UPNk eta PSNk osatutako gobernuaren kideak.
2011ko maiatzeko hauteskundeek, 485.386 hautesle eta % 67,42ko parte-hartzearekin, honako emaitza utzi zuten: UPNk 19 eserleku lortu zituen (111.474 boto); PSN/PSOEk, 9 (51.238 boto); NaBaik, 8 (49.827 boto); Bilduk, 7 (42.916 boto); PPk, 4 (23.551 boto) eta Izquierda-Ezkerrak, 3 (18.457 boto).
Emaitza honekin, UPNk eta PSN/PSOEk euren indarrak batzea onetsi zuten gehiengo nahikoa izango zuen gobernua eratzeko. Eta 2011ko ekainaren 21ean, bi alderdiek koalizio ituna sinatu zuten. UPNko lehendakari Yolanda Barcina Angulok eta PSN/PSOEko idazkari nagusi Roberto Jiménez Allik izenpetu zuten. Ondoren, eranskin bat sinatu zuten, 2011ko irailaren 23an.
Koalizio gobernua honela osatua zegoen:
- Lehendakaria: Yolanda Barcina Angulo (UPN).
- Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Administrazio Publikoetako eta Barne kontseilaria: Roberto Jiménez Alli (PSN).
- Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria: Álvaro Miranda Simavilla (UPN).
- Gobernuaren Eleduna eta Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria: Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia (UPN).
- Hezkuntza kontseilaria: José Iribas Sánchez de Boada (UPN).
- Osasun kontseilaria: Marta Vera Janín (UPN).
- Gizarte Politika, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria kontseilaria: Elena Torres Miranda (PSN).
- Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilaria: Lourdes Goicoechea Zubelzu (UPN).
- Sustapen eta Etxebizitza kontseilaria: Anai Astiz Medrano (PSN).
2012ko ekainean, Barcina Lehendakariak Jiménez lehendakariordea kargutik kendu zuen eta PSN/PSOEk izendatutako beste bi kontseilariek dimisioa aurkeztu zuten. Hilabete berean, Miranda lehendakariordeak ere dimisio aurkeztu zuen eta Gobernua birmoldatua izan zen. Gobernu berria, lau kide berrirekin, zortzi kontseilarik osatu zuten.