(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Obenasari esleitu dizkiote Iruñako Justizia Jauregia handitzeko lanak, 4,4 milioi euroren truke asteazkena, 2009.eko abuztuak 26

Lizitazio-prezioa %29 beheratu dute


Iruñako Justizia Jauregia

Gobernuak Obenasari esleitu dizkio Iruñako Justizia Jauregia handitzeko lanak.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Obras Especiales de Navarra S.A. (Obenasa) enpresari esleitu dio Iruñako Justizia Jauregia handitzeko lanen kontratua, 4.429.546,35 euroren truke (BEZ barne), hau da, lizitazio-prezioa baino %29,07 gutxiago (6.245.233,73 BEZ barne).

Enpresak betearazpen epea murriztea ere eskaini du, kontratazio-iragarkian ezarritako 20 hilabetetik 16 hilabetera. Justizia Zuzendaritza Nagusiak dituen zenbatespenen arabera, lanak irailean hasi eta 2011ko lehen hiruhilekoan amaituko dira. Jauregia 2011ko udaberrian irekitzea aurreikusita dago, ekipamenduz hornitzeko eta abian jartzeko faseak amaitu ondoren.

Roberto Rubio Torrano Justizia zuzendari nagusiak lanak esleitzeko ebazpena sinatu du. Nafarroa 2012 Planaren lehentasunezko 90 jardunetako bat da eta 2009, 2010 eta 2011ko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da. Lizitaziorako eskaintzak aurkezteko epea apirilean hasi eta joan den ekainaren 8an amaitu zen. 16 enpresa aurkeztu ziren.
Nafarroako Gobernuak apirilaren 20an baimendu zuen lizitazio hori. Jauregia handitzeko proiektuaren barruan, Iruñako Justizia Jauregiaren hegoaldeko moduluan bi solairu gehituko dira. Jauregian bi modulu daude, eta horietako batean 2003an bi solairu gehitu ziren, kasu horretan ere, Obenasa tartean zela. Modu horretan, San Roque etorbidera orientatutako eraikinean, sarrera nagusia hartzen duen horretan, bosgarren eta seigarren solairua eraikiko dira. Lanak amaitu ondoren, 3.325 metro koadro eraiki gehiago egongo dira, hau da, egon dagoen azalera %22 handituko da: gaur egun 15.099 metro koadro daude, eta lanak amaitu ondoren, 18.424. 

Berrikuntza honen bidez Iruñako Justizia Jauregian behar den besteko espazioa sortu nahi da gaur egungo zuzkidurak berrantolatzeko eta epe labur eta ertainean aurreikusitako epaitegi berrien hazkundeari aurre egiteko. Horrela, Jauregiaren barruan organo judizial guztiak egongo dira, herritarren joan-etorriak saihesteko eta areto erkideak albait gehien erabiltzeko (artxiboak, ikustaldietarako salak, etab.).

Era berean, lanotan instalazio batzuk berrituko dira eta energia-gastua eta ingurumen-inpaktua murriztuko dira. Eraikineko zazpi igogailuetatik bost aldatuko dira (bi nagusiak, atxilotuen igogailua eta ekialdeko biak), edukiera, abiadura eta energia-etekina hobetzeko; teilatuan eguzki-plakak jarriko dira; girotzeko kanpoko makineria aldatuko da; eta argien sistema programatua jarriko da. 

Bi fase

Lanak bi fasetan garatzea aurreikusi da, lanak eta eraikineko berezko jarduera bateratzeko eta, ahal den neurrian, langileei trabak saihesteko. Lehen fasean eraikinaren mendebaldean lan egingo da (horretarako, inguru horretako laugarren solairua hustuko da) eta alde honetan handitze-lanak amaitu ondoren, ekialdean hasiko dira (horretarako, inguru honetako laugarren solairua hustu beharko da).

Eraikina handitzeko proiektua Ángel Farinós Said arkitektoak idatzi du, Manuel Sagastume Ruizekin batera jatorrizko diseinua idatzi zuen berberak. Justizia zuzendari nagusiak onetsitako ebazpenean lanen zuzendaritzako laguntza-kontratua Ángel Farinós Saidi eman zaio, 160.080 euroren truke. 

Horrez gain, Tafallan eta Agoitzen Justizia Jauregi berriak egin dituzte (abian daude dagoeneko), Lizarran lanak egiten ari dira, eta Tuteran epaitegi berriak eraikiko dituzte epe laburrean. Horien guztien bidez eta Auzitegi Medikuntzako Erakundea eraldatuta, Nafarroan egoitza eta eraikin judizial guztiak berritzeko zikloa itxiko da. 
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa