(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foru erakundeek Nafarroako Errege eta Erreginak omendu dituzte Leiren igandea, 2017.eko ekainak 25


Barkos Lehendakaria izan da ekitaldi tradizional honen burua, zibila eta publikoari irekia dena; amaitzeko, Luzaideko Bolanteen saioa izan da


Manu Ayerdi, Uxue Barkos eta Ainhoa Aznárez, mausoleoaren aurrean. ( irudia handitu )

Foru erakundeek Nafarroako Errege eta Erreginak omendu dituzte gaur, igandea, duela lau hamarkada urtero egiten duten moduan. Ekitaldia Leireko San Salvador Monasterioko elizan izan da, lehen erregeen gorpuzkiak gordetzen dituen mausoleoaren aurrean.

Ekitaldia zibila da eta publikoari irekita dago. Segizio ofiziala elizara heldu direnean hasi da. Honako hauek osatu dute: eskaintzak zeramatzaten giltzariek, mazolariek eta arma-erregeak, eta agintariek: Nafarroako Lehendakaria, Uxue Barkos; Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez, eta Gobernuko kontseilariak.

Monasterioko abade mitradun Juan Manuel Apesteguiak agintariak agurtu ditu eta errege-panteoiaren zeuden tokietan eseri dira, Iruñeko erresumako lehen errege-erreginen gorpuzkiak dauden tokian. Iruñeko erresuma Nafarroako erresumako aitzindaria izan zen, eta erregeen artean hauek daude: Eneko Aritza (Iruñeko lehen erregea, IX. mendea), Gartzia I.a Eneko (IX. mendea), Fortun Gartzia I.a (Iñigotarren dinastiako azken erregea, IX. mendea), Antso I.a Gartzez (X. mendea), Gartzia I.a Nafarroakoa (X. mendea) eta Antso II.a Gartzez Abarka (X. mendea).

  
Foto de grupo

Agintariak Speciosa atean. ( irudia handitu )

Ondoren testu bat irakurri du Eloísa Ramírez Vaquero historialariak, gaztelaniaz eta euskaraz, Leirek Nafarroako historian duen eginkizuna laburtzen duena. Hain zuzen, erresumako hastapenen memoriarekin lotuta geratuko dela eta Aritza dinastiaren gune espiritual eta intelektual gisa finkatuko dela esan du. "Leire, errege-familiaren jatorrizko gune izango da beti, eta erresuma beraren erreferente historikoa", gaineratu du historialariak. Testuan ere esaten da 1973. urtetik Nafarroako erakundeen antzinako erresumako errege-erreginei egiten dieten omenaldia Leiren egiten dela, "hamabi mende baino gehiagotan bizirik egon den giza eta lurralde multzo bat eraiki zutenak goraipatzeko, Nafarroaren oraina eta etorkizuna bultzatzen duen ondarea delako".

Ondoren, Barkos Lehendakariak eskaintza egin du: panteoiaren hesiaren aurrean lore gorriz osatutako koro bat utzi du, legenda honekin: "Navarra a sus reyes y reinas. Nafarroak, bere errege-erreginei". Bestalde, Parlamentuko lehendakariak Iura Vasconiae bildumako ‘Nafarroako Zuzenbide Zibilaren kodifikazioruntz Sinposiumaren’ txostenak jasotzen dituen liburua eskaini dio monasterioari. Azkenik, Gobernuko lehen lehendakariordeak, Manu Ayerdik, zilarrezko kutxatila eman du, foru gobernuaren dohaintzarekin, monjeei mausoleoa zaintzeagatik eskertzeko.

Behin ekitaldia amaituta ostatura joan dira eta han dantza-ikuskizun bat egon da Luzaideko Bolanteekin. Horrela, Martxa, Bolant Dantza eta Lauetan Erdizka dantzak eta Jauziak direlakoak egin dituzte.

Musika-emanaldiak eta ospakizun erlijiosoa

Tenpluaren sarreran nahiz irteeran Nafarroako ereserkia (Erresumako Sarrera Martxa) jo dute, Jose Luis Echechipiak organoa jo duela. Nafarroako Gobernuaren Tronpeta eta Atabalen Bandak martxa ere jo du monasterioko esparrutik egindako ibilbidean. Ospakizunaren musikari dagokionez honako hauek aritu dira: Zangozako Nora Abesbatza, Bruno Jimenezek zuzenduta, Kentaro Satoren Requiem pacis, 5. zk. "In paradisum" abestu duena; Agur Jaunak abestia, Pascual Aldaveren harmonizazioan; eta Nafarroako ereserkia, gaztelaniaz eta euskaraz abestu dutena. Horrez gain, Monasterioko monjeen abesbatzak ere abestu du, XII. mendekoa den "Lux Aeterna" kantu gregorianoz egindako konposizioa, eta Jose Luis Echechipia organistak Sidney Campbellen "Fugal Epilogue" jo du.

Ekitaldira hainbat pertsona bertaratu dira. Ospakizun ofizialaren aurretik Nafarroako errege-erreginen omenezko meza egin da, Leireko Abadiak antolatuta.

1973. urtetik

1973. urtean Nafarroako erakundeetako ordezkariak urtero Leireko San Salvador monasterioa joateko oihura ezarri zen, Nafarroako antzinako Erresumako errege-erreginen omenezko hileta-meza batera joan zitezen. Horrela, Iruñeko Erresumako lehen erregeen mausoleoaren aurrean lore-koro bat jarri behar zuten, eta monasterioari dohaintza bat eman beneditarrei, benetako gorpuzkiak zaintzeagatik eskerrak emateko. Festa hau herritarrek parte hartzeko sortu zuen, izan ere, erakundeetako ordezkariez gain, ehunka pertsona ere joaten zirelako.

Foru Aldundiak Nafarroako Eguna ospatu behar zela erabaki zuen 1982. urtean, ospakizun horrekin lotuz. Horrela, hurrengo bi urteetan ospatu zuen, 1985. urtean Nafarroako Eguna, foru legez, abenduaren 3an ezarri zuten arte, San Frantzisko Xabierren heriotzaren urteurrena eta jaieguna zelako.

1990. urtean, Nafarroako autogobernuaren kultura-organoa den Viana Printzea Erakundearen 50 urteurrena dela eta, Kulturaren Viana Printzearen Saria sortu zuten, Nafarroako Kultura Kontseiluak proposatuta Gobernuak urtero ematen duena, eta Leireko San Salvador Monasterioan entregatzea erabaki zuten, Nafarroako errege-erreginen omenaldiaren egun berean. 1993. eta 2015. urteen artean Asturias eta Vianako Printzeak entregatu du saria, eta Erregeen Omenaldiaren buru izan da.

2016. urtean Nafarroako Gobernuak ekitaldi honen izaera zibila berreskuratu eta publikoari berriro irekitzea lortu zuen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa