(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian “Nafarroako Zuzenbidea” erakusketa egongo da ikusgai abendura arte osteguna, 2009.eko ekainak 4

Erakusketa Nafarroako Gobernuak antolatu du, Abokatuen Elkargoarekin batera, eta Sanz presidenteak inauguratu du


Nafarroako Zuzenbidea erakusketa.

Nafarroako Zuzenbidea” erakusketaren inaugurazioko presidentetza mahaia. ( irudia handitu )

“Nafarroako Zuzenbidea” erakusketa Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz Sesmak inauguratu du gaur goizean. Erakusketa abendura arte egongo da ikusgai Nafarroako Errege Artxibo Nagusian.

Erakusketa antolatu dute Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo departamentua medio, eta Iruñako Abokatuen Elkargoak, Espainiako Abokatutza Biltzarra Iruñan egingo baita hil honetan. Erakusketaren helburua da Foru Erkidegoaren sustrai juridikoak zertan diren azaltzea.

Gauzak horrela, erakusketako gai nagusia Nafarroaren berezko zuzenbidea da, tradizioz foruari lotzen zaiona. Erakusketa era guztietako jendearentzat dago pentsatua eta grafikoa da. Lehenbiziko atala Abokatuen Elkargoari buruzkoa da, erakunde horrek sustatu baitu erakusketa. Atal horretan daude abokatuei buruzko testu historikoak, Erdi Arokoetatik hasita; lehen elkargoaren osaera eskaria; estatutuen proposamenak; Abokatuen Elkargoaren eraketa akta; eta abokatutzarekin zerikusia duten objektuak.

Gero, Nafarroako zuzenbidearen ibilbidea agertzen da, sortu zenetik gaur arteraino. Ibilbidea hasteko zuzenbidea eta foruak zer diren azaltzen da, panel batean. Panel horretan daude jasota, baita ere, erkidegoaren gertakari eta egoera historiko nagusiak.

Erakusketa lau etapatan dago egituratua, garai historiko bakoitzean Nafarroak izan duen egoeraren arabera. Une erabakigarrienak hauek dira: Nafarroa erresuma bereizi gisa eratu zen garaia; 1512. urtea, Fernando Katolikoaren konkistakoa, eta 1515. urtea, Nafarroa Gaztelako Koroan sartu zenekoa; XIX. mendeko konstituzionalismoa eta 1841. urteko Lege Itundua; eta 1978. urteko Konstituzioak eragindako “konstituzionalismo berria”. Gertakari horiek kontuan hartuta, Nafarroako zuzenbideak lau etapa dituela esan dezakegu: erresuma independente baten berezko zuzenbidea, Gaztelako Koroari lotutako erresumaren zuzenbidea, foru probintzia izan zeneko zuzenbidea eta foru erkidego gisa daukan zuzenbidea.


Nafarroako Zuzenbidea erakusketa.

Erakusketaren inauguraziora bertaratu den jendea. ( irudia handitu )

Objektuei dagokienez, honako hauek dira garrantzitsuenak: lurraldeen mugadun mapak, jatorrizko foruak, erregeak altxatu zireneko irudiak, juramentuen ebanjelioak, Gorteetako aktak, hautestontziak, erakundeen dokumentuak eta argazkiak, legezko testuak, errege etxeen ordezkaritzak, foru erregimenak bizitako arrisku uneak, Nafarroako foru zuzenbide zibila biltzeko prozesua eta foruaren hobeagotzea.

Erakusketa antolatze aldera, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentuak eta Iruñako Abokatuen Elkargoak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten joan den asteartean. Erakusketa 68.995 euro kostako da: Kultura eta Turismo departamentuak 48.995 euro jarriko ditu eta Abokatuen Elkargoak 20.000 euro. Azkenik, katalogo bat argitaratuko dute (mila ale) eta gastuak erdi eta erdi ordainduko dituzte bi erakundeek. 


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa