(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Catalán kontseilaria izango da "Navarra. La cultura del vino" liburuaren aurkezpenean buru, Madrilen

asteartea, 2009.eko otsailak 10

Liburua Nafarroako Gobernuak argitaratu du eta Nafarroaren iraganari eta etorkizunari buruzkoa da



Alberto Catalán Higueras, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria eta Gobernuaren eleduna, izango da "Navarra. La cultura del vino" liburuaren aurkezpen ekitaldiko buru, Madrilen; liburua Gobernuak argitaratu du, aipatu departamentuaren bitartez.


Aurkezpen ekitaldia gaur izango da, arratsaldeko 20.30ean, Thyssen-Bornemisza arte museoan. Aurkezpenean parte hartuko dute, batetik, liburuaren egile eta Diario de Navarra egunkariaren kultura ataleko erredaktore den Ion Stegmeier Blázquezek; eta bestetik, Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko presidente Pilar García-Granerok.


Liburuak 209 orrialde dauzka, argazkilari hauek hartutako irudiez apainduak: Eduardo Buxens, José Carlos Cordovilla, José Luis Larrión, Enrique Pimoulier, Villar López Vallés, Jorge Nagore, F. Javier Sesma, Patxi Úriz Domezáin eta Iñaki Zaldua.


Liburuaren aurkezpen ofiziala Iruñan egin zen, joan den abenduaren 17an. Argitalpenaren helburuak dira Nafarroako ardoa lurraldearen oinarriari eta berezko izaerari lotutako kultura elementu gisa aurkeztea eta ardogintzaren etorkizuna eta erronkak ezagutzera ematea. Gauzak horrela, liburuak Foru Erkidegoaren eta gizakien iraganera egiten du ibilaldia; izan ere, ardoa gizakia bezain zaharra da ia. Ibilbide horretan uztartzen dira jendearen kontakizunak; gertakari historikoak; testuinguru sozial, politiko eta kulturalak; esperientzia kolektiboak; bitxikeriak; eta literaturan, artean eta herriaren adierazpenetan ardoaz esaten direnak.


Obrak bederatzi kapitulu dauzka. Lehenak "Ese algo" izenburua dauka eta azaltzen du nola ardoa eguneroko bizitzan bizi-bizi dagoen, eta nola aurkitu ziren Nafarroan ardoaren lehen aztarnak, erromatarrek zenbait aztarnategitan utziak (Arellanon, Ledean eta Faltzesen, esaterako). Bigarren kapituluak "Las musas" du izenburua, eta ardoa literaturan eta artean nola agertzen den azaltzen du. Izan ere, adierazpen horiei esker errazago ulertzen da ardoak mendetan izan duen garrantzia. Hirugarren kapitulua da "El empujón"; atal horretan aztertzen da sektorea nola zegoen Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Estazioa sortu baino lehen eta gero. Laugarren kapitulua, "Espiritualidad", Nafarroako komentu eta monasterioek mahastiekin duten harreman estuari buruzkoa da. Bosgarren kapitulua, "Turistas del Vino", turismo enologikoari buruzkoa da, izenburuak dioen moduan. Atal horretan egileak ardoa jolasaren ikuspegitik jorratu du eta turistari erkidegoko paisaia, kultura eta ohiturak zertan diren azaldu dizkio; era horretan, Nafarroako bizimodua eta idiosinkrasia islatu ditu. Seigarren kapitulua, "La Fiesta", ardoaren jai eta kultura alderdiari eta alderdi ludikoari buruzkoa da. Atal horretan agertzen dira Nafarroako Ardo Elkartea eta beste erakunde batzuk, Corellako El Tonel lagunartea, adibidez.


Azkeneko hiru kapituluetan, autoreak mahastizaintza eta ardogintza maparen bilakaera historikoa azaldu du, "Los mapas cambiantes" izenburupean. "El oficio" delakoan, Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen aurrekariak azaldu ditu, baita sektoreko kooperatibismoaren jatorria eta oraingo egoera, eta ardo nafarren kanpo sustapena ere. "La casa del vino" atala, azkenik, Nafarroako upategien arkitekturari buruzkoa da. Liburua Nafarroako upategien zerrendarekin (sorreraren arabera antolatuta daude), terminoen glosarioarekin eta bibliografiarekin osatu du egileak.


Guztira 2.000 ale argitaratu dira eta ale bakoitza 30 euroan dago salgai.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa