(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gaur jarri da abian Ostizko Saihesbidea NA-121-A errepidean, Iruña-Frantzia (Belaten barna) asteazkena, 2009.eko otsailak 4

Eguraldi onari eta baliabideak zabaltzeari esker, Nafarroako Gobernuak azpiegitura hau ezarritako data baino lehen jarri du abian, inaugurazioa datorren otsailaren 11rako, asteazkena, aurreikusita baitzegoen


Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak gaur arratsaldean bisitatu ditu Ostizko Saihesbideko amaitutako lanak, N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia, Belaten barna), eta azpiegitura hori abian jartzea gainbegiratu du. Bisitan, Alba kontseilariak nabarmendu du Departamentuak ahalegin handia egin duela bide hau datorren otsailaren 11 baino lehen abian jartzeko, oso beharrezkoa baitzen Enderizko bidegurutzean gertatutako azken istripuen ostean.


Orain arte, N-121-A errepideak, Ostiz zeharkatzean, egunean 7.761 ibilgailuko trafikoa zuen, eta ibilgailu horietatik %24,9 astunak ziren. Saihesbide honekin segurtasuna hobetzea lortu da, trafiko gehiena herritik kanpo desbideratuko da eta. Era berean, jardun honi esker, NA-411 errepidearekin orain arte zegoen sestra bereko bidegurutzea kendu da, eta horren ordez sestra desberdineko bidegurutzea egin da.


Lanen deskripzioa


Saihesbideak 2.701 metro ditu, eta hasieran sestra bereko bidegurutzea du Enderizen sartzeko errepidearekin. Bidegurutze horretatik aurrera, trazadura berria gaur egungo N-121-A errepidetik banatzen da ekialderantz, eta hiru errei ditu, bi Iruña-Frantzia noranzkoan.


Ostizeko hirigunera sartzeko, glorieta egin da, eta bi igoera eta bi jaitsiera ditu saihesbidera. Glorietan 500 metroko luzera duen bide bat hasten da, eta gaur egungo N-121-A errepidearen eta Mediano ibaiaren gainetik gurutzatu ondoren, Ultzama haranera daraman NA-411 errepidearekin konektatuta dago.


N-121-A errepidearekin lotu aurretik, saihesbideren azken trazadurak Mediano ibaia gurutzatzen du 130 metroko luzera duen egitura baten bidez, ibaiaren ibilguarekin alderatuta oblikuitate handia duena. Hori dela eta, gaur egungo errepidearekin konektatu ahal izateko eskuinera bira egin behar da.


Herri Lan Departamentuak ukitutako herrietako ordezkariekin proiektuan aldaketa batzuk adostu ditu aste honetan. Jardun nagusia gaur egungo Enderizeko lotura ezabatzea da (puntu beltz nagusia). Hori dela eta, gaurtik hasita, Iruña-Enderiz norabidean doazen ibilgailuek saihesbide berrian proiektatutako beheko igarobidetik zirkulatuko dute.


Era berean, Enderizetik iparralderako norabidean ateratzen diren ibilgailuak Ostizetik igaro beharko dira, eta iparraldetik Enderizera doazenak Ostizen sartu beharko dira (herri horretako sarrera zuzena ezabatu egingo da eta).


Lan honen aurrekontua 6.282.970,87 eurokoa da, eta Nafarroako Errepideen II. Plan Gidarira eta Errepide Sareko Jardunak Azeleratzeko Planera bilduta dago. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietatearen (SPRIN) artean sinatutako hitzarmen bati esker garatu da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa