(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Neguko basozaintza kanpaina martxan jarri du Nafarroako Gobernuak osteguna, 2010.eko urtarrilak 21

Oronoz-Mugairiko eta Auritzeko suhiltzaile parkeetan 28 laguntzaile gehiago eta Ingurumen Ministerioak utzitako bi talde jarri dituzte


Suhiltzaileak Perdon mendatean

Nafarroako Gobernuak neguko basozaintza kanpaina jarri du martxan. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak basoetan suteak prebenitzeko eta itzaltzeko neguko kanpaina jarri du martxan. Hala, apirila erdialdera arte baliabide material eta giza baliabide gehiago jarri dituzte, larre naturalak hobetzeko eta basozaintza lanetarako piztutako suek eragiten dituzten kontrolik gabeko suteei aurre egiteko.

Kanpaina hori 2002tik antolatzen dute Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioarekin elkarlanean. Kanpainak bi atal dauzka, bereiziak baina osagarriak. 

Batetik, abeltzainei erreketetan laguntzen diete (erreketa prebentiboetan); hori, 501/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren eta baldintza jakin batzuen arabera, eta Ingurumen Departamentuak aurretik baimena emanda. 

Erreketa sustatzen duenak dauka segurtasuna bermatzeko erantzukizuna (jende eta bitarteko nahikoa jarrita). Dena den, giroaren arabera (haizea, beroa, e.a.), basoetako suteak prebenitzeko bi taldeen laguntza jasotzen du: Eprif taldearena eta Pirinioetako taldearena. Lehena Ministerioak bidaltzen du Baztan-Bidasoara eta Oronoz-Mugairiko parkean dauka egoitza; bigarrenaren egoitza Auritzeko parkea da. Talde horiek Nafarroako Larrialdi Agentziako eta Ingurumen Departamentuko langileekin elkarlanean egin dute lan eta, Foruzaingoak bezala, arauak betetzen direla zaintzen du. Baimenak martxoaren 12ra arte eskatu daitezke eta erreketak egiteko azken eguna apirilaren 19a da. 

Kanpainako plangintza aurreko urteetakoaren antzekoa da. Hala ere, berritasun bat dauka: esperimentu gisa eta suteak prebenitze aldera, talde mistoek (Ingurumen Departamentuko, NLAko eta Eprif taldeko langileez eta suhiltzaileez osatuek) sua baliatu dezakete (su teknikoa) suteak hasteko edo hedatzeko arrisku handia duten eremuak erretzeko (aurrez suteak izandako eremuak; landaretza mota; lurzoruaren erabilera; herri, industria edo baserriekiko gertutasuna, e.a.). Sasiak kentzeari ere garrantzia emango zaio. 

Horren harian, 2009ko neguan Landa Garapen eta Ingurumen departamentuak 2,35 milioi euro inbertitu zituen basoko suteak prebenitzeko zuzeneko ekintzetan; eta 2008. urte osoan 7,85 milioi euro basoak hobetzeko zeharkako ekintzetan: basozaintza, suebakiak, sasi garbiketak, sail gazteen zaintza, garbiketak, e.a. Partida horiei guztiei eutsi egin zaie. 

Gainera, Nafarroako Larrialdi Agentziak 28 laguntzaile kontratatu ditu (2009an baino lau gehiago) Oronoz-Mugairiko eta Auritzeko parkeetan lan egiteko (18 gidari laguntzaile eta 10 peoi laguntzaile). Baliabide materialei dagokienez, Oronozeko eta Auritzeko parkeetan basoko autoponpa bat eta langileak garraiatzeko ibilgailu bat gehiago edukiko dituzte, baita zortzi zorro itzaltzaile ere. Aurreko urteetan bezala, Nafarroako Gobernuko helikoptero batek prebentziozko zaintza egingo du sua pizteko arrisku gehiago dagoen egunetan; hori, eguraldi iragarpenen arabera. 

2009ko kanpaina

2009ko neguko kanpainan 462 hektarea erre ziren Nafarroan, horietatik 49,6 zuhaiztiak. Sute gehienak gertatu ziren larreak hobetzeko edo basozaintza lanetarako piztu eta kontrolik gabe geratutako suengatik. Hilabeteka, urtarrilean 4 hektarea erre ziren, otsailean 202 eta martxoan 256. Apirileko datuak ez ziren nabarmenak izan. Prebentzio neurriak hartu eta Eprif taldeak lanean aritu ziren arren, Baztanen 250 hektarea erre ziren, aurreko urtean baino %50 gutxiago. 

Gainera, kanpainak iraun zuen denboran, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak erreketak egiteko 359 eskari jaso zituen; 2008an 342 egin zituzten eta 2007an 327. Foruzaingoko Ingurumen Brigadako patruilek 216 sute ikuskatu zituzten azaroa eta martxoa bitartean, eta 34 salaketa administratibo bideratu zituzten, arau hausteengatik; gainera, atestatu bat egin zuten, basoan sutea piztu eta delitu egiteagatik.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa