(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ultzamako zortzi udal eraikinek biomasan oinarrituta beroa banatzeko sistema erabiltzen dute asteartea, 2009.eko ekainak 23

Proiektuari esker berogailua eta ur beroa izan daitezke hainbat instalaziotan, hala nola igeritokian, osasun-zentroan, gizarte-etxe, frontoian eta kiroldegian


Biomasa Ultzaman

Roig kontseilaria eta alkatea, Ultzamako igeritokian. ( irudia handitu )

José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak, Patxi Pérez alkateak lagunduta, Ultzaman biomasan oinarrituta beroa banatzeko proiektura bildutako udal eraikinak bisitatu ditu. Horretarako, Nafarroako Gobernuak 267.000 euroko diru-laguntza eman du, energia-efizientzia babesteko eta energia berriztagarriak sustatzeko politikaren barruan.

Instalazio horietan, besteak beste, udal igeritokiko ura girotzeko haraneko zurarekin elikatutako beroa banatzeko sistema erabiltzen da. Roig kontseilariak adierazi duenez, proiektu hau Espainian aitzindaria da, ezaugarriei eta neurriari erreparatuz gero, eta haraneko zur-baliabideak aprobetxatzen dira, energia-autonomia handiagoa lortzen da eta kostu ekonomikoak txikiagoak dira.

Era berean, Nafarroako Gobernuak ekimen berritzaileei eta energiaren aldetik iraunkorrak direnei babes ekonomikoa ematen diela adierazi du, eta Ultzamako Udala beste udalerri eta entitate batzuentzat adibidea dela gogorarazi du, mota honetako jardunei esker Nafarroa energia berriztagarrien arloan liderra baita. 

Erabilitako teknologiei esker, efizientzia handitu eta berotegi-efektuko gasen igorpenak murrizten dira hainbat neurri ezartzeari esker, batez ere, galdaretan erregai konbentzionalaren ordez biomasa erabilita.


Biomasa Ultzaman

Sistemak baso-jatorriko biomasa erabiltzen du. ( irudia handitu )

Proiektu honen bidez, bero-ekoizpenaren kostua 140.000 euro baino gehiago murriztu nahi da urtean. Horri esker, eraikin publikoetan baliabide termikoa eskuragarriagoa izango da eta barrualdeko baldintzak hobetu egingo dira.


Ultzama hamalau kontzejuk osatzen dute, biztanle-nukleo independente eta sakabanatuek. Hala ere, horiek biltzen dituen udalak eskumen gehienak ditu eta zerbitzu gehienak eskaintzen ditu. Proiektuan adierazitakoaren arabera, Ultzamak abantaila handia du proiektua egiteko, jarduera eta eraikin publiko gehienak Larraintzar herrian baitaude, metro gutxiren barruan. Orain arte, eraikinetan gasolio-galdarak zeuden, batzuk hogeita hamar urtekoak baino zaharragoak, eta gutxi gorabeherako kontsumoa 150.000 litro zen urtean. Sistema berriarekin, energia-aurrezkia %24,65ekoa izan daiteke.

Berogailu-sistemak hiru galdara ditu, 800 Kw-ko potentziarekin guztira, eta esparru bakoitzean azpiestazio indibidualak daude kontsumo-neurgailuekin eta urrutiko kontrolarekin internet bidez. Galdara nagusiak 700Kw ditu eta baso-jatorriko mota guztietako biomasa erabiliko du (zura, ezpalak eta nekazaritzako hondarrak). Beste bi galdarak lagungarriak dira “pellet” izenekoentzat, bakoitzak 48 Kw-ko potentzia du, eta bero-eskaera txikiagoa duten hilabeteetan erabiliko dira. Biomasa bi silotan pilatzen da, baso-jatorriko biomasa hirurogeita hamar metro kubikoko siloan eta “pellet” izenekoak hogeita hamar metro kubikoko siloan.

Ur beroaren sistema ponpen bidez bultzatzen da, hiru hodiko sistemaren bidez (joan-etorria), berogailu-fluxua zirkuitu primarioan banatzeko eta ur hotza etxeko ur beroa sortzeko.

Biomasa-teknologia hautatzeko alderdi hauek hartu dira kontuan: merkatuan dauden biomasa termikorako teknologiak, behar den besteko garapena eta ezarpena dutenak; erregaiak eskura egotea; erabilitako erregaiaren ingurumen-inpaktua neutroa izatea; eraikin batzuetan egon dagoen galdara berehala ordeztea, eta berogailu-aukera aire zabaleko igeritokian, araudiak erregai fosilekin egitea debekatzen du eta.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa