(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak kultura eta sormen industrietan eta bereziki ikusentzunezkoetan lortutako posizionamendua, Kulturako Plan Estrategikoa abian jarri izana eta Baluarte Fundazioak kultur operadore gisa duen eginkizun berriaren kontsolidazioa, legealdiko hirugarren urteko kulturako gertaera nagusien artean asteartea, 2018.eko uztailak 31


NKGIk aurrera egin du kirolaren balioen sustapenean eta emakumeak Nafarroako kirol arloan duen egoeraren hobekuntzan eta II. Gazteria Planaren gauzatzea lideratzen du, lehenengo urtean % 92ko betetze-maila lortu delarik


Transcripción textual del video

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak Departamentuak Nafarroan betetzen duen egituraketa-lana nabarmendu du, beste departamentu batzuekiko auzolanaren bitartez eta honelako gaiei lehentasuna emanez: kultura eta sormen industrien garapena, osasunaren mesedeko jarduera fisikoaren eta kirol jardunaren sustapena eta Gobernuko ekintzaren koordinazioa gazteria arloko politikei dagokienez. Halaxe nabarmendu du legealdiaren hirugarren urteko balantzea egiteko eskaini duen prentsaurrekoan, Kulturako zuzendari nagusi Dori López Jurío eta Nafarroako Kirola eta Gazteria Institutuko zuzendari-kudeatzaile Rubén Goñi ondoan zituela. Gaurko agerraldian, kontseilariak zenbait ildo estrategikotan egindako lanak azpimarratu ditu, Kulturako Zuzendaritza Nagusitik bideratutakoak, 2017an onartutako Kulturako Plan Estrategikoa edota Eskubide Kulturalen Lege proiektua, kasu; nahiz NKGIk bultzatutakoak, hala nola, kirol lanbideetarako sarbideari eta erregulazioari buruzko Lege proiektua (aurrekoa bezala, udazkenean Parlamentura bidaltzea aurreikusi da) eta II. Gazteria Plana.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak Departamentuak Nafarroan betetzen duen egituraketa-lana nabarmendu du, beste departamentu batzuekiko auzolanaren bitartez eta honelako gaiei lehentasuna emanez: kultura eta sormen industrien garapena, osasunaren mesedeko jarduera fisikoaren eta kirol jardunaren sustapena eta Gobernuko ekintzaren koordinazioa gazteria arloko politikei dagokienez. Halaxe nabarmendu du legealdiaren hirugarren urteko balantzea egiteko eskaini duen prentsaurrekoan, Kulturako zuzendari nagusi Dori López Jurío eta Nafarroako Kirola eta Gazteria Institutuko zuzendari-kudeatzaile Rubén Goñi ondoan zituela. Gaurko agerraldian, kontseilariak zenbait ildo estrategikotan egindako lanak azpimarratu ditu, Kulturako Zuzendaritza Nagusitik bideratutakoak, 2017an onartutako Kulturako Plan Estrategikoa edota Eskubide Kulturalen Lege proiektua, kasu; nahiz NKGIk bultzatutakoak, hala nola, kirol lanbideetarako sarbideari eta erregulazioari buruzko Lege proiektua (aurrekoa bezala, udazkenean Parlamentura bidaltzea aurreikusi da) eta II. Gazteria Plana.

Kultura

Kultura arloan, kontseilariak legealdi hau hasi arte esploratu gabe zegoen sormen industrien arloko lana aipatu du hirugarren urte honetako gertaera nagusien artean. Horrekin batera, 948 Merkatua Nafarroako Arteen Merkatua antolatu izana ere nabarmendu du, zeinek, lehendabiziko edizioan enpresen nahiz profesionalen 1.080 akreditazio bildu zituen. Lehenengo aldiz, kultura eta aisialdiko industrien datu-basea landu da, egun guztira 576 proposamen biltzen dituena.

Esparru honetan, Nafarroa erreferentziazko komunitate bilakatu da azken bi urteotan filmaketak erakarri eta zinema sektoreko eta bereziki animazioko enpresak ezartzeko ahaleginean. Horren harira, berariaz nabarmendu behar da NICDO sozietate publikoak gure lurraldean ikusentzunezko industria bultzatzeko egin duen lana, izan ere, aurten lehendabiziko aldiz, Navarra Film Commissionek kudeatutako filmaketa-proiektuen inpaktu ekonomikoa neurtu du, eta azterlan horren arabera, proiektu horiek azken hiru urteotan 37,4 milioi euroko gastu zuzena eragin dute Nafarroan.

Kultura arloan, halaber, kontseilariak sektore amateur nahiz profesionalentzat zuzendutako politika kultural definituagoen diseinua nabarmendu du arte eszenikoen eta musikaren esparruan, 2015az geroko laguntza-deialdietan 1.280.580 euroko igoera aplikatuz (% 57,44). Esparru honetan, toki erakundeekiko lankidetzaren barruan, funtsen banaketa orekatuagoa eta arrazoizkoagoa lortu da, 2018an 872.980 euro bideratu direlarik.

Ana Herreraren hitzetan, aurtengo ikasturtean, Baluarte Fundaziorako diseinatutako proiektu berria finkatu da, Baluarte Fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren denboraldien programazio arras integratua eskainiz lehenengo aldiz, eta publikoari zuzendutako eskaintzan aniztasun linguistikoa, Nafarroako sortzaile eta interpretarientzako arreta eta adin guztietarako programazioa gisako irizpideak sartuz. Ia 83.000 ikusle bildu dira Fundazioaren programazioetara, Iruñeko Baluartean bertan nahiz Fundazioak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren bitartez, edukiak plazaratzeko erabili dituen Nafarroa osoko agertokietan.

Baluarte Fundazioak Nafarroako kultur operadore gisa duen eginkizuna finkatu du aurtengo ikasturtean, partaidetza eta pluraltasun handiagoko eredu baten aldeko eskariari erantzunez, eta gastuari buruzko efizientzia eta arrazionaltasun irizpideetan oinarrituta egin du.

Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboa da legealdi honetatako beste proiekturik garrantzitsuenetako bat, 2017ko ekainean abiatu eta gaurdaino zazpi funts pertsonal erakarri dituena (horien artean, Turrillas edo José Lainezena), 2018an eta 2019an handitzeko esperoan.

Arte plastikoen arloan, kontseilariak museoetako bildumak, diskurtsoak, ikuspegiak eta programak eguneratzeko lana nabarmendu du. Horren harira, Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorraren eraberritzea azpimarratu du. Era berean, hainbat hobekuntza egiten ari dira eraikinean bertan: aldaketak egin dira harrerako gunean eta luze gage gauza bera egingo da fatxadan, Museoko baldintza klimatikoak hobetzea ahalbidetuko duen energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektua garatzeaz gain.

Kultura tradizional eta herrikoiaren aldeko apustua izan da legealdia honetako beste lan-ildo berri bat, esparru honetarako unitate organiko baten eta laguntza-deialdi espezifiko baten sorreraz. Horrekin batera, 2017an Nafarroako herririk txikienekin batera abiarazitako Landarte lankidetza-ildo berritzailea nabarmendu behar da, lan eremuko herritarren eta artisten arteko baterako proiektuak sustatzea xede duena eta Nafarroatik kanpo jakinmin handia eragin duena.

Landa inguruneko liburutegi eredua sendotzea da Nafarroako liburutegi-sistema herritarren mesedeko hurbiltasunezko antolakunde bezala kohesionatzeko lanaren egungo helburua. Ildo honetan, irakurleen katalogoa eta liburutegi txikienen funtsak integratzeko prozesua abiatu da.

Nafarroako Liburutegian, liburutegien arloko erreferente bihurtzeaz gain, barruko esparruak birmoldatzen ari dira bertan egiten den jarduera trinkoa errazteko, liburutegiaren alde bat gazteentzat ere egokituz.

Bildumak berritzeko ahalegina ere nabarmendu behar da, 2017az geroztik aldizkari eta argitalpen periodikoak erosteko diru-kopurua dexente areagotu delarik. Bideojokoen erosketa da aurtengo apustua, eta gazteentzako aretoan jarriko dira.

Artxiboen Zerbitzuak Nafarroako toki erakundeen artxiboetarako prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ekonomikoaren lidergoa berreskuratu du, toki erakundeei artxibo-sistema propioa garatzen lagunduko dien dirulaguntza-deialdi baten bitartez. Orain arte, 60 toki erakunde profitatu dira laguntza horietaz.

Zerbitzu hau Administrazioaren Artxiboko esparruen egokitzepenean ere lan egiten ari da, horren egoitza finkatuta dagoen eraikinaren barruko zenbait lanen bitartez.

Era berean, Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak Nafarroaren azkenaldiko historiari buruzko dokumentazioan giltzarrizko eginkizuna izatearen alde lan egiten ari da. Horretarako, funts pribatuak erakartzeko eta Administrazioaren Artxiboan kontserbatutako dokumentazioa ezagutzera emateko ekimen berezia abiarazi da, “Memoria duten paisaiak” lemapean.

2018an, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren lan-ildo berriak indartu dira. Ondare arkitektonikoaren zaharberritze eta kontserbazioaren arloan, titulartasun publikoa duten ondasunei emandako arreta areagotu eta erakunde pribatuekiko kofinantzaketa-bideak sendotu dira gure ondare kulturaleko jabetza pribatuko garrantzi handiko obren kasuan. Hauen artekoak ditugu Erriberriko Santa Mariako ataria (2015-17), Iruñeko Katedraleko klaustroa (2016-2020) eta Tuterako Katedraleko Judizioaren Atea (2018).

Nafarroako Gobernuaren jabetzapeko eraikinei dagokienez, nabarmentzeko modukoak dira Leireko Monastegian nahiz Erriberriko Gazteluan egindako esku-hartzeak (azken honetan, komunak eta igogailua instalatzeko lanak hasiko dira laster), baita Gustavo de Maeztu Museoa kokatuta dagoen Lizarrako Nafarroako Erregeen Jauregikoak ere.

Ondare arkeologikoaren arloan, toki erakundeei zuzendutako laguntzak bultzatu dira, urteko indusketa-planari atxikitako jardueren kofinantzaketarako. Hogei urtez etenda egon ondoren, laguntza hauek 2017an berreskuratu eta 2018an finkatu dira, 2019an ere emaitza positiboak eskaintzen jarraituko duten esperoan.

Kirola eta Gazteria

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak lideratu du ikasturte honetan emakumeak kirol arloan duen egoera hobetu eta kirolaren balioak sustatzearen aldeko apustua, Nafarroako datozen urteetarako kirol jarduna garatzeko oinarriak finkatuz. Era berean, arreta berezia eman zaie federazio eta kluben finantzaketari eta hauei zuzendutako laguntza-deialdiei, irabazi-asmorik gabeko kirol erakundeen zerga-betebeharrei buruzko aholkularitza eta malgutzeari, Komunitate osoan kirola bultzatzea xede duen toki erakundeekiko lanaren garapenari, eskolako kirol eta hezkuntza proiektuen hobekuntzari, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) ildo estrategikoen bultzadari, Larrabide Estadioa bezalako kirol instalazioen hobekuntzari eta instalazio hauen erabilerari buruz beste erakunde batzuekin gauzaturiko hitzarmenei.

Lan-ildo hauetako asko Miguel Indurain Fundazioaren bitartez garatu dira. 2017ko maiatzaz geroztik erakunde publikoa den Fundazio honen aurrekontua ia laukoiztu da, 120.000 eurotik 475.00 eurora igaroz.

Navarra Arena

Ikasturte honetan, aurrerapauso handiak eman dira Navarra Arenan, bai instalazioak prestatzeko lanetan zein programazioaren elaborazioari dagokionez. Irailerako aurreikusita dagoen irekieraren bitartez, irteera emango zaio azpiegitura honi, zeinek, pabilioiarekin batera, kirol federazioen eta NKGIko kirol arloaren egoitzak bilduko dituen. Nabarmentzeko modukoa da Gobernuak 2018an pabilioia irekitzeko egin duen aurrekontu-ahalegina (6.411.657 euro). Ireki ondoren, pabilioia NICDOk kudeatuko du.

Orain arte, 40.000 sarrera inguru saldu dira iragarrita dauden ikuskizun eta jardueretarako (horietako 9, irekieratik urte bukaera arte), 2,2 milioi eurotik gorako diru-bilketa tarteko. Kirolaren arloan, irailean Masters Codereren finala jokatuko da, azaroan Lau eta Erdiko Finala eta abenduan Espainiako Taldeko Gimnasia Txapelketa.

Kirola eta Emakumea eta Kirolaren balioak

Beste autonomia-erkidego batzuentzako erreferente bihurtu den Kirola eta Emakumea Plana aurrera ateratzeko, dirulaguntza-deialdien oinarriak berrikusi eta % 10 gehitu dira Kirola eta Emakumearen arloko proiektuei zuzendutakoak, Nafarroako kirol jokoen lehiaketak egituratzeaz gain.

Era berean, emakumezkoen kirolak komunikabideetan duen presentzia eta tratamenduari buruzko lehen azterlana egin eta emakumezkoen kirola bistaratzeko neurriak hartu dira. Babesletzari zuzendutako pizgarri fiskalak berrikusi eta instalazioen erabilera erraztu zaiei emakumeei nahiz emakumezkoen kirol elkarteei.

Kirolarientzako arreta zerbitzu berria abiarazi eta janzkerei nahiz sari eta trofeoen banaketari dagozkion jarraibideak finkatu dira.

Kirolaren Balioen Plana klub, federazio eta kiroldegietara hedatu da, baita NKGIko sail desberdinetara ere, “Bizitzan kirolean bezala” lemapeko kanpainaren bitartez. Plan hau Nafarroako Kirol Jokoetan ere ezartzen ari da, betiere erregelamenduak, lehiatzeko sistemak eta antolaketaren arloko alderdiak kontuan harturik eta portaera positiboak biltzen dituen datu-base baten laguntzaz. Laguntza-deialdietan, kirolaren balioen sustapena biltzen hasi da esleitzeko irizpideen artean.

Hogei bat balio-ordezkarik joko-zelaietan dihardute dagoeneko, epaileekin eta kirol arduradunekin elkarlanean, eta toki erakundeei nahiz klubei zuzendutako prestakuntza teoriko-praktikoa emateko proiektua abiarazi da.

Kirol arloko gatazkak konpontzeko, bitartekaria eta esku-hartze bulegoa abiarazi ziren iaz, eta harez geroztik, 69 kasu artatu eta bulegoak 21 esku-hartze egin ditu. Kasu horien artean, 19 kiroltasunezko jarrerei buruzkoak izan dira.

Bestetik, NKGIk jarduera fisikoa eta osasuna sustatzeko lanean dihardu Osasun Departamentuaren lankidetzaz, toki erakundeek hirugarren adinean nahiz paziente kronikoen artean jarduera fisikoa sustatzeko ikastaroak eta programak garatzea xede duen lan-ildo baten bitartez eta jarduera fisikoa eta osasuna bultzatzeko tokiko proiektuen bitartez.

Osasunaren arloan, berariaz nabarmendu behar da, Pirinio Atlantikoetan eta Nafarroan haurren obesitatea eskolatik prebenitzea helburu duen POCTEFA ANETO mugaz gaindiko proiektuan izandako lidergoa. Urtero, 17 ikastetxetan antolatzen da, sei urtetik gorako haurrei zuzenduta.

Mugaz gaindiko proiektuen artean, abuztuaren bukaeran, Belaguako aterpetxea zaharberritzeko lanak hasiko dira, 2 milioi euroko aurrekontua duen Belarouat Mugaz Gaindiko Lankidetza Planaren barruan. Nafarroako Mendi Kirolen Federazioak lideratutako proiektu hau NKGIk eta Garapen Ekonomikoko eta Landa Garapeneko departamentuek kofinantzatu dute, 500.000 euro inguruko guztizko ekarpenaz.

Gazteria

2018an, urte bat bete da Nafarroako Gobernuaren 2017-2019rako II. Gazteria Plana gauzatzen hasi zela, zeinetan, Nafarroako Gobernuko hainbat departamentuk gazteei begira gauzatu beharreko neurriak diseinatu eta zehaztu diren.

II. Gazteria Planak 2017rako aurreikusia zuen aurrekontua 50.713.967 eurokoa zen, eta gauzatuta dagoen aurrekontua 46.572.121 eurokoa.

2017rako 149 ekintza aurreikusita zeuden, eta lehenengo urte honetan, horietatik 145 gauzatu dira, honelako neurrien bitartez: enpresek langabe gazteak kontratatzeko pizgarriak (296 gazte profitatu dira neurri honetaz), edota gazteek etxebizitza babestua erosteko dirulaguntzak, guztizko balioa ia-ia hirukoiztu dutenak. Era berean, SKOLAE eta LAGUNTZA hazkidetza eta bizikidetza programak abiarazi dira Nafarroako ikastetxeetan eta sexu-osasuneko eta ugalketa-osasuneko zentroetan. Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Memoria duten Eskolak eta Gazteriako partaidetza bidezko lehen aurrekontuak dira Planaren lehenengo urte honetako ekintzarik nabarmenenetakoak.

Bestalde, Gazteriako politika espezifikoen garapen zuzenari begira, NKGIk 300.000 euro banatu ditu aurten 34 toki erakunderi zuzendutako dirulaguntzetan, gazteria arloko politikak garatzeko.

Era berean, 2018an, gazte-informaziorako nafar sarearentzako laguntzak berreskuratu eta 75.000 euro banatu dira gazte-informaziorako guneak dituzten toki erakunde eta elkarteen artean, gazteen mugikortasunerako programen aldeko apustua indartzeaz gain.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa