(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ollo kontseilariak euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldia proiektuaren aurkezpenean parte hartu du osteguna, 2017.eko azaroak 23


Proiektua euskararen lurralde osoan garatuko da tokiko erakundeekin eta interesa duten elkarteekin lankidetzan


euskaraldia

Ollo kontseilaria Euskaraldia kanpainaren alde egiten duten beste ordezkari batzuekin batera. ( irudia handitu )

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Euskaraldia ekimenaren aurkezpenean parte hartu du gaur Bilbon. Ekitaldia Arriaga Antzokian izan da, eta honako hauek ere parte hartu dute: Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak; Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria eta Iparraldeko Mankomunitate Bakarreko lehendakariordea denak; Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Naiara Mujikak, Lasarteko Ttakun kultura-elkarteko kideak eta Arrate Illarok, Euskaraldia ekitaldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea denak. Aurkezpenean ekimena sustatuko duten zenbait erakundetako ordezkariak ere izan dira.

Antolatzaileak azaldu dute aurkezpenaren data ez dutela kasualitatez aukeratu. Azaroaren 23a aukeratu dute hemendik urtebetera ekimen handia hasiko delako, eta euskararen lurralde osoan aldi berean garatuko da. Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egongo da, "Euskaraldia, 11 egun euskaraz" goiburupean.

Ekimen honen protagonistak euskaraz hitz egiten duten edo euskara ulertzen duten pertsonak izango dira. Hamaika egunetan eguneroko harremanetan euskara erabiltzea eskatuko zaio, inertziak apurtzeko eta euskarazko hizkuntza-jarduerak sustatzeko.

Ekimena gaur aurkeztu dute eta epe luzerako izango da Euskaraldia bultzatzen duten eragileen arabera.

"Euskararen gizarte-erabilera Nafarroako Gobernuak aurtengo urtarrilaren 25ean onartu zuen "Euskararen I. Planak" ezarritako lehen ardatza da. Erabilera sustatzeko ekimenak egoera soziolinguistikoetara egokitu behar dira, euskararen erabilera modu erakargarri eta positibo batean sustatuz", azaldu du Ollo kontseilariak. Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldia ekimeneko koordinatzailea denak, aniztasun soziolinguistikoaren esparruan egin beharreko lan handia nabarmendu du: "Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu genuen batera abian jartzeko, eta denbora eman behar delako herritarrei beharrezkoa den prestakuntza eskaintzeko. Euskaraldian euskararen sustapenean lan egiten dugun erakundeen, beste esparru batzuetako erakunde euskaltzaleen eta herritar euskaltzaleen eskutik aritzen gara".

Talde-lana funtsezkoa da Euskaraldia ekimenerako Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Lakarentzat ere bai: "azken urteetan denok elkarrekin proiektu berean aurrera egiteko beharra defendatu dugu azken urteetan. Herritarrentzat eta eragileentzat lantzeko esparrua izatea gustatuko litzaiguke".

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak adierazi du erakundeei dagokiela euskararen erabilera errazteko lan egitea: "Erakundeetan euskararen erabilera sustatzen duten baldintzak sortzeko lan egin behar dugu, izan ere, oraindik, hainbat esparrutan ez da erraza gure hizkuntza erabiltzea. Gure ustez, ekimen hau oso erabilgarria izango da bide horretatik aurrera jarraitzeko".

Beñat Arrabatiek, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariak, urratsak berretsi ditu: "pertsonak Euskaraldia ekimenaren ardatz nagusiak dira. Hala ere, euskararen erabilera handitzea norberaren eta erakundeen erantzukizuna da. Norberak ematen dituen urratsek eragina izan behar dute; euskarazko harremanak egin ahal izateko erakundeok baldintzak ziurtatu behar ditugu".

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldiaren helburua herritar euskaltzaleak piztea da, euskararen erabilera sustatzeko. Ekimena "Euskarak 365 egun" kanpainaren barruan dago, eta urtero euskara sustatzen aritzen diren zenbait elkarteren lan-lerroa da. Bi ekitaldi nagusi ditu.

Batetik, "11 egun euskaraz" Euskaraldia ekimena 2018ko azaroaren eta abenduaren artean garatuko da, eta euskaraz hitz egiten duten pertsonen hizkuntza-ohituretan eragitea bilatuko du, bere gizarte-harremanetan euskararen erabilera handiagoa sustatzeko. Bestetik, hizkuntza-normalizazioa pertsonen eta erakundeen erantzukizuna denez, 2019an azken horietara mugatuko da ekimena, edozein erakundek euskararen erabilera laguntzeko eta sustatzeko neurriak har ditzaten.

Herritar euskaldunak piztuz:‘ 11 egun euskaraz’

Ekimena euskararen lurralde osoan garatuko da aldi berean, baina toki mailan udalerri edo eskualde bakoitzaren euskaltzaleak izango dira dinamika sustatuko dutenak eta errealitatera eta tokiko testuinguru soziolinguistikora egokituko dutenak.

Ekimenean parte hartu nahi duten udalerri eta erakundeek 2018ko lehen hiruhilekoan izena eman ahalko dute. Horrela, udaberrian, herritarrek 2018ko Euskaraldiak zer herri eta zentrotan parte ahal izango duen jakingo dute. Erakunde antolatzaileek aurreratu dute 40 udalerri inguru, hiriburuak barne, dagoeneko Euskaraldia prestatzen hasi direla, eta datorren urte hasierarako ekimenean eskualde gehiagok parte hartzea espero dutela esan dute.

Lankidetzaren garrantzia

Gaurko aurkezpenean bildutako eragile guztiek talde-lanaren garrantzia nabarmendu dute. Azken hiletan, euskararen sustapenarekin lotutako erakundeek esparru honetan batera lan egiteko beharra berretsi dute, eta Euskaraldiak aukera paregabea ematen du lankidetza hori gauzatzeko. Horrela, ekimen honen helburua euskararen lurraldeko zenbait lekutan egiten ari diren lankidetza-dinamikak beste udalerri eta eskualde batzuetara zabaltzea da.

Antolatzaileek erakundeek euskararekin lotutako hizkuntza-jarduerak sustatzeko eta laguntzeko duten eginkizuna nabarmendu dute. Azaldu duten moduan, euskara pertsonen arteko harremanetan komunikazio-hizkuntza izateko hiztunek berek aukeratu behar dute, baina testuinguru egokia ere behar da.

Erakunde sustatzaileak

Hauek dira Euskaraldia sustatzen duten erakundeak: AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Bai Euskarari Elkartea, Behatokia - Observatorio de Derechos Lingüísticos, Berria taldea, Soziolinguistikako Klusterra, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Emun, Eudel, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Gobernua – Euskarabidea, Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunak, Kontseilua, Iparraldeko Mankomunitate Bakarra, Euskararen Erakunde Publikoa, Tokikom, Uema, UEU, EHU.




Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa