Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Horixe adierazi du gaur goizean Iruñean, eta mugaz gaindiko lankidetza "sistematikoa eta denboran iraunkorra" lortzearen aldeko apustua egin du
Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak gaur Iruñean adierazi du Akitania-Euskadi-Nafarroa euro-eskualdeak biderkatu egingo dituela Foru Komunitateko enpresek dituzten aukera komertzialak eta hazkunderako aukerak, "elkarrekin lan eginda indartsuagoak izango baikara gure garaiko erronka sozioekonomikoei aurre egiteko, ikuspegi partekatu batetik eta helburu berberekin".
"Akitania-Euskadi-Nafarroa Euro-eskualdea, aukeren lurraldea" jardunaldiaren irekiera-saioan egin ditu adierazpenok Manu Ayerdik; gainera, mugaz gaindiko lankidetza "sistematikoa eta denboran iraunkorra" lortzearen aldeko apustua egin du, "hiru eskualdeetako aktore traktoreen inplikazioarekin eta lidergoarekin".
Zentzu horretan, Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak nabarmendu du osasuna, energia, nekazaritzako elikagaiak eta industria sortzaileak direla Nafarroa, Euskadi eta Akitaniako espezializazio adimentsuko estrategien lehentasunezko sektore komunak; aldi berean, hiru eskualdeek dute hainbat arlotan elkarrekin lan egiteko interesa, hala nola turismoan, industria aurreratuan edo 4.0 delakoan eta enpresen lehiakortasunean.
Ayerdi lehendakariordeak aitortu du euro-eskualdea osatzen duten hiru eskualdeak –iaz sartu zen Nafarroa– "dinamismo eta indar" handiko enpresa-sareak izateagatik nabarmentzen direla, bai eta per capita errenta handia izateagatik, berrikuntzan erreferente izateagatik, batez bestekoaren azpiko eskola-uzte tasak izateagatik eta goi-mailako tituludun kopuru handia izateagatik ere. "Nafarroa euro-eskualdean sartu izanari esker", jarraitu du Ayerdik, "Foru Komunitateko enpresak ingurune horren onuradun izango dira"; ia bederatzi milioi biztanle ditu euro-eskualdeak.
Jardunaldiko beste mintzaldi batzuk
Adierazi bezala, Ayerdi lehendakariordeak eman dio hasiera gaur goizean Iruñean "Garapen Ekonomikoko ostiralak" zikloaren saio berri honi; Frantziako Nouvelle Aquitaine eskualdeko Mugaz Gaindiko Lankidetzarako eskualdeko kontseilari eta ordezkari Mathieu Berge jaunak, Pello Pellejero Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak eta Izaskun Goñi Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ere hartu dute parte gaurko jardunaldian.
Mathieu Berge frantziar kontseilariak euro-eskualdeak dakarren lankidetzarako espazioa aurkeztu du, europar ikuspegiarekin; euro-eskualde hori lurraldeen arteko lankidetzarako europar elkartea da, 2011n Akitaniak eta Euskadik sortu zutena. Iaz sartu zen euro-eskualde horretan Nafarroa.
Pello Pellejerok, bestalde, adierazi du Foru Komunitatea euro-eskualdean sartu izanari esker "Europan lurraldeen arteko lankidetzaren arloan espaziorik egokienean" dagoela, Bruselak "lehenetsi egiten baititu esparru eta formatu horiek proiektuak europar funtsen bitartez finantzatzeko bere estrategian".
Azkenik, Izaskun Goñik lurraldeen arteko lankidetzarako europar talde edo elkarte horrek garapen sozioekonomikorako eskaintzen dituen aukerak zerrendatu ditu eta, horien artean, enpresetarako hornitzaile eta bezero kopuru handiagoa egongo dela nabarmendu du. Gainera, adierazi du punta-puntako industria dutela hiru eskualdeek, nekazaritzako elikagaien sektore nabarmena eta biztanle bakoitzeko unibertsitate eta ezagutza-zentro kopuru handia.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen