(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lizarrako Erdi Aroko Ikasketen Aste berria uztailaren 20tik 24ra ostirala, 2009.eko maiatzak 29

Hona hemen aurtengo gaia: “Aberatsak eta pobreak: ugaritasuna eta deserrotzea Erdi Aroko Mendebaldean”.


Erdi Aroko Ikasketen Astea

Erdi Aroko Ikasketen Asteko egitarauaren azala.

Nafarroako gobernuak, Kultura eta Turismo departamentuaren bitartez, Lizarrako Erdi Aroko Astearen 36. edizioa antolatu du. Jardunaldiak Nafarroako Erregeen Jauregian izango dira, uztailaren 20tik 24ra, eta gai hau landuko da: "Aberatsak eta pobreak: ugaritasuna eta deserrotzea Erdi Aroko Mendebaldean”. Asteko egitarauaz gain, aurkeztu dituzte 35. edizioko akten liburua eta Jose Maria Lacarraren obraren hirugarren liburukia.

Aurten, Erdi Aroko Ikasketen Astean aditu hauek parte hartuko dute: Nicasio Salvador Miguel, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa; Giuliano Pinto, Università degli Studi di Firenze unibertsitatekoa; Gabriela Piccini, Università degli Studi di Siena unibertsitatekoa; Giacomo Todeschini, Università degli Studi di Trieste unibertsitatekoa; Ariel Toaff, Bar Ilan University unibertsitatekoa; María Isabel Fierro, CSIC erakundeko Arabiar Ikasketen sailekoa; Mª Carmen Lacarra, Zaragozako Unibertsitatekoa; Giuseppina Muzzarelli, Università degli Studi di Bologna unibertsitatekoa; Gian Piero Nigro, Fondazione Istituto Int. di Storia Economica “Francesco Datini” di Prato erakundekoa; Paulino Iradiel Murugarren, Valentziako Unibertsitatekoa; Chris Dyer, Leicesterreko Unibertsitatekoa; Mercedes Borrero Fernández, Sevillako Unibertsitatekoa; eta Ricardo Córdoba de la Llave, Kordobako Unibertsitatekoa. 

Erdi Aroko Ikasketen Astean izena ematea 100 euro kostatzen da. Izena ematen dutenak saio guztietara bertaratu daitezke, baita uztailaren 22an egingo den txangora ere, eta aktak jasoko dituzte, argitaratzen direnean (2010eko maiatzean). Lizentziatura egiten ari direnek (baldin eta lansaririk edo pentsiorik ez badute) eta lanik gabe dauden lizentziatuek %50eko beherapena izango dute.

Izena emateko azkeneko eguna ekainaren 15a da; bekak, berriz, apirilaren 27ra arte eska daitezke. Lokalean ehun pertsona inguru sartzen direnez, Batzorde Zientifikoak aukeraketa irizpideak ezar ditzake.

Erdi Aroko Ikasketen Astea antolatzen dutenek bekak eta beka erdiak ematen dituzte. Orain arte 37 eskari jaso dituzte, honako lurralde hauetatik: Errioxa, Katalunia, Andaluzia, Aragoi, Perugia, Madril, Trieste, Sciacca, Erroma, Valentzia, Longre, Galizia, Gaztela eta Leon eta Nafarroa.

2008ko edizioko aktak argitaratu dira dagoeneko, mila ale, hain zuzen. Argitalpenean estatuko unibertsitateetan Erdi Aroari buruzko eskolak ematen dituzten irakasleen zerrenda bat ere jarri dute. Halaber, Jose Maria Lacarraren obraren hirugarren liburukiaren mila ale argitaratu dira eta laugarrena egiten ari dira. 

Erdi Aroko Ikasketen Astea 1964an egin zen lehen aldiz. Urte hartan Santiago Bidearen Lizarrako Lagunen Elkarteak antolatu zuen. Principe de Viana erakundea berehala agertu zen prest laguntzeko eta 1966tik gastuen eta antolaketaren parte bat bere gain hartu zuen. Lehen etapa hartan asmoa zen “udarako unibertsitate” baten modukoa antolatzea eta jardunaldiak uztailaren bigarren hamabostaldian egiten ziren. Bi pertsona izan ziren garrantzitsuenak: garai hartan elkarteko buru zen Francisco Beruete eta Zaragozako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako katedradun Jose Maria Lacarra. Orduan ere kultur ekintza osagarriak egiten ziren, oro har musikalak, Klaratarren Komentuan.

1991n, hamar urte baino gehiagoko atsedenaldiaren ondoren, saioak antolatzeari ekin zieten berriz, beste ikuspegi batekin; horrela antolatu zen 18. edizioa. Batzorde Zientifiko bat osatu zuten eta batzorde horrek erabakitzen zuen jardunaldietako eduki akademikoa. Antolaketa lana, berriz, Kultura Zuzendaritza Nagusiak hartu zuen bere gain, berezko kultur jardueretan integratuta. Ordudanik urtero antolatu da Astea eta aktak argitaratu dira, udaberrian. Lizarrako Erdi Aroko Ikasketen Astea antolatzen asko laguntzen dute, gainera, Lizarrako Udalak (kultur jarduera osagarriak antolatzen ditu, jende guztiarentzat), Santiago Bideko Lagunen Elkarteak eta Lizarrerriko Ikerketa Guneak.
Dokumentazioa:
Semana de Estudios Medievales de Estella

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa