Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Osasun Zerbitzuko lan batek haur eta gazte psikiatriari buruzko nazioko kongresuan saria jaso du
osteguna, 2009.eko ekainak 11
Ikerketaren oinarria garapenaren erabateko nahasmenduak dira, espektro autistaren desordenak ere deituak
María Antonia Ramos Arroyo medikuak, Virgen del Camino ospitaleko Genetika Zerbitzuko espezialistak, eta María José Aibar Luis “Natividad Zubieta” haur-gazteen buru-osasuneko zentroko psikologo klinikoak gaur goizean Espainiako Haurren eta Nerabeen Psikiatria Elkarteak azken bileran saritutako ikerketa aurkeztu dute, alterazio genetikoei eta garapenaren erabateko nahasmenduei (GEN) buruzkoa, espektro autistaren desordenak ere deituak.
Kongresuan aurkeztutako posterraren (ikerketaren laburpena) izenburua “Zitogenetikako eta zitogenetika molekularreko azterketak garapenaren erabateko nahasmenduen sorreran parte hartzen duten geneen alterazio kromosomikoak antzemateko” da, eta Virgen del Camino ospitaleko eta “Natividad Zubieta” zentroko espezialistek modu diziplinartekoan egindako ikerketaren emaitza da. Hiru urtez garatutako lan-proiektu zabalago baten atala da. Nafarroako Gobernuak 55.000 eurorekin finantzatu du proiektua eta erakunde pribatuen ekarpen ekonomikoa ere izan du.
Zehatz esanda, saritutako azterlanean, GEN diagnostikatuta duten Foru Komunitateko 3 eta 20 urte bitarteko 86 neska-mutilekin (1989 eta 2006 bitartean jaioak) egindako ikerketaren ondorioak aurkezten dira. Azterlanaren helburua nahasmendu hauek jasateko suszeptibilitate-geneak izan ditzaketen inguru genomikoak definitzea da, zitogenetika molekularraren teknika berriak aplikatuz.
Garapenaren erabateko nahasmenduak (GEN) GEN edo espektro autistaren desordenek hainbat gaixotasun biltzen dituzte, hala nola autismoa, autismo atipikoa, Rett sindromea eta Asperger sindromea, eta guztietan alterazioak gertatzen dira portaeraren hiru esparrutan: gizarte-interakzioa; hizkuntza, komunikazioa eta irudimen-jokoa; eta interesen eta jardueren magnitudea. Nahasmendu horietako gehienen oinarria genetikoa da, baina gaur egun kasuen %10 bakarrik identifikatu daitezke.
Nafarroan, motaren bateko GEN duten neska-mutilen tasa 500etik 1 da, eta gizonezkoen artean ehunekoa handiagoa da (gutxi gorabehera 4 gizon emakume bakoitzeko), eta batez besteko horrek nazioko eta munduko batez bestekoarekin antz handia du. Zehatz esanda, autismoaren kasuan, tasa 10.000tik 4,9 da gutxi gorabehera. 1990etik bilakaera konstantea da, baina detekzio goiztiarrari esker eta osasun-profesionalek nahasmendu hauek hobeto ezagutzen dituztenez, orain neurri handiagoan diagnostikatzen dira.
Kasu hauetan erabilitako terapian, batez ere, jokabide-psikologia edo okupazio-terapiak erabiltzen dira, baina kasu batzuetan farmako jakin batzuk ere erabiltzen dituzte.