(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

Beherakoa

Segur aski, nekea eta ahuleria sentituko dituzu, baina horrek ez du esan nahi profesional baten laguntza behar duzunik. Zerorrek zain dezakezu zeure burua etxean bertan.

Beherakoa kaka ohi baino gehiagotan eta bigunago egitea da. Hauek dira arrazoi nagusiak: txarra dagoen zerbait jatea, edateko ur txarra edatea, infekzioak, zenbait botika, eta baita estres emozionala ere. Beherakoarekin batera, beste sintoma batzuk agertzen ahal dira: sukarra, goragalea, goraka egitea eta sabeleko mina.

Helduen beherakoak arinak izan ohi dira, eta aise sendatzen dira inolako konplikaziorik gabe.

Sukarra arina bada, eta bestelako problemarik ez badago, ez dago zertan eman botikarik. Aski da likido asko edatea eta atseden hartzea.



38ºC-tik gorako sukarra denean, bai, zerbait egin behar da sukarra jaitsarazteko.

Hidratatzeko eta elikatzeko jarraibideak

  • Likido asko edan (3 bat litro egunean), gutxika eta etengabean, baina zeure burua gehiegi behartu gabe.

Ura beste hauekin tarteka ditzakezu:

  • Limoi-ur alkalinoa. Prestatzeko modua: libro bat uri bizpahiru limoiren zukua gehitu, eta, horretaz gainera, 4 koilarakada azukre, koilarakadatxo erdia gatz eta beste hainbeste bikarbonato. Nahasi eta hozten utzi edan baino lehen.

  • Arroz edo azenario ura. Prestatzeko modua: litro bat uretan eskukada bat arroz eta azenario batzuk egosi, 30 bat minutuz; gero, iragazkitik pasatu, eta hozten utzi.

  • Edateko sueroa (botikan saltzen da).

  • Edari isotonikoak (supermerkatuetan saltzen dira).

  • Infusioak: tea, kamamilak, ur minerala.

Hozkailuan gorde behar dira, eta, 24 ordu pasatu ondoren, gelditzen dena bota egin behar da.

  • Ez edan alkohola edo kafeina duen likidorik.
  • Hasi jaten, pixkana-pixkana, zerbait arina eta gustukoa: arroz egosia (azenarioarekin), azalik gabeko oilaskoa eta arraina plantxan edo egosia, patata eta azenario purea, urdaiazpiko egosia, platanoa, sagar errea, irasagarra...

  • Beherakoaren puntu larrienean, ez hartu fruta-zukurik edo azukrea, gantza edo olioa duen elikagairik.

  • Ez hartu esnerik, kremarik edo gazta ondurik. Jogurt naturala, berriz, lagungarria da.

Neurri higienikoak

  • Eskuak dira infekzioak kutsatzeko bide nagusia. Eskuak garbitzea oso garrantzitsua da familiako beste kideak ez kutsatzeko. Ongi garbitu eskuak komunetik atera eta gero, otorduen aurretik eta/edo elikagaiak ukitu behar izanez gero.

  • Frutak eta barazkiak beti garbitu.

  • Zaindu jakien kontserbazioa.

  • Arrautzak, haragia eta arraina ongi egin.

  • Ez edan urik iturburu, iturri edo putzuetatik, ziur ez badakigu ur hori edatekoa den.

Tratamendua botikekin

  • Normalean ez da botikarik eman behar beherakoak mozteko.
  • Ez hartu beherako-kontrako botikarik, antibiotikorik edo espasmolitikorik, medikuak esaten ez badizu; bestela, beherakoak okerrera egin dezake.

  • Sukarrik baldin baduzu, antitermikoak hartzen ahal dituzu (parazetamola, ahotik).

Erne egon, eta Osasun Etxera deitu edo joan baldin eta:

  • 38,5ºC-tik gorako sukarra baduzu.

  • Min handia baduzu sabelean edo ipurtzulo aldean.

  • Kakan odolik edo mukirik ikusten baduzu.

  • Oso gaizki bazaude, ahoa idor, azala zuri.

  • Dietarekin eta hidratazio egokiarekin, 3 egunean hobera egiten ez baduzu.

    

Edozein zalantza duzula ere, galdetu osasun-etxeko erizainei.

    


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa