Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroan estreinakoz hasiko dute gisa horretako prozedura bat, garrantzi eta interes kulturala duten herri adierazpen tradizionalak mantentzeko asmoz
(
irudia handitu
)
Nafarroa aberatsa da interes kulturaleko herri adierazpenei dagokienez, eta estreinakoz, gisa honetako prozedura bat hasiko dute, herri adierazpen tradizionalak mantentzeko. Gainera, Ituren, Lantz eta Zubietako inauteriak Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko espedientea abiatuz aurrekariak ezarriko dituzte Foru Komunitatean garrantzi eta interes kulturala duten beste adierazpen batzuk babesteko eta etorkizuneko belaunaldiei begira zaintzeko.
UNESCOk Ondare Kultural Materiagabea Zaintzeko Hitzarmena onartu zuen Parisen 2003ko urrian, eta Espainiak 2006an hitzarmena berretsi zuen. Hitzarmenaren espirituari jarraiki, Nafarroako Ondare Kulturalari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean honela definituta daude ondasun materiagabeak: "Nafarroako kulturak berezko dituen ezaguerak, teknikak, usadioak eta jarduerak, eta baita hizkuntzak ere, tokian tokiko berezitasunekin". Lege bereko 54. artikuluan Interes Kulturaleko Ondasun Materiagabeen Inbentarioa sortu zuten, ondasun horiek identifikatzeko, babesteko eta euren berri emateko.
Ondasun etnologiko materiagabeen babes araubideari dagokionez, berriz, Foru Legeko 69. artikuluak honako hau dio: "Kulturaren arloko eskumenak dituen departamentuak ondasun etnologiko materiagabeak aztertzeko, ikertzeko, dokumentatzeko, erregistratzeko eta euskarri batean biltzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu, geroko belaunaldiek estimatuko dituztela eta haiengana iritsiko direla bermatzeko". Ondasun materialak zein materiagabeak babesteko neurri eraginkorrena ondasunak Legeak ezartzen dituen kategorietan sartzea da (Interes Kulturaleko Ondasunak edo Inbentarioko Ondasunak).