Ikusi egun honetako albiste gehiago
Cultur programaren edizio berria Nafarroako leku turistikoetan ibiliko da, abuztuaren 30era arte
asteazkena, 2009.eko uztailak 15
Kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak eta ardo dastatzeak antolatu dituzte 27 herri eta interesguneetan
2009ko Cultur programaren kartela
Cultur programaren edizio berria uztailaren 17an hasi eta abuztuaren 30ean amaituko da. Denbora horretan hainbat kultur ekitaldi egongo dira Foru Erkidegoko leku turistikoetan.
Cultur programa Nafarroako Gobernuak antolatzen du, Kultura eta Turismo departamentuaren bitartez. Helburua da turistak Nafarroan gustura egotea. Programa, beraz, udaran Foru Erkidegora bisitan etortzen den jendeari dago zuzendua. Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte, 27 herri eta interesguneetan egiteko.
Gauzak horrela, Irantzuko monasterioko klaustroa, Orreagako errege kolegiata eta Los Arcos, Viana, Gares eta Oliteko elizak kontzertuetarako eszenatoki bihurtuko dituzte, eta musika ekitaldiak egongo dira, baita ere, Iratiko Oihanean eta Orgiko Hariztian. Horrez gain, Otsagabia, Elizondo eta Lekunberriko kaleetan tradizioa eta folklorea egongo dira ikusgai: dantza ikuskizunak, herri kirolak eta artisauen erakusketak egingo dituzte. Gainera, Lizarra eta Zangozako oinetxe eta jauregietan artista nafarren musika berria egongo da entzungai; Nafarroako artistak dira, hain zuzen, Cultur programako protagonista garrantzitsuenak. Pintura eta eskultura erakusketak ere egongo dira, Oliteko errege jauregian, Bertizko Jaurerrian eta Agoitz eta Lekunberriko kultur etxeetan, hain zuzen.
Azkenik, aurreko urteetan bezala, Leireko eta Olivako monasterioetan bezperak kantatuko dituzte.
- Dokumentazioa:
- cultur2009.pdf