(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Lehendakariak Nafarroaren Eguneko hitzaldian nabarmendu du krisia gainditzeko ezinbestekoa dela adostasuna lortzea eta immobilismoa alde batera uztea ostirala, 2010.eko abenduak 3

Foru Gobernuaren helburua nagusia da enplegua egonkortzea


Sanz Lehendakaria, urrezko domina emateko hitzaldian.

Sanz Lehendakaria, urrezko domina emateko hitzaldian. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, Miguel Sanz Sesmak, Nafarroaren Eguneko hitzaldi instituzionalean azpimarratu du erakunde, politika, enpresa, sindikatu eta gizarte arloetan adostasuna lortzea ezinbestekoa dela krisi ekonomikoaren eraginei aurre egiteko, batetik, eta lanpostuak sortzeko eta egonkortzeko neurriak sustatzeko, bestetik.

Akordio handiak lortzea da, orain, Foru Gobernuaren politika publiko guztien "helburu handi eta nagusia".

Sanzek Xabierko Frantziskoren egunean egin du Nafarroako Gobernuko Lehendakari gisa azken hitzaldia, eta itxaropena agertu du, esan baitu foru erkidegoa gai dela ekonomia krisi globalari arrakastaz aurre egiteko. Horren harian azaldu du Nafarroak modu aktiboan egin diela aurre nazioarteko merkatuko gorabeherei: "neurri, programa eta proiektuak onartu ditu krisiaren ondorio larriak arintzeko eta lanpostu galera murrizteko".

Lehendakariaren apustua da administrazioak "behar diren neurri guztiak hartzea enpresek funtzionatzen jarrai dezaten, zailtasunak ahal bezain ondo gainditu ditzaten, eta ekonomia eta enplegua sortuko dituzten enpresa berriak eratu ditzaten". Alde horretatik, Lehendakariak esan du ezinbestekoa dela maila guztiak ados jartzea, batik bat "gehiengoa daukaten alderdi politikoak", enpresaburuak eta sindikatuak, besteak beste. "Erabakiak adostuta bakarrik lor daitezke helburu garrantzitsuak —esan du—; adostasunik gabe, zailtasunak sortzen dira edonon eta konponbideak lortzea ezinezkoa da".

Sanz Lehendakariak adierazi du Nafarroa gai izan dela adostasunak lortzeko eta "dagozkion eskumenen esparruan, krisiaren eragin batzuk arintzeko neurriak hartzeko; hala, foru erkidegoaren "datozen hamarkadetarako norabidea zehaztuta dago", Moderna Planaren moduko ekimen estrategikoekin. Alde horretatik, akordio politiko eta instituzionalen formula estatu osoan zabaltzea komeni dela esan du.

"Espainiaren mesederako izango litzateke eta, ondorioz, baita Nafarroaren mesederako ere, gehiengoa duten alderdi politikoek erabaki garrantzitsuak hartzea, horrek konfiantza eta lasaitasuna eragingo lituzkeelako; izan ere, orain ez daukagu ez konfiantzarik, ez lasaitasunik, eta horrek egoera okertu egiten du eta krisia gainditzea zaildu", adierazi du.

Halaber, "immobilismoaren alde" egiten dutenen eta "ekaitza amaitu eta egoera leheneratu zain" daudenen jarrera politikoa gaitzetsi du. "Era guztietako politikariek diote zenbait askatasun ekonomiko arautu egin behar direla, lehengo neurrigabekeriak eragozteko, baina oinarri ideologikoak dauzkaten eztabaidak eta proposamenak besterik ez dituzte egiten. Ideiak falta dira eta, gainera, maila politikoa galtzeko beldurra dago: batzuk immobilismoa dute nahiago, ekaitza amaitu eta egoera leheneratu zain daude. Nire ustez, ordea, ezer ez da lehen bezala izango", esan du Lehendakariak.

 

Biktimen alde eta ETAren kontra

Sanzek gogoratu du ETAren ekintza terroristak direla eta gizartea "kezkatuta" dagoela, "era guztietako komentario eta jarrerak" daudela. Horren aurrean "tinko" jokatzearen alde egin du, "zuzenbidezko estatuari eustearen alde, krimenaren kontra etengabe borroka eginez eta izua zabaltzen dutenek abantaila politikorik ez lortzeko neurriak hartuz".

Hala, banda terroristaren ekintzak "txalotzen dituztenak edo gaitzesten ez dituztenak" hauteskundeetan "sartzeko" neurriak baztertu ditu.

"Herritarrok ez dugu inor behar gure eskubideak defenditzeko, are gutxiago hil, mehatxatu eta estortsio egiten duen banda kriminal bat. Nafarroak, ETAk arma eta bitarteko guztiak entregatzen ez dituen bitartean, aurrean edukiko du mehatxu terrorista. […] Mehatxu horri beti bezala egingo diogu aurre, indarkeria terrorista jasan duten biktimak babestuz eta askatasuna eta demokrazia tinko defendituz", esan du.

Gero, atzerrian bizi diren nafarrak eta foru erkidegoa bizitzeko eta lan egiteko aukeratu duten atzerritarrak aipatu ondoren, Sanzek esan du Nafarroaren Egunean Lehendakari gisa emango duen azken hitzaldia duela. "Niretzat ohorea izan da ia hamabost urtean Nafarroaren alde lan egitea, gure erkidegoa garatzea eta aitzindari izan dadin ahalegintzea. Harro nago denbora horretan Nafarroaren ordezkari lanetan aritu izanaz, eta espero dut, bihotz-bihotzez, orain arte emandako bultzadak gerora ere jarraitzea, eta Nafarroa, guztion ahaleginaren bitartez, hobea, dinamikoa, ekintzailea, bateratua, solidarioa eta unibertsala" izatea.
Dokumentazioa:
Discurso Miguel Sanz Día de Navarra

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa