(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Fatxadak eta lorategia

Jauregiko sarbideak

Arriba, fachada de Carlos III: Abajo, fachada de San Ignacio

San Ignazio etorbideko fatxadaren xehetasuna.

FATXADAK

XIX. mendearen erdialdera eraiki zuten Nafarroako Jauregia; berez, fatxada nagusi bat izan behar zuen San Ignazio etorbide aldera, eta alboko beste fatxada bat, Gaztelu plaza aldera. Aurrerago, 1930eko hamarraldian, fatxada berria ezarri behar izan zitzaion atzeko aldean, Karlos III.a Noblearen etorbide aldera, etorbide hori Iruñeko harresiaren hegoaldeko horma bota zenean eraikitako Bigarren Zabalgunearen ardatz gisa proiektatu zutenean.

San Ignazioko fatxada: Nafarroako Jauregiaren fatxada nagusia, estilo neoklasikokoa, Mendebaldera orientatuta dago, Sarasate pasealekuaren hasieran. Jose de Nagusiak egin zuen, 1850. urtean. Erdiko gorputza ordena jonikoko sei zutabek osatua da; zutabeei buru emanez, frontoi hiruki bat dago, brontzezko bi eskultura handik apaindua. Fructuoso Ordunak egin zituen eskultura horiek, Antso III.a Nagusia eta Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregeenak. Atikoan marmolezko eskultura multzo bat ageri da, Ordunak egina hori ere; Nafarroako armarria ikusten da multzo horretan, alboetan bi gizon dituela.

Karlos III.a Noblearen etorbideko fatxada. Nafarroako Jauregiaren Ekialdeko fatxada, estilo neoklasikokoa, Karlos III.a Noblearen etorbidera begira dago, Iruñeko bigarren zabalgunearen ardatzari begira. Jose eta Javier Yarnoz Larrosa anaiek eraiki zuten, 1934an. Frontoiaren espazio guztia betetzen duen Nafarroako alegoria bat du goian, Fructuoso Ordunak 1934an landua; horma koroa batez hornitutako andre bat da irudi nagusia, Arte Ederrek, Nekazaritzak, Abeltzaintzak, Industriak, Armek eta Merkataritzak inguratua.

ESKAILERAK

Jauregiaren solairu nagusirako sarreran harrizko eskailera bikoitz ikusgarri bat dago; albo bakoitzean bi maila zati ditu, eta argizuloek argituta dago. Hormetan lau tapiz flandestar handi daude, XVII. mendekoak, Elizaren garaipenak adierazten dituztenak. Franz Van Der Heckek egin zituen, Peter Paul Rubensen diseinuetan oinarrituta. Nafarroako hiri, bailara eta hiribilduetako banderek apainduta daude tranpaleko balkoiak.

LORATEGIA

Jauregiko Lorategia Nafarroako Jauregia eraiki aurretik gune horretan zegoen Karmeldar Oinutsen komentu zaharreko (1603-1835) baratzea hartzen du. Burdinazko hesi batetik ikus daiteke, San Ignazio etorbidetik, hondoan Nafarroako Artxiboaren fatxada ageri dela. Erdian urmael bat dago, 1953. urtean eraikia eta iturri argitsuek osatua.

Sekuoia erraldoia: lorategiaren ipar-mendebaldeko muturrean sekuoia erraldoi bat dago, monumentu natural izendatua. 1856. urtean landatu zuten, eta 36 metro da garai. 1933an tximista batek jo eta erabat adaburutu zuen; gertaera haren ondoren, zuhaitza lehengoratzeko lan handiak egin behar izan zituzten.

Harrizko murkoak: lorategian 16 murko apaingarri daude, harri artifizialezkoak; sasoiko landareak izaten dituzte landatuta eta Nafarroako armarri zaharreko arranoaren irudia dute zizelatuta.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa