(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta 32 toki entitatek helduek euskara ikas dezaten bultzatzeko kanpaina batera aurkeztu dute astelehena, 2017.eko irailak 4


"Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara" goiburuarekin, euskara irakasten duten ikastegi publikoetan eta ekimen sozialekoetan irailean matrikula egitera bultzatzen da kanpaina honetan


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak eta 32 toki entitatek helduek euskara ikas dezaten bultzatzeko kanpaina batera aurkeztu dute
Euskara ikasteko kanpainaren diptikoa

Kanpainaren diptikoa. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, eta Nafarroako 32 toki entitatek, euskaltegi publikoekin eta ekimen sozialeko ikastegiekin elkarlanean, batera jarri dute abian "Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara" kanpaina, helduek euskara 2017-2018 ikasturtean ikas dezaten bultzatzeko; kanpainak bat egiten du Foru Komunitate osoan banatutako hogeita hamar ikastegi ingururen iraileko inskripzio-aldiarekin.

Aurten bada berritasun bat: kanpaina denek batera egin dute, lehen aldia baita sektoreko eragile guztiek, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, elkarrekin parte hartzen dutena. Kanpaina elkarrekin diseinatu dute foru gobernuak eta euskara zerbitzua duten udal entitateek; 40.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

Euskararen 2016-2019 aldirako I. Plan Estrategikoak badu hiztun berriei bideratutako ardatz bat. Plan horrekin bat, kanpainaren helburua da Nafarroako helduak animatzea euskara ikasten has daitezen edo ikasten segi dezaten, irailean irekitzen den matrikulaldiaren kariaz. Eta, orobat, bi alderdi azpimarratu nahi dira: batetik, euskarak kulturaz eta harreman sozial eta laboralen esparru osoaz gozatzeko ematen dituen aukerak, eta, bestetik, euskaltegiak eta ingurune sozial euskaldunak pertsonari ikaskuntza arrakastaz bukatzeko ematen dion laguntza.

Kanpaina gaur aurkeztu dute prentsaurrean Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Jose María Noval Burlatako alkateak, programan parte hartu duten toki entitateen ordezkari moduan, eta Xabier Garcia AEK-ko zuzendaritza kontseiluko kideak, euskaltegien eta euskara irakasteko ikastegien ordezkari moduan.

Ollo kontseilariak adierazi duen bezala "Nafarroan hogeita hamar euskaltegi baino gehiago daude, urtetan metatutako esperientzia zabala eta askotariko metodologia dutenak. Halaber, asko dira modalitate eta klase-erritmo presentzialak nola autoikaskuntza programak, helduen beharrei eta ikasteko duten denborei malgutasunez egokituak. Horregatik guztiagatik, kanpaina hau bultzatzen dugun erakunde eta entitateek herritarrak animatzen ditugu euskara ikasten ari direnen multzoan sartzera. Lehen aldiz sartzen denak bide zirraragarria izanen du aitzinean eta ibilbide hori erdizka egin duenak, berriz, laster gabe komunikazio-bide praktiko eta etorkizunez betea izanen du".

Bizipenak

2017-2018 ikasturtean euskaltegietan eta euskara ikastegietan izena emateko "Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara" goiburua aukeratu da. Euskaltegian euskara ikasi duten eta euskara beren biziko askotariko esparruetan, hots, familian, gizartean eta lanean, gaur egun erabiltzen duten bederatzi pertsonaren bizipenak bildu dira. Fertxu Izquierdo, idazlea, Joli Paskualena, Demode Quarteteko kantaria, Kati Leatxe, kultura aholkulari eta sustatzailea, Keiko Suzuki, japoniera irakaslea, Reyes Ilincheta, Euskalerria Irratiko kazetaria, Iñaki Errea, EiTBko kazetaria, Patxi Irurzun, idazlea, Mari Paz Arizkun, Iruñeko Orfeoiko irakasle eta zuzendariordea eta Marino Goñi, musika ekoizlea. Bederatzi lagun horiek bideo batean kontatzen dute euskara nola ikasi zuten eta euskarak zer ekarri dien beren bizietara.

Bideo hau ikus daiteke www.euskaraikasi.nafarroa.eus y www.aprendeeuskera.navarra.es webguneetan. Gainera, euskara zein ikastegi eta herritan ikasten ahal den esaten da: euskaltegi publikoetan –Iruñeko, Tuterako eta urruneko hizkuntza eskola ofizialetan, Zubiarte euskaltegian, Euskarabidean eta Orkoiengo Udalean– eta ekimen sozialeko euskaltegietan –AEK-ko eta IKAko ikastegietan eta Bai&By-en–. Baita ikastaroetan parte hartzeko udalek zer laguntza ematen duten ere. Irailean, 012 telefonoaren bidezko arreta zerbitzuak informazioa emanen du, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, Nafarroa osoan helduek euskara ikasteko eskaintzaren eta udalek euskara ikasteko ematen dituzten laguntzen gainean.

Publizitate kanpaina sare sozialetan eginen da, irailean. Zehazki, hauxe eginen da: euskara ikasteko gonbita egiten duten bederatzi pertsonaren bideoak hedatuko dira, informazio-diptiko bat txertatuko da Nafarroan editatutako edo Nafarroan edizioa duten egunkari idatzietan, Nafarroako irrati jeneralista guztietan publizitate-mezuak jarriko dira eta, orobat, kartelak jarriko dira Iruñerriko, Lizarrako eta Tuterako hiri garraioko markesinetan. Toki entitateek eta ikastegiek ere hedatuko dute kanpaina beren baliabideen bitartez.

Gobernuaren eta toki entitateen apustua

Gaur egungo matrikula kanpaina txertatuta dago Nafarroako Gobernuak herritarren artean Nafarroako berezko bi hizkuntzetan eleaniztasuna sustatzeko egin duen apustuaren barnean, helduek euskara ikasi eta alfabetatzeko duten eskubidea bermatuz.

2016-2017 ikasturtean 6.559 ikaslek egin dituzte ikastaroak (4.633k sare publikoan eta 1.926k ekimen sozialeko euskaltegietan). 2015-2016 ikasturteko datuekin alderaturik (6.284 ikasle izan ziren, 4.640 sare publikoan eta 1.640 ekimen sozialeko euskaltegietan), 275 ikasle gehiago izan dira.

Hartara, gogora dezagun aurrekontuetan euskara helduei irakasteko ekimen sozialeko ikastegiendako 640.000 euroko laguntza dugula, 2017ko urtarriletik irailera bitarteko ikastaroetarako. Eman dira jada aldi horri dagozkion laguntzak eta urrian argitaratuko dugu 2017-2018 ikasturterako laguntza deialdia.

.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa