(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak ehun bat neurri sustatuko ditu boluntariotza-sektoreari laguntzeko osteguna, 2015.eko urtarrilak 8


Haien artean nabarmentzen dira, prestakuntza hobetzea, hura landa-eremura zabaltzea, sareko lana eta boluntariotzako eskari-eskaintzak batuko dituen on-line bidezko plataforma bat


Adineko pertsona bat

Adineko pertsona bat.

Foru Gobernuak lehen Nafarroako Boluntariotza Estrategia egin du, eta bertan 113 neurri jasotzen dira herritarrak sentsibilizatzeko asmoz honako gai hauen gainean: boluntariotzako ekintzaren garrantzia, sektore hori indartzea, tartean dauden erakundeen arteko koordinazioa sustatzea eta informazioaren kudeaketa hobetzea.

Datozen lau urteotan egingo diren ekintza horien artean, ondorengoak dira aipagarrienak: boluntarioentzako prestakuntza-plan bat egitea; boluntariotza landa-eremura zabaltzea; jardunbide egokien kode bat egitea tartean dauden erakundeetarako; sareko lana sustatzea; boluntariotzako eskari-eskaintzak ikusaraziko dituen on-line bidezko plataforma bat abiaraztea; eta Boluntariotza Behatoki bat sortzea Nafarroan. 2015ean, Gizarte Politiken Departamentuak 8,7 milioi euro erabiliko ditu boluntarioak dituzten erakundeen jarduerak finantzatzeko, bai eta sektore horri lotutako berariazko ekintzak egiteko ere.

Gizarte Politiken kontseilari Íñigo Allik lehen estrategia hori aurkeztu du gaur goizean Iruñean eman duen prentsaurrekoan. Hura egiteko 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bi urte luzez: teknikariak, boluntarioak eta gizarte-erakundeetako ordezkariak.

Prentsaurrekoan, Alli kontseilariarekin batera izan da Espainiako Boluntariotza Plataformako lehendakari Luciano Poyato ere. Azken horrek begi onez ikusten du Espainiako Gobernua boluntariotzaren gainean egiten ari den legearen aurreproiektua, eta Ministroen Kontseiluak datozen asteotan onartuko du.

Gizarte Politiken Departamentuak kalkulatzen duenez, 100.000 pertsona inguruk, hau da, adinez nagusiak diren bost nafarretatik batek egiten du boluntariotzako ekintzaren bat, eta ekintza horien % 66 elkarteen bidez. Sektore horrek sortutako jarduera Foru Komunitateko BPGd-aren % 1 da (190 milioi euro).

Boluntariotzaren Foru Legearen garapena

Estrategia hori Gizarte Politiken Departamentuak azken urtean egindako beste ekimen batzuei gehitzen zaie, esaterako: boluntariotzako bulegoa abiaraztea, erakundeen errolda boluntariotzako ekintzekin arautzea, departamentuen arteko batzorde bat eratzea Gobernuaren barnean eta datorren otsailerako osatzea aurreikusten den Nafarroako Boluntariotza Kontseilua.

Gizarte Politiken kontseilariak esan duenez, Departamentu honetako egungo zuzendaritza-batzordeak "bi urte eta hiru hilabetetan Nafarroako Gobernuak Foru Komunitate hobea egiten duten pertsonekin zuen zorra" kitatu du, 1998ko Boluntariotzaren Foru Legearen garapenari erreferentzia eginez.

Gaur goizean aurkeztutako agiria gizarte-erakundeei igorri zaie dagozkien azken ekarpenak egin ditzaten, eta Nafarroako Boluntariotza Kontseiluak egingo duen lehen bilkuran berretsi ahal dadin.

Helburu eta neurriak

Lehen Nafarroako Boluntariotza Estrategiak lau ardatz estrategiko jasotzen ditu (sentsibilizazioa, sendotzea, koordinazioa eta informazioa), eta haien baitan oinarritzen dira aurreikusitako 113 neurriak jasotzen dituen berariazko 18 helburuak. Gainera, 179 adierazle finkatu dira, eta haiek agiri horren garapenaren urteko ebaluazioa erraztuko dute, eta baita berraztertze sakonagoa ere lau urte barru.

Sentsibilizazioari lotutako neurrien artean, ondorengoak azpimarratu behar dira: boluntariotza-kontzeptuaren definizio adostua finkatuko duen gida bat egitea arau nahiz kudeaketarako erabiltzeko; Boluntariotza Bulegoa dauden programen informazioren etengabeko puntu gisa finkatzea; Boluntariotza Eguna ospatzea; sari batzuk banatzea; eta Boluntariotzaren Foru Legea berraztertzea boluntariotzako ekintzaren pertsona-onuradunen eskubide nahiz betebeharrak bertan sartzeko.

Sektore hori sendotzeari dagokionez, boluntariotzako landa-eremura zabaltzeari lotutako ekintzak aipatu behar dira; boluntarioentzako prestakuntza-plan bat prestatzea; jardunbide egokien eskuliburu bat egitea boluntariotzako erakunde hartzaile eta kudeatzaileetarako; erlazionatutako eragileek parte hartuko duten boluntariotzari buruzko politika bat sustatzea; eta boluntariotza jasotzen duten erakundeetarako eskakizun bat: ekintza horietarako egituratutako programa bat izan dezatela.

Koordinazioan, honako hauei lotutako neurriak azpimarratu behar dira: Nafarroako Boluntariotza Kontseiluaren funtzionamendu nahiz dinamismoa partaidetzako organo moduan; Administrazioaren eta beste eragileen arteko sareko lana; boluntariotzako kudeaketa-erakunde eta erakunde hartzaileen arteko baterako ekintzak; on-line bidezko plataforma bat sortzea eta, haren bidez, alde batetik, boluntarioa eskatzen duten erakundeen beharrak ikusaraziko dira, eta bestetik, boluntariotzako ekintza bat egiteko prest dauden pertsonen eskaintzak.

Azkenik, informazioaren atalean Nafarroako Boluntariotzaren Behatokia nabarmendu behar da; hark Foru Komunitateko sektore horren gaineko informazioa eskuratuko du modu fidagarrian, aldizka eta gardentasunez.

Sektorearen diagnostikoa

Aipatu denez, Gizarte Politiken Departamentuak kalkulatzen du 100.000 bat pertsonek egiten dituztela boluntariotza-ekintzak Nafarroan, adinez nagusiak diren biztanleen % 20 inguruk. Hala ondorioztatzen da, estrategia egin aurretiko pausu moduan sektore horri buruz egindako diagnostikotik

Sexuari eta adinari dagokionez, % 29 31-64 urte arteko emakumeak dira, % 29 adin-tarte horretako gizonak, % 19 65 urtetik gorako emakumeak, % 13 30 urtetik beherako emakumeak, % 7 65 urtetik gorako gizonak, eta % 3 30 urtetik beherako gizonak.

Pertsona horien % 66k boluntariotza-lana elkarte baten barnean egiten du. Kopuru guztiaren % 90k astean ordubete eta bost ordu artean egiten du lan boluntariotzan, eta % 10k sei eta hamar ordu artean.

Jarduera-motan, boluntarioen % 70k arreta edo zuzeneko esku-hartzeko zereginak egiten ditu, % 60k zuzendaritza-lanak, % 50k administrazio-kudeaketako lanak, % 30k komunikazio-zereginak eta % 10k ezin du zehaztu zer jarduera-mota egiten duen.

Estrategiaren prestakuntza

Estrategia hori egiteko edo prestatzeko orduan, Boluntariotzaren Mahaiak parte hartu du, eta mahai hori Nafarroako Gobernuko bost departamentuk eta Foru Komunitateko 25 gizarte-erakunde nahiz toki-erakundek osatzen dute.

Parte hartzeko organo hori 2014ko urtarrilean osatu zen Nafarroako Gobernuak 2013ko ekain eta urrian deitutako boluntariotza-erakundeekin izandako bilkurei jarraipena emateko, eta baita Estatuko Boluntariotzaren 16. Kongresuko prestakuntza-lanei jarraipena emateko ere. Kongresu hori Iruñean egin zen urte horretako azaroaren 26tik 28ra.

Guztira, agiri hau prestatzeko orduan 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute teknikariak, boluntarioak eta 42 erakundeetako ordezkariak kontuan hartuta. Haiek guztiek 55 bilkura egin dituzte azken bi urteotan. Partaidetzako prozesu horretatik 467 proposamen sortu dira, eta proposamen horiek Gizarte Politiken Departamentuak aztertu ditu lehen Nafarroako Boluntariotza Estrategia prestatzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa