakegu: Nafarroako Museoa, Errioxako Museoa, Aragoi Goieneko Museoa (Huesca), edo Zeramikaren Museo Nazionala (Manises, Valentzia). Alfredo Díaz de Cerioren lanak Brilon Stadt-eko udaletxean (Alemania), Vallesantoro Jauregian (Zangoza, Nafarroa), Zaragozako diputazioan edo Europa Erdialdeko eta Hego Amerikako bildumetan ere badaude.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa