Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Beireko 5 urteko mutikoari alta eman diote (abenduaren 30az geroztik ospitalean zegoen), eta gaixotasun meningokozikoa dela-eta ospitaleratuta dauden gainerako gaixoak onera egiten ari dira
Atzo Atarrabiako 3 urteko neskato bat ospitaleratu zuten, meningitisa dela-eta, Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU). Diagnosiaren arabera, B motako gaixotasun meningokozikoa du (meningokoko mota hori aurkitu diote likido zefalorrakideoan). Neskatoa ZIU unitatean dago eta onera egiten ari da, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.
Prebentzio protokoloari jarraiki, tratamendu antibiotikoa eman diete gaixotasunaren inkubazio aldian neskatoarekin gertuko harremana izan duten 18 laguni.
Gaixotasun meningokozikoa dela-eta ospitaleratu dituzten gainerako gaixoei dagokienez, gaur goizean Beireko 5 urteko mutikoari alta eman diote. Abenduaren 30az geroztik Bideko Ama Birjina Ospitalean zegoen, eta beraz, erietxe horretan beste hiru lagunek jarraitzen dute ospitaleratuta (3, 14 eta 80 urteko hiru lagun). ZIU unitatean daude, abenduaren 20az geroztik, 80 urteko gizonezko bat eta 14 urteko emakumezko bat; biak larri daude baina onera egiten ari dira. Urtarrilaren 1ean, berriz, 3 urteko mutiko bat ospitaleratu zuten, eta dagoeneko gela arruntean dago. Onera egiten ari da. Bestalde, Burgosko Yagüe Jenerala Ospitalean 18 hilabeteko neskato bat dago (urtarrilaren 1ean diagnostikatu zioten gaixotasuna), eta hura ere onera egiten ari da.
Atzo antzeman zuten kasua kontuan hartuz gero, dagoeneko hamar dira azkeneko asteetan Foru Komunitatean gaixotasun meningokozikoa harrapatu duten pertsonak. Horietatik seiri alta eman diete dagoeneko.