Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak 150.000 euroko dirulaguntzak bideratu ditu gizarte-boluntariotza programetarako
osteguna, 2009.eko abuztuak 13
Deialdiaren xedea da norberaren autonomia sustatzea eta gizarte-zerbitzuetako erakundeen menpetasuna prebenitzea
Nafarroako Gobernuak 150.000 euroko dirulaguntzak bideratu ditu aurten, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bitartez, gizarte-boluntariotzaren arloan aritzen diren gizarte-zerbitzuen erakundeetarako, autonomia sustatzeko eta menpetasuna prebenitzeko programak garatze aldera. Hala jasotzen da Maria Isabel García Malo kontseilariaren foru-agindu batean. Agindu hori, hemendik gutxira argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Dirulaguntza hauen helburu zehatza da boluntariotzaren arloan lanean diharduten elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen ekintzak sustatzea eta bultzatzea. Ekintza horiek, artatutako taldeen beharrak asetzeko nahiz bizitza independentea sustatzeko dira; bai eta haien menpetasuna prebenitzeko ere.
Aurkeztuko diren programei dagokienez, mota honetakoak izan beharko dute: boluntarioak erakartzeko, sentikortzeko, zabaltzeko eta sustatzeko programak; boluntarioen jarduerak koordinatzeko programak; barne nahiz kanpoko prestakuntza gai horretan edo autolaguntza-taldeak eta boluntarioak sustatzea arazo bera partekatzen duten pertsonen artean.
Halaber, beste programa hauek ere barne hartzen dira: erakundeen bitartez komunitateko gizarte-bizitzan sartzeko laguntza behar duten beste pertsona batzuei laguntzeko ekintza solidarioetan parte hatzen duten boluntarioek egindako programak eta erakunde bateko kideak erakunde horren zenbait programetan boluntario gisa parte hartzeko aukera ematen dutenak..
Aurkeztutako programaren jarduerek eta langileek eragindako gastuak finantzatuko dira. Halaber, salbuespen gisa, programaren funtzionamenduarekin zerikusia duten gastuak finantzatu ahalko dira.
Interesa duten erakundeek 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, NAOn deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.