(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Caballero lehendakariordeak 109 foruzain berriei esan die nafar gizarteak “lan eraginkorra” egiteko eskatzen diela osteguna, 2010.eko abenduak 16

Foruzaingoko 20. promozioko agenteek gaur jaso dituzte egiaztagiriak


Agenteak plakak jasotzen

Bost foruzain egiaztagiriak jasotzen. ( irudia handitu )

Foruzaingoko 20. promozioko 109 agenteak gaur goizean jabetu dira beren lanpostuez (orain, guztira 1.100 foruzain daude), eta lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero, izan da ekitaldiko burua.

Caballerok foruzain berriei esan die nafarrek, "bizi ditugun zailtasun ekonomikoen aurrean lan eraginkorra egitea" eskatzen dietela. Horren harian adierazi du nafar gizartea "modernoa eta dinamikoa" dela, "kalitatezko zerbitzuak" eskatzen dituela, eta espero duela funtzionario publikoek "herritarren zerbitzura lan egitea, ez interes pertsonalei jarraiki".

Lehendakariordeak azpimarratu du, baita ere, Foruzaingoa "elkarlan estuan" ari dela estatuko segurtasun indarrekin, Segurtasun Batzordeak 2009ko ekainean Iruñean sinatutako hitzarmen bati jarraiki. Izan ere, foruzainak, polizia nazionala eta guardia zibila arlo espezializatuetan ez ezik (ingurumenean eta zirkulazioan, adibidez), jarduera orokorragoetan ere ari dira lankidetzan.

Gaur kargua hartu duten 109 foruzainetatik zortzi emakumezkoak dira, eta 89 Nafarroan jaiotakoak.

Ikasketa mailari dagokionez, 14k eskola graduatua daukate, 15ek batxilergo titulua, 53 lanbide heziketako tituluak, 15ek diplomatura eta 12k lizentziatura. Promozio berriarekin komisariak indartuko dituzte, foruzainak honela banatuta: 31 Iruñean, 14 Tuteran, 15 Zangozan, 19 Lizarran, eta Tafallan, Elizondon eta Altsasun hamarna.
Agenteek txapelak gora bota dituzte.

Agenteek txapelak gora bota dituzte. ( irudia handitu )

Plakak eta ziurtagiriak gaur goizean jaso dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) egoitza den Kultura eta Turismo Departamentuko patio isabeldarrean. Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Elena Torres; Barne zuzendari nagusia, Juan Ramon Rabade; Foruzaingoko burua, Alfonso Fernandez Diez; estatuko segurtasun indarretako agintari eta ordezkari batzuk; eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Elma Saiz Delgado.

Zerbitzu izaera

Kontseilariak, hasteko, taldea ikuskatu du, Parlamentuko presidentearekin eta Foruzaingoko arduradun Alfonso Diezekin batera.

Gero, mahaiburura joan dira, gainerako kideengana, eta Nafarroako ereserkia jarri dute; bertaratuek zutik entzun dute ereserkia.

Fernandez Diezek hitz batzuk egin ondoren hartu dituzte karguak agenteek.

Komunikazio Ataleko ikuskariak, Luis Cemborainek, agintzaren formula irakurri du atrilaren atzean eta, gero, agenteek kargu hartzea formalizatu dute, banaka. Ondoren, foruzain berriak bosnako multzotan deitu dituzte, plaka eta txartela jasotzeko.

Segidan Caballerok hartu du hitza eta foruzain berriei gogorarazi die lan garrantzitsua egingo dutela, "prestakuntza aldi zorrotz eta gogorra" gainditu ondoren.

Zehazki, hitz hauek esan dizkie: "Aurrerantzean egokituko zaizuen lana egin daiteke, bakarrik, herritarren zerbitzura aritzeko gogoz, gorputz eta arima arituz, eta, aldi berean, Konstituzioan, Segurtasun Indarren Legean eta gure foru legeetan jasotako sistema demokratikoaren printzipioak errespetatuz. Balio eta printzipio horiek izan ditzazuela gidari ibilbide profesional osoan".

Kontseilariak nabarmendu du Foruzaingoa asko garatu dela eta orain "polizia integrala" dela: "Foruzaingoa gai da edozein segurtasun premiari erantzuteko; hurbila da, herritarrekin harremanetan aritzeko daukan moduagatik eta lurralde hainbat eremutan zabalduta dagoelako; eta, gainera, modernoa, kasu konplexuak ikertzeko bitartekoak baitauzka: Maria Puy Perezen hilotza aurkitu zuten, Cordovillako krimena ebatzi zuten eta droga trafikatzaileen nazioarteko sarea desartikulatu zuten".

Horrez gain, azpimarratu du Foruzaingoak "funtsezko prebentzio lana" egiten duela eta agente berriei animoak eman dizkie laneko zailtasunei aurre egiteko.

Azkenik, adierazi die Foruzaingoa dela "herritarrek gehien baloratzen duten erakundea dela, beste polizia indar batzuekin batera"; hori, Navarrometro direlako galdeketan arabera (azkena azaroan argitaratu zuten).
Dokumentazioa:
Intervención de Javier Caballero

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa