Ikusi egun honetako albiste gehiago
Tokiko erakundeei diru laguntzak emateko deialdia onetsi da gazteriako politikak sustatzeko
osteguna, 2010.eko otsailak 25
325.000 euroko gastuarekin, 2009ko azaroaren 1a eta 2010eko azaroaren 30a bitartean garatutako ekimenak lagundu daitezke
María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak tokiko erakundeei diru laguntzak emateko deialdia onetsi du, 2009ko azaroaren 1a eta 2010eko azaroaren 30a bitartean garatutako gazteriako politika publikoak sustatu eta laguntzeko. Baimendutako gastua 325.000 eurokoa da.
Deialdi honetako diru-laguntzak hurrengo hauetara bideratuko dira: 2010ean gazteriako pertsonal teknikoa kontratatu eta sendotzeari dagozkion gastuak modu partzialean finantzatzera; 2009ko azaroaren 1a eta 2010eko azaroaren 15a bitartean egindako Gazteriako Tokiko Plana egitera, eta 2009ko azaroaren 1a eta 2010eko abenduaren 15a bitartean egindako gazte-jardueretako programetara, 30 urtetik beherakoentzat soilik eratuak egonik.
2010erako diru-laguntzaren eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea 45 egutegiko egunekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Deialdirako baimendutako aurrekontu-kreditua agortzen ez bada, ebazpenaren ostean eskaeren bigarren epea irekiko da. Epe berria ireki dela gutunez jakinaraziko zaie Nafarroako tokiko erakunde guztiei eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, behar den besteko aurrerapenarekin.
Deialdi honen atal desberdinetako diru-laguntzen eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu 2 hileko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.
Emandako diru-laguntzaren ordainketa diruz laguntzeko moduko jardunak amaitzean egingo da, justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren. Tokiko erakundeek deialdi honetara bildutako atal guztiengatik jaso dezaketen gehieneko zenbatekoa 45.000 eurokoa izango da.