(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilariak Jacques Lipchitzen marrazkiak eta eskulturak aurkeztu ditu Nafarroako Museoan asteartea, 2009.eko azaroak 17

Lipchitzen ondarea munduko museo garrantzitsuenetako bilduman dago jasoa eta Nafarroako Museoko erakusketan artistaren ibilbide osoa islatu dute


Lipchitzen artelanen erakusketa Nafarroako Museoan

Erakusketan ikusgai dagoen Lipchitzen eskultura bat. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramon Corpas Mauleonek, “Jacques Lipchitz. Joie de vivre-tik bizitzaren arbolara” erakusketaren aurkezpen egin du gaur goizean. Erakusketa gaur arratsaldetik 2010eko otsailaren 21era arte egongo da ikusgai Nafarroako Museoan. Kontseilariarekin batera egin dira artistaren semea, Hanno Mott, eta erakusketako komisarioa eta katalogoko testuen egilea, Kosme de Barañano; Barañano Artearen Historiako katedraduna da.

Erakusketa gaur inauguratuko dute, gaueko 20.00etan. Erakusketan daude New Yorkeko Jacques & Yula Lipchitz Fundazioak utzitako 153 obra, paperean eginak, horietatik 132 marrazkiak eta 21 grabatuak. Horiez gain, Nazioarteko Marlborough Galeriak utzitako 11 eskultura daude. Obra horiek Jacques Lipchitz eskultorearen ibilbide osoaren isla dira: XX. mendeko bigarren hamarkadatik hasi eta 1972ra arteko artelanak daude.

Erakusgai dauden marrazki gehienak paper-zorro handi batean gordeta eduki dituzte artista hil zenetik, hau da, 1973tik, 2006. urtearen hasierara arte. Beste batzuk Hastings-on-Hudsonen artistak argazkigintza estudio gisa erabiltzen zuen tailer batean agertu ziren, hainbat paper-zorro eta kutxatan, 2008an.

Erakusteko asmoarekin egin zituen marrazkiak paper onean marraztuta eta sinatuta daude. Beste batzuk, ordea, gutun-azaletan edo artistak inspirazio une horretan eskura zeukan edozein paperean eginda daude, trazu bizkorrekin. Eskulturen zirriborroak ere badaude, behin eta berriz errepikatuta. Marrazkietan eta hamaika eskulturetan ikusten da Lipchitzek artelanak nola sortzen zituen, eskulturez gain hasierako ideiak ere ikusgai baitaude.


Lipchitzen artelanen erakusketa Nafarroako Museoan

Erakusketan ikusgai dagoen Lipchitzen marrazki bat. ( irudia handitu )

XX. mendeko artista handia

Jacques Lipchitz eskultore lituaniarraren obra nazioarteko arte aditu nagusiek eta museoko zuzendari ospetsuenek izan dute hizpide. Lipchitzen artelanak munduko museo garrantzitsuenen bildumetan daude: New Yorkeko Metropolitan Museoan, Jerusalengo Israelgo Museoan, Londreseko Tate Museoan, Rotterdamekoan eta Bilboko Arte Ederren Museoan, besteak beste. Artelan publikoak ikusgai daude, adibidez, Filadelfian, Erroman eta Parisen.

Lipchitz XX. mendeko eskultore handienetako bat da, Picasso, Brancusi, Laurens, Giacometti eta Moorekin batera. Druskienikin jaio zen 1891. Orduan herria Errusiaren mende zegoen; gaur, ordea, Lituaniako herria da. Lipchitz Parisera joan zen eta kubismoari atxiki zitzaion. Gero kubismotik askatu egin zen eta ibilbide oso pertsonal bati ekin zion eta figurazioari ekin zion. Figurazioan oinarrituta Bibliako gaiak landu zituen, tradizio judutar zein kristaukoak, baita gai mitologikoak ere (greziarrak eta erromatarrak), mezu sozialekin nahastuta.

Erakusketaren ordutegia hau da: asteartetik larunbatera, 9.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara. Igande eta jaiegunetan 11.00etatik 14.00etara egongo da irekita eta astelehenean Museoa itxita egongo da.

Jarduera didaktikoak

Bisita gidatuez gain, Eguberritako oporretan haurrentzako tailerrak egingo dituzte, erakusgai dauden obrei buruzkoak, abenduaren 29an, 30ean eta 31n, goizeko 10.30etik eguerdiko 13.30era. Lau urtetik gorako haurrek parte har dezakete; haurrak bi multzotan banatuko dituzte, adinaren arabera. Izena Nafarroako Museoan eman behar da, azaroaren 21etik aurrera, ordutegi honetan: asteartetik larunbatera 9.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara; eta igandetan 11.00etatik 14.00etara. Hiru saioetarako prezioa 20 eurokoa da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa