Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Osasun Zerbitzuko larrialdien atalean 448 pertsona hartu dituzte San Fermin jaietako lehen lau egunetan
ostirala, 2009.eko uztailak 10
Gehienbat askotariko zauriak eta erasoak tratatu dituzte
Nafarroako Osasun Zerbitzuko arreta espezializatuko sarean, larrialdi zerbitzuetan, 448 pertsona hartu dituzte San Fermin jaietako lehen lau egunetan, jaietan gertatutako ezbeharren ondorioz. Larrialdi zerbitzuak daude San Martin anbulatorioan (lehen Solchaga jenerala esaten zitzaion), Nafarroako Ospitalean eta Virgen del Camino Ospitalean.
Uztailaren 9ra bitartean, Nafarroako Ospitalean eta Virgen del Camino Ospitalean guztira 178 pertsona hartu dituzte eta San Martin anbulatorioan 270. Kopuru horretan ez dira sartzen entzierroan gertatutako ezbeharrengatik kaltetutakoak.
Jende gehien San Fermin egunean, uztailaren 7an, hartu zuten: 142 pertsona, hain zuzen. Uztailaren 8an 112 pertsona sendatu zituzten, uztailaren 6an 114 eta uztailaren 9an 80.
Patologiei dagokienez, gehienak zauriak (209) eta erasoak (56) izan dira. Gainerakoak ezbehar orokorrak edo identifikatu gabeak eta kausa espezifikoak dira. Guztira, alkoholarekin intoxikatutako 51 pertsona hartu dituzte eta beste droga batzuekin intoxikatutako 7 pertsona. Horiez gain, 20 pertsonek erredurak zeuzkaten eta 6 pertsonek ubelak.