Ikusi egun honetako albiste gehiago
García Malo kontseilariak Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen II. jardunaldia irekitzeko ekitaldian parte hartu du
osteguna, 2010.eko maiatzak 13
Topaketan zainketen garrantziari buruz gogoeta egin nahi da
María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak gaur gogorarazi duenez, oso garrantzitsua da bateratzea jorratzea “elkar-hartze sozialaren eta tokiko lidergoaren bidez”. Hala adierazi du ‘Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak: Diskurtsoak, baliabideak eta proposamenak zainketen eraikuntza berrirako’ jardunaldien II. edizioa irekitzeko ekitaldian. Ekitaldia gaur goizean egin da Civicanen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak bultzatuta. Topaketaren bidez zainketei buruzko gogoeta egin eta tokian tokiko itunen esperientziak bateratu nahi izan dira.
Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen programa 2005. urtean abian jarri zen esperientzia pilotu batekin, 14 udalek parte hartuta. Gaur egun 31 toki entitatek parte hartzen dute programa honetan. Programa hedatu eta egokitu egin da udaletara, mankomunitateetara, 30 udal baino gehiago biltzen dituen landa-garapeneko partzuergora eta auzo batera, Iruñeko II. zabalgunera. Itunetan parte hartzen duten eragileen 150 ordezkari baino gehiago jardunadira bertaratu ziren atzo.
García Malok azpimarratu duenez, “bateratzea ekoizpen-egiturak birdoitzea da, enplegatuen beharrizan pertsonalak eta familia-betebeharrak kontuan hartuta”. Horretarako, borondate politikoaz eta babes ekonomikoaz gain, nahitaezkoa da “elkar-hartze soziala eta tokiko lidergoa, toki esparrua herritarrengandik hurbilen dagoen esparrua baita”. “Lurralde batean bizi, lan egin edo lurraldea ordezkatzen duten pertsonek duten ezagutza oinarri da espazio bakoitzaren ezaugarrietara eta berezitasunetara egokitzen den lan elkarbanatuko programa diseinatzeko”, adierazi zuen kontseilariak.
Kontseilariaren ostean, Marcela Lagarde y De los Ríos diputatu ohiak eta irakasleak, Antropologiako doktoreak eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Antropologia eta Soziologiako Graduondokoen irakasleak hitz egin du. Marcela Lagarde ikerlari ospetsua eta feminismoaren esparruko aktibista da gainera. 2003 eta 2006 bitartean, Mexikoko feminizidioaren gaineko ikerketen jarraipena egin zuen Batzorde Bereziko lehendakaria izan zen.