(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Corpas kontseilariak Nafarroako Ondare Ukiezinaren Plana zertan den azalduko du Parlamentuan asteazkena, 2010.eko abenduak 29

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmen bat sinatu dute gai horretako lankidetza arautzeko


Corpas kontseilaria eta Lafuente errektorea hitzarmena sinatzen. ( irudia handitu )

Kultura eta Turismo Departamentuak martxoan aurkeztuko dio Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Turismo Batzordeari Nafarroako Ondare Ukiezinaren Plana; plan hori departamentuak berak egin du.


 
Nafarroako Gobernuak, 2005ean, Kultur Ondare Ukiezina Zaintzearen gainean UNESCOk esandakoari jarraiki, Foru Lege bat egin zuen. Lege horretan ondasun ukiezin zehatzak jaso zituzten eta Nafarroan kultura aldetik garrantzi handia duten ondasun ukiezinen inbentarioa sortu zuten; inbentario horretan aipatu ondasunak dokumentatuko dituzte, identifikatze eta zaintze aldera.

Lege horri jarraiki, foru administrazioak kultur intereseko ondasun izendatu zituen Lantz, Ituren eta Zubietako inauteriak; Nafarroan kultur aintzatespen gorena lortu duten era horretako lehen ondasunak dira. Halaber, aurten eskatu dute Hiru Behien Zerga ondasun multzo horretan sartzea. Aurrez, Kultura eta Turismo Departamentuak ondare ukiezina dokumentatzeko eta zabaltzeko beste ekimen batzuk ere eraman ditu aurrera, batik bat Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoaren bitartez.

Halaber, Nafarroako erakunde publiko eta pribatu askok ondare ukiezinak bildu, sistematizatu, zaindu eta zabaltzen dituzte, hainbat arlotan: folklorea, dantza, musika, ahozko tradizioa, erlijio adierazpenak, artisautza, e.a.

Lan horretan ahaleginak bateratze aldera, Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Ondare Ukiezinaren Plana egin du. Plan horretan administraziorako jardunbideak planteatu eta hainbat neurri proposatu dituzte, 2011-2020 aldirako.

Planaren asmoak dira, funtsean, ekimenak sistematizatzea eta herri administrazioen eta partikularren jarduera bateratuak koordinatzea, Nafarroako ondare ukiezinaren balioa modu eraginkorragoan babesteko eta zabaltzeko, batetik, eta ondare hori ezagutzea eta iraunaraztea bermatzeko, bestetik.

Horretarako, helburu orokor batzuk jarri dituzte, arlo hauetakoak: administrazioak ondare ukiezina gestionatzeko dauzkan eskumen eta bitartekoak antolatzea, ondarearen adierazpenak zehatz-mehatz dokumentatzea, ondarea babestea eta zabaltzea, eta arlo horretan aritzen diren erakundeen elkarlana sustatzea.



Hala, planean hainbat lan ildo zehaztu dituzte, aipatu helburu horiek lortze aldera:

- Eskumenak eta koordinazio eta jarduera protokoloak definitzea, eta administrazioari bitartekoak egokitzea.
- Nafarroako Ondare Etnologiko eta Ukiezinen Inbentarioa garatzea eta hedatzea.
- Ondarea babestea, indarrean dagoen araudia aplikatuta.
- Ondare ukiezinaren gestio eta sustapen arloetan inplikatuta dauden foru administrazioko unitateak lankidetzan aritzeko bideak garatzea.
- Beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea, ondare ukiezina bitzen eta zaintzen.
- Ondare ukiezinaren bilakaeraren segimendua egitea eta hedapen programa egonkorrak abian jartzea.
Datorren urteetako jarduera zehatz nagusiak dira Nafarroako Ondare Etnologiko eta Ukiezinen Inbentarioa abian jartzea eta Nafarroako Ondare Ukiezinaren Artxiboa egiteko Unibertsitate Publikoaren lankidetza hitzarmen bat sinatzea.

Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmena, ondare ukiezinari buruzkoa


 

Nafarroako Ondare Ukiezinaren Planari jarraiki, Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpas Mauleonek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Julio Lafuente Lopezek bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Nafarroako Ondare Ukiezinaren Artxiboan elkarlana eta egilekidetza arautzeko.

Hitzarmena sei urterako da.

Helburuak dira Nafarroako kultur ondare ukiezina babestea, berreskuratzea, areagotzea, zabaltzea, balioestea eta geroko belaunaldiei helaraztea.

Hitzarmenean lankidetza eta egilekidetza arautu dituzte, baita jarritako dokumentuak erabiltzeko modua ere.

Kultura eta Turismo Departamentuak soinudun edota ikus-entzunezko grabazioak, testu argitaragabeak, ilustrazioak eta argazkiak editatzeko eskubideak laga ditu, Nafarroako Ondare Ukiezinen Artxiboan sartzeko. Halaber, material hori UPNAk erabiltzeko eta hedatzeko moduan jarri du, irakaskuntzarako material didaktikoak egiteko eta ikerlan zientifikoetan jartzeko.

Ikertzaile taldearen eskura jarriko dute, baita ere, Kultura eta Turismo Departamentuaren funts dokumental, bibliografiko eta ikus-entzunezkoa. Gainera, ikertzaileei Kultura Zuzendaritza Nagusia aztertzen ari den gaiei buruzko aholkuak emango dizkiete.

Garapen teknologikoa eta informatikoa batera aprobetxatzeko, eta ikerketa, kultura, hezkuntza eta turismo aplikazioak eta ondarea defenditzeko eta sustatzeko aplikazioak bereiz edo elkarrekin garatze aldera, bi erakundeen eta Nafarroako Ondare Ukiezinen Artxiboaren web orriak eta plataforma digitalak lotu egingo dira.

Azkenik, artxiboa hedatzeko ere elkarlanean arituko dira.



Alde horretatik, Kultura eta Turismo Departamentuaren 2011ko aurrekontuan 25.000 euroko partida bat dago Nafarroako Ondasun Ukiezinen Artxiboko lanak sustatzeko.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa