(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Farmakozainketako Zentroak egunero sendagaien kontrako hiru erreakzioren susmoak jasotzen ditu batez beste

astelehena, 2017.eko abuztuak 28


Osasun Departamentuak kanpaina bat hasi du herritarrek sendagaien eragin negatiboak jakinaraz ditzaten sustatzeko.


Departamentuko arduradunak jakinarazpenei buruzko datuen eta herritarrek laguntzeko kanpainaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Nafarroako Farmakozainketako Zentroak sendagaien kontrako erreakzioen 1.335 kasu jaso zituen 2016an, hots, hiru abisu baino gehiago egunero batez beste. Beraz, aurreko ekitaldiaren aldean, % 23 handitu ziren, 1.081 jakinarazpen egin zirelako. Iaz egindako jakinarazpenen lehen balorazioaren ondoren, 1.052 kasu ebaluatu eta erregistratu ziren. % 25 larritzat hartu ziren, eta % 75 ez larritzat.

Nafarroa Estatuko lehen postuan dago urtero ebaluatu eta erregistratutako sendagaien kontrako erreakzioen susmoen jakinarazpen kopuruan, 1.601 berezko jakinarazpenekin milioi bat biztanleko urtero. Estatuan batez beste 337 jakinarazpen egiten dira milioi bat biztanleko.

2016ko jakinarazpenen % 89,6 Medikuntzako profesionalek egin zituzten; % 4,2, erizaintzako langileek eta % 4,1 farmaziako profesionalek. Jakinarazpenen % 2,1 herritarrek bidali zituzten.

Herritarren jakinarazpenak sustatzeko, sendagaien kontrako erreakzioak jakinarazteko modua azaltzen duen informazio-kanpaina bat atera du Osasun Departamentuak. Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Luis Gabilondok gaur prentsaurrekoa eman du kanpaina aurkezteko. Harekin batera, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari Lázaro Elizaldek eta Ikuskapen Farmazeutikoko Ataleko burua den Ana Viñuales izan dira.

Farmakozainketa osasun publikoko jarduera bat da, behin komertzializatuta, sendagaien erabilerarekin lotutako arriskuak identifikatzeko, ebaluatzeko eta prebenitzeko. Sendagaiak gaixotasunak prebenitzeko edo sendatzeko dira, baina arriskuak ere badituzte, eta farmakozainketak haien arrazoizko erabilera eta erabilera segurua sustatzen ditu, arriskuak eta onurak jakinarazten ditu eta sendagaien segurtasunaren inguruko hezkuntza eta informazioa sustatzen ditu.

Farmakozainketaren mugetako bat gutxiegi jakinaraztea da, beraz, helburua da herritarrek eta osasun arloko profesionalek kontrako ondorioak jakinarazten errazteko aukera hobetzea.

Nabarmentzekoa da herritarrek jakinaraztearekin duten eginkizuna, izan ere, horri esker, kontrako erreakzio arraro edo oso arraroak detektatzen laguntzen da, baita medikuek agintzen ez dituzten sendagaien, sendabelarren, zenbait eszipiente eta elkarrekintza farmakologiko ezezagunen segurtasun-arazoak aurkitzen ere. Bestalde, sendagaiak benetan erabiltzen dituztenek egiten dituztenez, jakinarazpenek zenbait gai aipatzen dituzte, hala nola atxikitze falta edo tratamendua betetzea.

Zer jakinarazi behar da

Osasun Departamentuak liburuxkak eta kartelak argitaratu ditu, paperez eta euskarri elektronikoan, eta herritarren artean banatuko dira, farmazia eta osasun zentroen bidez, baita Nafarroako osasun arloko profesionalen artean ere. "Kalte egin dizu sendagairik? Jakinarazten baduzu sendagaiak seguruagoak izaten lagunduko duzu" goiburupean, liburuxkek sendagai baten kontrako erreakzio bat (RAM) zer den, zertarako balio duen jakinarazpenak eta nola egin daitekeen azaltzen dute.

Gomendatzen da jarraipen berezi batekin lotutako sendagaien kontrako erreakzioen susmoak batik bat jakinaraztea, erabilera-orrian triangelu beltz alderantzikatu baten sinboloa dutenak direnak. Sendagai horiek zainketa handiagoa izango dute, printzipio aktibo berriak dituztelako, sendagaiak biologikoak direlako edo haien segurtasunari buruzko informazioa mugatua delako. Horrez gain, kontrako erreakzio ezezagunak ere lehentasunezkoak dira, hau da, fitxa teknikoan eta larrietan jasotzen ez direnak.

Herritarrek osasun arloko erreferentziako profesionalen bidez egin ditzakete jakinarazpenak. Horrela, lehen balorazioa eginda, Nafarroako Farmakozainketako Zentroari jakinaraziko diote. Halaber, zuzenean jakinaraz dezakete kontrako ondorio bat. Horretarako, Osasun Departamentuaren web-orritik sar daitekeen online inprimaki bat bete behar da.

Estatu eta Europa mailan ondorioak dituzten Nafarroako ebaluazioak

2016. eta 2017. urteetan Nafarroako Farmakozainketako Zentroak sendagaien arrisku berriak (seinaleak) detektatu eta ebaluatu dituzte, eta Espainiako Farmakozainketako Sistemaren Batzordean aurkeztu dituzte. Kasu batean, Farmakozainketako Arriskuak Ebaluatzeko Europako Batzordeari aurkeztu dizkiote.

Seinale horiek berrestearen ondorioz zenbait neurri hartu dira, hala nola Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak egindakoak, osasun arloko profesionalei zuzendutako segurtasun-oharrak, ohartarazpen berriei buruz jakinaraziz, erabiltzeko murrizketak eta sendagaien kontraindikazioak. Neurri hauek erabilera-preskripzioaren aldaketak eta hobekuntzak sustatzen dituzte Estatu eta Europa mailan.

Kasu larrienetako bat sendagaia baimendutako baldintzetatik kanpo erabiltzeagatik gertatu zen, eta beste batzuk elkarrekintza farmakologiko ezezagunarengatik.

26 urte farmakozainketa-lanak eginez

Nafarroako Farmakozainketako Zentroa 1991ko ekainean sortu zen eta Osasun Departamentuko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuari atxikita dago. Ebaluazio eta informazio lanak garatzen ditu sendagaien segurtasunari buruz, eta berezko jakinarazpen-programa gauzatzen duen unitatea da.

Farmakozainketako Zentroaren helburua sendagaien segurtasunari buruzko ahalik eta informaziorik onena ematea da. Helburu horrekin, Nafarroako Farmakozainketako Zentroak informazio-oharrak ematen dizkie osasun arloko profesionalei, kontsultak argitzen ditu, azterketak egiten ditu eta seinaleak detektatu eta ebaluatzen ditu, bestelako jardueren artean.

Zentroa Espainiako Farmakozainketako Sistemaren barruan dago. Aldizka informazio buletin (BIF) bat argitaratzen du osasun-sistemako profesionalentzat, kontrako erreakzio interesgarrien jakinarazpenen datuekin, kasu kliniko bereziekin eta agentzia erregulatzaileek egindako segurtasuneko informazio-oharrekin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Farmacovigilancia.ppt
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa