(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2014ko atzerriko turisten gastua % 20 igo da Nafarroan, 178 milioi euroraino ostirala, 2015.eko otsailak 20


Foru Komunitateko turismoko hitzordu nagusia den Navartur-en irekieran jakin da datu hori; bertan izan da Barcina Lehendakaria azoka inauguratzen


 Navartur-en inaugurazioa

Barcina Lehendakaria Navartur-en irekiera-ekitaldian hitz egiten. ( irudia handitu )

Nafarroan gaualdia egindako atzerriko turisten gastua % 19,6 igo da 2014an, eta 178 milioi euroraino iritsi da. Espainian izandako igoera handiena da, Estatuko batez bestekoaren gainetik oso (% 6,5). Nafarroan ostatu hartutako 258.064 turista atzerritar bakoitzak 679 euroko batez besteko gastua egin zuen bidaiako, 2013an baino % 3,8 gehiago, eta 114 euroko batez besteko gastua pertsonako eta eguneko, aurreko urtean baino % 5,7 gehiago.

Datu horiek Navartur-en hamargarren edizioaren inaugurazio-ekitaldian jakin dira. Foru Komunitateko turismo-ekitaldi nagusia da, eta bertan izan da Nafarroako Lehendakari Yolanda Barcina. Barcinak azpimarratu duenez, Nafarroako turismo-sektoreak "errekor guztiak" apurtu ditu 2014an, ia 1,2 milioi bisitarirekin. Estatuko turismoa igo egin zen, % 7,4, baina nazioartekoa batez ere, % 13,7.

Azoka Iruñeko Baluarte jauregian egingo da asteburu guztian, VI. Landaturismoko Nazioarteko Kongresuarekin batera. 90 erakusmahai inguruk Estatuko eta nazioarteko 500 helmuga baino gehiagori buruzko informazioa banatuko dute, eta gastronomiako dastatzeak, ardo-dastatzeak, musika-emanaldiak, jokoak eta aurkezpenak izango dira bertan. 3 euroko sarrera ordaindu behar da.


Agintariak Navartur-eko erakusmahaiak bisitatzen.

Agintariak Navartur-eko erakusmahai bat bisitatzen. ( irudia handitu )

Inaugurazio-ekitaldia gaur eguerdian egin da Nafarroako stand-ean, eta bertan izan dira: Barcina Lehendakaria; Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Juan Luis Sánchez de Muniáin; Iruñeko Enplegu, Merkataritza eta Industriako zinegotzi María Caballero; Navartur-eko zuzendari Luis Cortés; eta Kadizko diputatu Inmaculada Olivero, Andaluziako probintziaren izenean, azokako hamargarren edizio honetan Kadiz hautatu baita helmuga gonbidatu.

2014ko Nafarroako turismoa

Behin betiko datuak eskuetan izanik, Nafarroako turismo-sektoreak 2014. urtea bidaiari eta gaualdien errekor berriarekin amaitu zuen. Zehazki, turismoko ostatuek 1.199.020 bisitari hartu zituzten eta 2.482.639 gau fakturatu , hau da, bidaiarien % 8,9 igo da, eta gaualdiak, % 6,8, 2013arekin alderatuz. Espainiako igoera handienetarikoa da, Madrilgo eta Gaztela-Mantxako komunitateen atzetik bakarrik.

Hoteletan bidaiarien % 75 izan zen (901.159 pertsona); kanpinetan, % 11 (136.464 bisitari); landetxetan, % 9 (106.142 bidaiari); eta turismoko apartamentuetan, % 5 (52.255 pertsona).

Batez beste 2,1 gau igaro zuten, aurreko urtean bezala gutxi gorabehera: 1,8 gau hoteletan; 2,6 landetxetan, 2,8 kanpinetan eta 3,1 turismo-apartamentuetan.

Jatorriari erreparatuz, bidaiarien % 75 Espainian bizi zen: EAEn (% 15,6), Katalunian (% 12,8); Madrilen (% 11,6), eta Nafarroan (% 9,5); % 25, berriz, atzerrian, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan bereziki (% 17,9). Aurreko urtearekin alderatuz, Estatuko turismoa igo egin zen, % 7,4 zehazki, baina atzerrikoa bereziki (% 13,7).

Turistak hartzeko, Nafarroak 956 establezimendu izan zituen batez beste, eta 29.114 plaza hilean; horrekin batera, 15.750 langile Gizarte Segurantzan alta emanda, 2013an baino % 2,8 gehiago.

Informazio-eskaerari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Turismoko webguneak 2.095.076 bisita jaso zituen azaroan, aurreko urtean baino % 1gehiago, eta turismo-bulegoek 347.313 bidaiari hartu zituzten, 2013an baino % 18,2 gehiago.

Azkenik, turismoko baliabide bisitatuenak (monitorizatuta dauden datuen artean) ondorengoak izan dira: Erriberriko Jauregia (bisita guztien % 33,5), Bertizko Jaurerria (% 16,7), Xabierko Gaztelua (% 15,5) eta Iruñeko katedrala (% 14,3); Guztira, Foru Komunitateko monitorizatutako baliabideetan 454.668 sarrera izan ziren, 2013an baino % 5,1 gehiago. Orreagan beren egiaztapena zigilatutako erromes-kopurua ere igo egin zen (% 2,8): 65.683, guztira.

Lehen argazkiaren oina: Yolanda Barcina bertaratutakoei hitz egiten, Inmaculada Olivero eta Juan Luis Sánchez de Muniáin alboan dituela.

Bigarren argazkiaren oina: lehen planoan (ezkerretik eskuinera), Luis Cortes, Inmaculada Olivero eta Yolanda Barcina; atzean, María Caballero eta Juan Luis Sánchez de Muniáin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa