(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernua lokal jakin batzuk karbono monoxido detektagailuak jartzera behartzeko aukera aztertzen ari da asteartea, 2010.eko otsailak 9

Gogorarazi du berokuntza eta gas instalazioak baimendutako enpresek muntatu eta zaindu behar dituztela


Nafarroako Gobernua lokalak karbono monoxido detektagailuak jartzera behartzeko aukera aztertzen ari da, Mutiloabeitin gertatutako ezbeharra dela eta. Mutiloabeitin, izan ere, 27 haur eta 7 heldu intoxikatu ziren. Foru Gobernuak aztertuko du egokiena zer den: neurri hori ezartzea edo, bestela, gaiari buruzko araudia aldatzea. Indarrean dagoen legeriaren arabera, Espainian ez dago era horretako gailuak jartzeko obligaziorik; beraz, Nafarroa litzateke ekimena aurrera eramaten lehena.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak adierazi du oso garrantzitsua dela gas instalazioen segurtasun araudiak betetzea, ikuskapenak eta azterketak egitea eta leku guztiak behar bezala aireztatuta daudela bermatzea. Horren harian, gogoratu du karbono monoxidoa arnasteagatiko intoxikazioak saihestu daitezkeela. Gauzak horrela, gas detektagailuak jartzeko aukera gai horrekin zerikusia duten departamentu guztiek aztertuko dute, neurriaren baldintzak eta helmena zehazteko.

Edozein modutan, Nafarroako Gobernuak gogoratu du karbono monoxido detektagailuak jartzea prebentzio kontua dela eta neurri onena dela gas eta berokuntza instalazioak behar bezala zainduta edukitzea, segurtasun eta erabilera arauak eta gomendioak betetzea, eta mantentze eta berrikuntza lanak baimendutako enpresa eta profesionalek egitea. 

Izan ere, enpresa horiek bermatzen dute indarrean dagoen araudia betetzea eta instalazioak seguruak izatea. Alde horretatik, instalazioak martxan jartzen dituen enpresari instalazio ziurtagiria eskatu behar zaio.

Horren harian, urriaren 15ean araudi berri bat jarri zuten indarrean foru erkidegoan, berokuntza, ur bero, hozketa eta aireztatze instalazioen segurtasunari buruzkoa. Arautegi horretan Eraikinetako Instalazio Termikoen Arautegia garatzeko arauak ezarri zituzten. 

Arau horien oinarrizko irizpideak dira, batetik, instalazioen, etxebizitzen eta erabiltzaileen segurtasuna; eta bestetik, energia eraginkortasuna, hau da, gutxiago kontsumitzea. Araudi berrian dauden instalazioen derrigorrezko azterketak ezarri dituzte, bai segurtasunekoak, bai energia eraginkortasunekoak. Instalazioak 30 urte baino gehiago badauzka, segurtasuna urtean behin aztertu behar da; instalazioa 20 eta 30 urte artekoa bada, bi urtez behin; eta 15 eta 20 urte artekoa bada, hiru urtez behin. Energia eraginkortasunari dagokionez, instalazioa 5 eta 15 urte artekoa bada, bi urtez behin ikuskatu behar da. Alde horretatik, jabeen zeregina da zerbitzu tekniko ofizial gisa erregistratutako enpresak kontratatzea, derrigorrezko ikuskapenak egitea, instalazioen dokumentazioa gordetzea eta, galdara atmosferikoen kasuan, segurtasun kommutagailuak jartzea, ke kanpaidun sukaldeetan badaude. 

Gasa edo karbono monoxidoa dagoela antzeman bezain laster, lokalak aireztatu egin behar dira, ez da argirik piztu behar eta kanpora atera eta 112 telefonora deitu behar da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa