(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa eta Frantziako Perigord eskualdea elkarlanean arituko dira Irati ibaiaren eremuan lanbide berriak detektatzeko
ostirala, 2013.eko urriak 18


Bi eskualdeetako eragileak elkartu dira aste honetan Foru Komunitatean ‟Ibaia eta ondarea” izeneko Europako proiektuaren barruan.


Taldeko argazkia

Iribas kontseilariak ‟Ibaia eta ondarea” Europako proiektuko partaideei egin die harrera. ( irudia handitu )

Nafarroa eta Frantziako Perigord eskualdea elkarlanean arituko dira Irati ibaiaren eremuan lanbide berriak bilatzeko, Aezkoa eta Zaraitzu ibarretan alegia. Helburua inguruko natura-baliabideak aprobetxatzea da, lanbide berriak detektatu eta jarduera horietan ekintzailetza sustatzeko.

Besteak beste, arrantzako gidaren lanbidea sortzeko aukera aztertzen ari dira. Izan ere, Frantzian existitzen da jada figura hori, baina Nafarroan ez. Adibidez, arrantzaleei jarduerarako zein inguru dauden egokituta adierazteko ardura izango luke.

Hori da bi eskualdeetako politikaren, ekonomiaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren alorreko eragileek aste honetan Nafarroan izan duten topaketan hartutako konpromiso nagusietako bat. Esan bezala, topaketa Europako ‟Ibaia eta ondarea" proiektuaren barruan egin da, Irati eta Dordoina ibaiei balioa emateko.

Egonaldiak bi eskualdeetako ordezkarien arteko harremana estutzeko balio izan du, eta José Iribas kontseilariak parte-hartzaileei Hezkuntza Departamentuan harrera egin ondoren amaitu da ostiral honetan.

Ikasleen mugikortasuna

Hezkuntzaren alorrean, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna indartzeko erabakia hartu da, gaztelaniaren zein frantsesaren irakaskuntza errazteko eta proiektuan parte hartzen duten ikasleek eskualde bateko eta besteko enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko.

Harreran, Irunberriko Sierra de Leyre BHIko Mikel Pérez ikaslearen kasua eman da ezagutzera. Izan ere, iazko apirilean Frantzian egindako topaketan sortutako harremanen ondorioz, uda honetan gazte talde baten begirale gisa egin du lan Ferreten (Bordele).

Proiektuan, Nafarroari dagokionez, Nekazaritzako eta Basogintzako IBko ‟Basogintzako lanak eta inguru naturalaren kontserbazioa" erdi-mailako heziketa-zikloko eta Sierra de Leyre BHIko ‟Kirol-jarduera fisikoen animazioa" goi-mailako heziketa-zikloko ikasleek parte hartzen dute.

Frantziako partaideak Monbazillac-eko Lycée Agricole zentroko eta Bergerac-eko Lycée Maine de Biran zentroko ikasleak dira. Aste honetan Nafarroan izan dira (28 ikasle) Irati ibaiaren eremua bertatik bertara ezagutzeko.

Nafarroako partaideekin batera, natura-ondarea babesteko jarduerak burutu dituzte, baita kirol-jolaserako jarduerak ere, esate baterako, canoraft jaitsiera Irati ibaian zehar, Irunberriko arroilaren parean. Gainera, ondarearen, kulturaren eta lurraldeko garapen ekonomikoaren aberastasuna ezagutu dute egin dituzten ibilaldietan. Adibidez, Irunberriko arroilaren interpretazio-zentrora, Iratiren behatokira, Irabiako uharkara, upeltegietara, gaztandegietara eta abarretara joan dira.

‟Ibaia eta ondarea" proiektua

‟Ibaia eta ondarea" Nafarroaren eta Frantziako Perigord eskualdearen arteko lankidetza-proiektua da, Europako Comenius Regio programaren barruan egin dena. Helburua Irati eta Dordoina ibaiei zein haien ibaiadarrei balioa ematea da. Ekimena bi urtekoa da (2012ko abuztua - 2014ko abuztua) eta 84.750 euroko aurrekontua du.

Lehen fasean bi ibaien inguruko eremua aztertu da. Bi eskualdeetako LHko ikasleak dira partaideak: Foru Komunitatean, Sierra de Leyre BHIko eta Nekazaritzako eta Basogintzako IBko ikasleak; Frantziako eskualdean, Monbazillac-eko Lycée Agricole eta Bergerac-eko Lycée Maine de Biran.

Azterlan hori oinarri, bigarren fasean, sektore profesionalak eta kulturaren, hezkuntzaren eta elkarteen sektoreak elkartu dira ibaiek eskaintzen dituzten erabilera posibleei eta ibaien babesari buruzko hausnarketa egiteko. Gainera, eskualdeen arteko harremanak sustatzeko aukera ematen du, hezkuntzaren zein ekonomiaren alorrean.

Nafarroaren aldetik, honako hauek parte hartzen dute: Foru Gobernua, Hezkuntza Departamentuaren eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuen bidez; Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroa (CRANA); eta Sierra de Leyre BHI eta Nekazaritzako eta Basogintzako IB. Dordoinaren aldetik, honako hauek dira partaideak: eskualdeko Kontseilu Nagusia; Pays du Grand Bergeracois, Epidor eta Migado; Couze et Couzeau sindikatua; eta Monbazillac-eko Lycée Agricole eta Bergerac-eko Lycée Maine de Biran.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa