(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eskubide Sozialetako Departamentuak lanaren banaketari buruzko azterketa aurkeztu du astelehena, 2017.eko azaroak 20


Akordio Programatikoaren konpromisoen barnean kokatzen da


Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrak astelehen honetan ireki du lanaren banaketari buruzko hausnarketarako Civican gunean egin den jardunaldia. Bertan, unibertsitate-munduko, lan-merkatuaren aholkularitzako eta administrazioko hiru pertsona aditu izan dira. Departamentuak agindutako azterketa aurkeztu da; azterketaren arabera, Nafarroan lan egiten duten pertsonen %40ak zerbitzuak lanaldi osoan ematen dituzte.

Laparrak gogora ekarri du Akordio Programatikoan hartutako konpromisoa; hau da, Foru Administrazioan ere lana banatzeko mekanismoak sustatzeko formulak aztertzearena.

Halaber, Eskubide Sozialetako Departamentuak txertatutako azterketa aipatu du, eta hitzaldi batean aurkeztu da. Proyecto 21 aholkularitzari agindutako azterketan, lan-baldintzak aldatzearen inguruko eztabaidari hasiera emateko behar diren elementuak jasotzen dira.

Horrez gain, lana banatzearen inguruan gizarteak konpondu beharreko zenbait gai aurkeztu dira: lanaldia etengabe murrizteko esperientziak, laneko denbora banatzeko modu berriak, enplegu-baldintzen esparru berriak, gai hori sindikatuen agendan badagoen ala ez, enpresa-erakundeak eta administrazioa, errenten osagarritasun posiblea, errenta bermatuak eta laneko denbora murriztea edo Nafarroako Administrazio Publikoetan enpleguaren banaketa arautzen duen Foru Dekretua berritzeko aukera.

Eskubide Sozialetako Departamentuak antolatutako "Krisiaren ondorengo gizartearentzako lanaren banaketa?" izeneko jardunaldian, hiru hitzaldi eskaini dituzte UPV/EHUko Imanol Zubero irakasleak, Proyecto 21-ko Ion Erro aholkulariak eta Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusia den Amaia Goñik, eta arazoa bakoitzaren eremutik jorratu dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko Imanol Zubero irakasleak izenburu hau jarri dio bere hitzaldiari: "Berriz antolatzea eta banatzea… Zer enplegu?". Zuberok, hasteko, galdetu du dagoeneko denbora igaro ote den laneko denboraren banaketa proposatzeko, gai hori egoera politikoen mende izanik.

Europan, laurogeiko hamarkadako industria eta enplegu krisiaren ondoren sortutako eztabaida gogora ekarri du. Orduan, lana banatzeko legeak eta programak sortu ziren hainbat herrialdetan. Zuberoaren iritziz, hau "lanean jarraitzeko, gehiago lan egitea" egoerara aldatu da, Euskal Herriko sindikatu bateko liderrak aurreko hamarkadan iragarri zuen moduan.

Eta, haren ustez, laurogeita hamarreko hamarkadan emandako erantzunak jada ez du balio hainbat arrazoi direla-eta: "Konplexutasun tekniko izugarriko proposamena da; lana banatzeko esperientzien ebaluazioek emaitza liskartsuak eskaintzen dituzte; kapitalaren eta lanaren arteko indarren korrelazioa behar da, eta gaur egun hori ez dago, eta, batez ere, banaketaren xedea, enplegua, asko aldatu delako uberizazio, plataforma bidezko lana edo 4.0 industria garaietan".

Hitzarmen sozial berria

Bestalde, Proyecto 21-eko Ion Erro aholkulariak ondorengo azterketa aurkeztu du: "Lanaldiaren murrizketa, laneko denboraren antolaketa eta enpleguaren kalitatea Nafarroan". Lan-merkatuaren testuinguruaren azterketa osoa egin du, dituen ahuleziak eta pertsonen bizimoduan dituen gorabeherak nahiz enplegua orokortzeko eta egonkortasuna emateko soluzio posibleak.

Eztabaida horren inguruan, politika sozialaren hiru ardatz aurkezten dira, helburu bera dutenak: gizarteratzea. Jarduteko hiru esparru horiek hartzaile eta emaitza ezberdinak dituzte, eta horrek haien arteko bateragarritasun-mailari buruzko eztabaida sortzen du: Errenta Bermatuaren proposamena, banakoa eta unibertsala, eskubide subjektibo gisa; Enplegu Bermatuaren proposamena eta laneko denbora murriztearen eta enpleguaren banaketaren inguruan sortutako proposamenak.

Azterketaren barnean, Espainiako lanaren kalitatearen eta Nafarroakoaren inguruko kopuru adierazgarriak eskaintzen dira. Foru-mailan, Foru Komunitatean lan egiten duten pertsonen %40ak besteren kontura egiten du, lanaldi osoan eta astelehenetik ostiralera.

Lana duten pertsonen %14a subenplegatutzat hartzen da kontratazio-orduen urritasunarengatik. Nafarroan, bost langiletatik batek nahi duena baino urteko lanaldi txikiagoa du, aldi baterako kontratua izateagatik.

Errok egindako azterketaren arabera, "laneko denboraren erabilera aldatu egin da, ohiko ordutegiak desbideratu dira, kontratatzeko formulen sorta areagotu da, eta tartean nabarmentzekoak dira lanaldi partzialeko lana, aparteko orduak edo lanaldiaren urteko zenbaketa".

Azterketan, halaber, erakusten da, emakumea izateak aukerak bikoiztu egiten dituela lanaldi partziala izateko, norberak hautatu ala ez: "Nafarroan, okupatutako gizonen %80ak 40 orduko edo gehiagoko lanaldia duen bitartean, emakumeen kasuan portzentajea %41era jaisten da. 11.700 lagunek astean 15 ordu baino gutxiago egiten dute lan eta 29.900 lagunek 15 eta 29 ordu artean egiten dute; gehiengoa (%75) emakumeak dira".

Kopuruak ikusita eta Zubero irakaslearen ondorioekin lotuaz, aurkeztutako azterketatik baita ere ondorioztatu da enpleguak bere balioaren zati bat galdu duela gizarteratzeko tresna gisa, soldatak baxuak izateagatik edota lanaren denborak bizimodu pertsonala garatzea galarazteagatik.

Analisiak ondorengoa proposatzen du: "kalitatezko enplegua sortzeko asmo handiko estrategia lantzea, ordainsariak edo kontratuen egonkortasuna ez ezik, laneko orduen arrazionaltasuna eta bizimoduaren erritmoekiko bateragarritasuna ere kontuan hartuko dituena, lan-eredu malguak ezarrita eta babes soziala hobetuta".

Bat datozen puntuak

Era berean, ondorioztatu da enpresa askok onartzen dutela langileen bizi-kalitateak produktibitatearen igoeran eragina duela, edota, "laneko denbora murriztea defendatzen dutenek ulertzen dutela eraginkortasun eta lehiakortasun ekonomikoak mantentzeak duen garrantzia".

Puntu berdin horiek izanik, produktibitateak lanaren denboraren murrizketa konpentsatu beharko luke, eskulanaren erabileran eraginkortasun handiagoarekin jokatuta, bereziki robotizazioa eta industria interkonektatua (4.0) epe laburrean errealitate izango diren ingurunean.

Bestalde, Funtzio Publikoko zuzendari nagusia den Amaia Goñik ondorengo hitzaldia aurkeztu du: "39/2004 Foru Dekretuaren emaitzak eta balorazioa; horren bitartez, enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren, foru-administrazioaren eremuan. Era horretan, 2014 eta 2017 artean, soldatarik gabeko 1.259 baimen eta partzialki ordaindutako 14 baimen eman direla nabarmendu du, eta horiek guztiek ordezkapen-kontratazioekin lotu direla.

Jardunaldia astelehen goiz honetan izan da Civican zentroan, eta, hitzaldien ondoren, mahai-ingurua egin dute hizlariek, Lan Zerbitzuko zuzendaria den Javier Zubicoak moderatuta. Saioari amaiera Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñik eman dio.

Denen arteko hausnarketa Eskubide Sozialetako Departamentua antolatzen ari den ekintzen barruan sartzen da, Nafarroako Gobernua hautatu zuten indar politikoek hitzartutako legealdirako Akordio Programatikoan jasotakoa betetzearren. Zehazki, Ekonomia, Enplegua eta Fiskalitateari buruzko 3. atalean jasotakoa nabarmentzen da; hots, indar politikoek Gobernua bultzatu zuten "lana banatzeko mekanismoak sustatzen dituzten formulak aztertzera (barne-plangintza hobetzea, lanaldiak doitzea edo murriztea, aparteko orduak kentzea, programa boluntarioak, txanda-kontratua duten aurre-erretiroak)".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa