(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

 Imagen decorativa
Hegazti gripea

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Zer da?

Hegaztien gripea edo ‘hegazti’ gripea A motako gripearen birusak eragindako gaixotasun infekziosoa da. Gaixotasun hori, animalia osasunaren esparruan aspalditik ezaguna dena, Italian duela 100 urte identifikatu zuten. Infekzioak edozein hegazti ukitzen du, baina espezie batzuk beste batzuk baino askoz zaurgarriagoak direla pentsatzen da. Animalia horien kasuan, gaixotasuna modu askotan garatu daiteke, eta kasu batzuetan heriotza tasa oso handia da.

Hegaztiengan eragina izan dezaketen gripearen birusaren zenbait azpimota daude (gutxienez 16), baina kalterik handiena egin dutenak A birusaren H5 eta H7 azpimotak dira.

Birus horiek oso kutsakorrak dira animalien artean. Hegaztien kasuan, oilaskoen edo beste espezie batzuen arteko transmisioa material kutsatuarekin granjatik granjara lotura zuzena izanda gerta daiteke edo bide mekanikotik (ekipo kutsatuak, ibilgailuak, kaiolak, pentsua, arropa, etab.). Birusa giroan luzaroan bizi daiteke, batez ere tenperaturak txikiak direnean. Aitzitik, birusak ez du bizirik irauten tenperatura handietan (70 ºC-ko tenperaturek edo handiagoek birusa osorik ezabatzen dute).

Etxeko hegaztien eta migrazio hegaztien arteko lotura ere hegaztien artean gaixotasuna transmititzeko mekanismo posible moduan identifikatu da.

Aurrekari moduan, esan dezakegu 1983. eta 1984. urteetan Estatu Batuetan epizootia (giza epidemiaren parekoa baina animalien kasuan) gertatu zela H5N2 azpimotak eraginda, eta hasieran heriotza-tasa txikia ekarri zuen arren, hurrengo sei hilabeteetan hegaztien artean %90eko heriotza-tasa eragin zuen. Dakigunez, gaixotasunaren agerraldia kontrolatzeko 17 milioi hegazti baino gehiago hil zituzten, 65 milioi dolarreko kostua baino handiagoa sortuz.

Agerraldi horiek zaindu eta kontrolatzeko protokolorik ez badago, epizootiak urte askotan luzatu daitezke. Adibidez, Mexikon 1992. urtean txartasun txikiarekin hasi zen H5N2 azpimotaren agerraldi bat guztiz hilkorra bihurtu zen eta ez zen 1995. urtera arte kontrolatu.

igo

Gaur egungo egoera

Gizakiengan antzeman zen H5N1 hegazti gripearen birusaren lehenengo infekzioa Hong-Kongen gertatu zen, 1997an. 18 pertsona ukituta egon ziren eta 6 pertsona hil ziren. Eragilea H5N1 azpimota izan zen, eta oso patogenoa zen hegazti gripearen epizootia batekin bat egin zuen.

1999an H9N2 hegazti gripearen 2 kasu berri gertatu ziren Hong-Kongen. 2003ko otsailean hegazti birusaren H5N1 azpimotak ukitutako 2 paziente eta hildako 1 identifikatu ziren Hong-Kongen, Txina hegoaldera bidaiatu zuen familia baten barruan.

Europan 2003ko otsailean hegazti gripearen H7N7 azpimotaren agerraldia gertatu zen, Herbeheretan. 89 kasu arin eta hildako 1 egon ziren. 2003. urtearen amaieran Asia hego-ekialdeko herrialde desberdinetako hegaztien artean hegazti gripearen H5N1 azpimotaren zenbait agerraldi izan zirela jakin da. Apurka-apurka beste herrialde batzuetara hedatu da eta hegazti gaixoekin harremanen bat izan duten gizakiak ere ukitu ditu.

Gaur egun, gizakien artean OMEk baieztatutako kasuak taula honetan jaso dira:

Herrilalde

2003

2004

2005

2006

Guztira

kasuak

her.

kasuak

her.

kasuak

her.

kasuak

her. kasuak

her.

Kanbodia

0

0

0

0

4

4

0

0

4

4

Txina

0

0

0

0

8

5

7

5

15

10

Indonesia

0

0

0

0

17

11

11

10

28

21

Irak

0

0

0

0

0

0

2

2

2

2

Thailandia

0

0

17

12

5

2

0

0

22

14

Turkía

0

0

0

0

0

0

12

4

12

4

Vietnam

3

3

29

20

61

19

0

0

93

42

Guztira

3

3

46

32

95

41

31

20

176

97

Espainian ez da A hegazti gripearen birusaren (H5N1) kasurik antzeman ez hegaztien kasuan ez gizakien kasuan.

Gaur egun, hegazti gripearen birusak batez ere hegaztiak ukitzen ditu. Salbuespen moduan bakarrik hegaztiengandik gizakiengana transmititu daiteke. Transmisioa gertatzeko animalia gaixoekin harremanak behin eta berriz eta hurbiletik izan behar dira.

Arazoa da birusa aldatzea eta pertsonen artean erraz transmititzeko modukoa izatea (eta ez hegaztiek gizakiei transmititzea, orain arte bezala). Une horretan aldarrikatu daiteke pandemia egoera. Egoera horretarako prestatzen ari dira nazioarteko erakundeak zein munduko herrialde guztiak.

Gaur egun ezin da aurresan noiz gertatuko den birusaren aldaketa eta noiz transmitituko den gizakien artean. Azken hori inoiz gertatuko den ere ez dakigu, ezta birus aldatuak izan dezakeen gogortasuna ere (adibidez, azken bi pandemiak -1957 eta 1968- 1918ko pandemia baino arinagoak izan ziren).

igo

Transmisioa

Hegazti gripearen birusa ez da pertsonen artean transmititzen



OMEren arabera, une honetara arte ez dago froga zientifikorik H5N1 birusaren gaur egungo agerraldia pertsona batengandik bestearengana transmititzen den. Ildo horretatik, ez da jakinarazi birus horrek ukitutako pazienteak tratatzean kutsatu den osasun arloko profesionalen kasurik.

Mementoz hegaztiengandik gizakiengana bakarrik transmititzen da, salbuespen kasuetan



Baieztatu den kutsatze bide bakarra hegaztiarengandik gizakiarengana transmititzea da. Kutsatutako hegaztiekin lotura zuzena izanda edo hegazti horien gorozkiekin kutsatutako azalerak edo objektuak ukituta gertatzen da kutsadura. Agerraldi horretan zein aurrekoetan, kasu guztietan hegaztiekin lotura zuzena eta jarraitua izan duten pertsonak izan dira, granjetan edo animalia bizidunen azoketan. Horrez gain, esan behar da H5N1 birusa hegaztiengandik gizakiengana kasu gutxitan transmititzen dela, baita animalia kutsatuekin lotura zuzena duten pertsonen artean ere. 2003. urtearen amaieratik Asia hego-ekialdeko hegaztien kasuan agerraldi ugari antzeman dira (150 milioi hegazti baino gehiago sakrifikatu dira) eta, proportzioan, kutsatutako pertsonen kopurua oso txikia da. Horrek arriskuaren balorazio hau indartzen du.

Ez dago froga epidemiologikorik hegazti gripea elikaduraren bidez gizakiei transmititu ahal zaiela esateko. Beraz, ez dago arrazoirik gure elikadura ohiturak aldatzeko. Gainera, hurrengo hau hartu behar da kontuan:

• Espainian une honetara arte ez da erregistratu hegazti gripea duten hegaztien kasurik, eta gure herrialdeak ez du ukitutako herrialdeetatik haragirik inportatzen.

• Espainian kontsumitzen ditugun hegazti guztiek kalitate kontrol zorrotzak gainditu behar dituzte.

• Horrez gain, eta kontsumitzaileak lasai egoteko, hegazti gripearen birusa beroaren aurrean oso sentikorra dela frogatu da eta, beraz, jakiak prestatzean birusa suntsitu egiten da.

Kutsatzeko arriskua handitzen duten egoerak

Hegazti gripearen epidemia luzeek giza esposiziorako aukerak handitzen dituztela baieztatu da. Horrez gain, giroan urtaroko gripearen giza birusak eta hegazti gripearen birusak aldi berean zirkulatzen ari direnez, hegazti birusaren mutazioen arriskua handitu egiten da.

igo

Ikerketa

H5N1 hegazti gripearen aurkako txertoa gizakiengan

Gaur egun hegaztientzat txertoa dago, hegaztien kasuan "epidemiak" eragiten dituen birusaren azpimota ezagutzen delako. Baina gizakientzat ez dago txertorik. Horren arrazoia da txertoa ezin dela prest egon birusa aldatu eta pertsona batengandik beste batengana transmititu arte. Une horretara arte ezin da jakin zer birus mota den eta, beraz, ezin da txertoa egin. Edonola ere, Osasunaren Mundu Erakundea, gripeari lotutako laborategien sarearen bidez, gizakiak H5N1 gripearen birusetik babesteko txerto bat ikertzen hasi da.

Hegazti gripearen aurkako tratamendua gizakiengan



Txertoa prest egon arte, hegazti gripeari tratamendu antibiralen bidez aurre egin ahal zaio. Horiei esker gaixotasuna hartu ondoren gelditu egin daiteke, birusa organismotik zabaltzea eragozten baitute, sintomen oldarkortasuna leuntzen baitute eta zailtasunak murrizten baitituzte. Antibiralek nolabaiteko eragin profilaktikoa ere badute, gaixotutako pertsonen inguruan kutsatzea saihesteko, birusa pertsona batengandik beste batengana transmititzen den kasuan. Gripearen birusak eragindako infekzio horiek tratatzeko bi botika mota daude. M2 inhibitzaileak (amantidina eta rimantidina) eta neuraminidasaren inhibitzaileak (oseltamivir eta zanamivir). OMEko Gripea Zaintzeko Munduko Sareko datuen arabera, H5N1 birusa oseltamivir-en aurrean sentikorra da. Orain arte aztertutako andui guztiek botika horren aurrean in vitro sentikorrak direla erakutsi dute. Gaur egun, OMEk oseltamivir botika gomendatzen du.

Gaixotasunaren sintomak gizakiengan

Lehenengo deskripzioetatik badakizkigu hegazti gripeak gizakiengan dituen ezaugarri kliniko nagusiak: 38 gradutik gorako sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna, eztula eta ondoeza. Paziente gehienek linfopenia (linfozitoen beherakada) esanguratsua izaten dute, eta aldaketak entzima hepatikoetan. Toraxeko erradiografian zehaztu gabeko alterazio nabarmenak agertzen dira. Birusarekin harremana izan denetik gaixotasuna hasi arte igarotzen den denbora bi eta zortzi egun bitartekoa da.

Paziente susmagarriak detektatu eta jakinaraztea gure herrialdean

Osasun eta Kontsumo Ministerioak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, zainketa protokoloa egin du, eta horretan A gripearen (H5N1) birusak kutsatutako gizakiaren kasu posible bat detektatuz gero aplikatu behar den prozedura ezarri da. Protokolo erraza eta operatiboa da, sor daitezkeen hegazti gripearen susmoei aurre egiteko.

igo

Ohiko galderak

Zein da birusaren agerraldiaren gaur egungo egoera?

Hegazti gripea ez da gaixotasun berria hegaztien artean. Izatez, Italian duela 100 urte baino gehiago kasuak egon zirela dakigu. Hala ere, 1997tik aurrra aktibatu da berriro gripe horren aurreko nazioarteko alarma, eta munduko hainbat herrialdetara hedatu da. Une honetan, hegazti gripea hegaztien artean transmititzen da eta, salbuespen moduan, hegaztiengandik gizakiengana, baina ez gizakien artean.

Baliteke pandemia bat gertatzea?

30 edo 40 urterik behin gripe pandemia gertatzen da munduan. Prozesu ziklikoa da eta normalean ezagutzen den gripearen birusaren azpimotaz bestelakoa agertzen denean gertatzen da. Tarte hori beti ez da erregularra izaten eta, izatez, azken pandemia aurreko pandemia igaro eta hamar urtera gertatu zen (1957an eta 1968an, baina bi kasuetan 1918an baino bigunagoa). Dena den, azken pandemiatik ia 40 urte igaro direnez, adituek uste dute ziurrenik beste bat gertatuko dela.

Gaur egun, pandemia arriskua hegazti gripearen birusa aldatzearen eta gizakien artean transmititzearen araberakoa da (eta ez hegaztiengandik gizakiengana, orain arte bezala). Gaur egun ezin da esan noiz gertatuko den birusaren aldaketa eta noiz transmitituko den pertsonen artean. Horrelakorik benetan gertatuko den ere ez dakigu.

Lasai egon gaitezke?

Une honetan herritarrei lasaitasun mezua igorri behar zaie. Gaur egun, osasun egoera aurreko pandemietan zegoenaz bestelakoa da. Herrialdeek osasun sistema onak eta behar den besteko baliabide terapeutikoak dituzte, profesional oso kualifikatuak eta bitarteko tekniko oso aurreratuak. Horrez gain, herritarren osasun egoera orokorra ere duela urte batzuk baino askoz hobea da.

Hala ere, gripe pandemiaren egoerak osasun publikorako arrisku larriak ekarriko lituzke. Hori dela eta, nazioarteko erakundeak eta mundu osoko herrialdeak gogor lan egiten ari dira pandemia gertatuz gero herritarrei eragindako kalteak albait txikienak izan daitezen. Izatez, prebentzio neurri guztiak aktibatuta daude eta gure Osasun Sistema Nazionala egoera horri aurre egiteko prest dago. Gainera, mota horretako beste egoera batzuetan pilatutako esperientziari esker (hala nola, SRAS edo Asiako pneumoniak sortutakoa), prebentzio mekanismoak eta informazioa trukatzeko mekanismoak asko hobetu dira mundu osoan.

Hegazti gripearen gaur egungo egoerari eta Europan osasun publikoak izan dezakeen balizko arriskuari dagokionez, Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) arriskuaren balorazioa etengabe egiten du. Gaur egun gizakien artean kasuak agertzeko dagoen arriskua txikia omen da, eta hegaztiekin loturak izatearekin zerikusia du.

Espainian hegazti gripearen kasuak detektatu dira?

Ez. Ez hegaztien artean ez pertsonen artean.

Nola har daiteke hegazti gripea?

Gaixotasuna hegazti kutsatuekin eta horien gorozkiekin lotura zuzen eta jarraitua izateagatik transmititzen da gizakiengana. Edonola ere, kutsatzea ez da erraza, eta salbuespen egoeretan bakarrik gertatzen da (izatez, orain arte hegaztiekin lotura jarraitua izan duten pertsonen artean soilik gertatu da, granjetan edo animalia bizidunen azoketan, eta kopuru oso txikian, kutsatutako hegaztien kopuru osoarekin alderatuz gero). Bestalde, orain arte ez da egiaztatu birusa pertsonen artean transmititzen denik.

Hegazti kutsatu bat janda gaixotasuna har dezaket?

Espainian mementoz ez da erregistratu hegazti gripeak kutsatutako hegaztien kasurik, eta gure herrialdeak ez du haragirik inportatzen ukitutako herrialdeetatik. Hori dela eta, gure elikadura katean ez dago arriskurik. Kontsumitzen ditugun hegazti guztiek kalitate kontrol zorrotzak gainditzen dituzte.

Gainera, orain arte ez dago froga epidemiologikorik hegazti gripearen birusa elikaduraren bidez kutsatzen dela esateko. Birusa beroaren aurrean oso sentikorra dela dakigu eta, beraz, jakiak prestatzean suntsitu egiten da. Hori dela eta, ez dago arrazoirik gure elikadura ohiturak aldatzeko.

Zein dira hegazti gripearen sintomak?

Hasieran, sintomak gripe arruntaren antzekoak dira (38 gradutik gorako sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna, eztula, ondoeza). Sintomak egun gutxitan areagotu daitezke eta kasu batzuetan pneumonia eragin dezakete. Gripearekin bateragarriak diren sintomak dituen gizabanakoa arrisku inguru batetik badator edo hegazti kutsatuekin harremanetan egon bada soilik bihurtzen da susmagarri.

Nola jakin dezake medikuak paziente batek gripe arrunta edo hegazti gripea duen?

Munduan ezarritako kontrol programei esker anduiaren bilakaera egunero azter daiteke. Modu horretan, une bakoitzean zer herrialde ukituta dauden jakin daiteke, eta beraz, zer herrialdetan gerta daitezkeen kutsadurak. Edonola ere, eta ukitutako herrialdeetara joan diren eta gaixotasuna hartuta itzultzen diren pertsonen kasuetarako, Osasun eta Kontsumo Ministerioak zainketa protokoloa egin du eta horretan gripearen birus honek kutsatutako gizakiaren kasua detektatzeko prozedura ezarri da. Protokolo erraza eta operatiboa da, ukitutako inguruetatik datozen pazienteekin sor daitezkeen hegazti gripearen susmoei aurre egiteko.

Birusa ezagutzen bada (H5N1) eta hegaztientzat txertoa badago, zergatik ez dago txertorik gizakientzat?

Birusa oraindik aldatu ez delako eta, beraz, gizakien artean transmititzeko gai den azpimota ez dagoelako. Mementoz hegaztiengandik gizakiengana transmititzen da, baina ez gizakien artean. Egoera hori gertatzen ez den bitartean ez da jakingo zer birus mota den eta, beraz, ezin izango da txertoa egin. Hala ere, OME buru dela, zenbait ikerketa egiten ari dira eta emaitza itxaropentsuak lortzen ari dira. Horri esker, txerto horiek egiteko prozesua aurreratu ahal izango da (4 eta 6 hilabete bitartekoa izan daiteke).

Guztiontzat txertoak egongo dira?

Pandemia egoera aitortuko balitz, laborategiek zenbait hilabete beharko lituzkete txertoa prest izateko. Osasun eta Kontsumo Ministerioa nazioarteko erakunde guztiekin lan egiten ari da une horretan eskuragarri dauden txerto guztiak banatzeko akordiorik zuzenenak lortze aldera. Txertoa sortzen den bitartean, egoerari tratamendu antibiralen bidez egingo litzaioke aurre.

Gizakiengan hegazti gripea sendatu daiteke?

Txertoa prest egon arte, hegazti gripeari tratamendu antibiralen bidez aurre egin ahal zaio. Horiei esker gaixotasuna hartu ondoren gelditu egin daiteke, birusa organismotik zabaltzea eragozten baitute, sintomen oldarkortasuna leuntzen baitute eta zailtasunak murrizten baitituzte. Antibiralek nolabaiteko eragin profilaktikoa ere badute, gaixotutako pertsonen inguruan kutsatzea saihesteko, birusa pertsona batengandik beste batengana transmititzen den kasuan, baina ez dute eragin immunologikorik. Edonola ere, antibiralak lehenengo sintomak agertu eta lehenengo 48 orduetan eman behar dira, baina horien eraginkortasun osoa ez da egiaztatuko birus berria agertu arte.

Zenbat antibiral erosi ditu Espainiak eta nori banatuko zaizkio?

Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta autonomia-erkidegoek 2005eko apirilean antibiralen bi milioi dosi erostea adostu zuten. Gainera, 2005eko urriaren 27an erosketa berria adostu zuten, Espainiako herritarren %20rentzat botikak izateko. Kopuru horrekin nahikoa izango da pandemia egoera batean agertzen diren kasu guztiei aurre egiteko. Horrek esan nahi du Osasun Sistema Nazionalak 6 eta 10 milioi dosi bitartean izango dituela. Antibiral horiekin, osasun agintarien lehentasun nagusia birusa gertatzen den lekuan birusaren hedapena geldiaraztea izango da, elkartasun printzipioa aplikatuz. Hori dela eta, dosiak lehenengo infekzio fokuarekin harremanetan dauden pertsonei eta horien ingurukoei emango zaizkie, baita osasun profesionalei, larrialdietako profesionalei eta oinarrizko zerbitzuetako profesionalei ere.

Gure osasun sistema pandemia bati aurre egiteko prest dago?

Pandemia gertatu aurretik osasun zentroak antolatu eta prestatzea funtsezkoa da pandemiari berme handiagoekin aurre egiteko eta pandemia gertatuz gero horren hedapena atzeratzeko. Alderdi hori azpimarratzen da Espainiako Gobernuak egindako Prestakuntza eta Erantzun Planean, eta plan autonomiko guztietara bilduta dago.

Horrez gain, osasun zentroetan infekzioa kontrolatzeko neurriei buruzko protokolo berezia egin da. Neurri horien artean higieneari, garbitasunari eta desinfekzioari buruzko neurriak, pazienteak isolatzeko neurriak, isolatze geletako sartu-irteeren kontrola eta pazienteak bisitatzeko eta horiei laguntzeko neurriak ezarri dira. Osasun profesionalentzako babes pertsonalerako ekipoak ere zehazten dira (maskarak eta arnasketa babesleak, beste osagai batzuez gain), material kutsatua suntsitzeko prozedurak eta pazienteak hartu eta garraiatzeko prozedurak, baita hileta osasunaren esparruan aplikatu behar diren printzipioak ere. Amaitzeko, ukituekin harremanetan egon diren pertsonekin aplikatu behar diren jarduera mekanismoak ezarri dira.

Komeni da aurten herritarrek gripe arruntaren aurkako txertoa hartzea?

OMEk, Europar Batasunak, Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek gripe arruntaren aurkako txertoa hartzea gomendatzen die bakar-bakarrik arrisku taldeen barruan sartzen diren pertsonei (65 urtetik gorakoak, gaixo kronikoak, osasun arloko langileak). Beraz, ez da beharrezkoa gainerako herritarrek txertoa hartzea. Gripe arruntaren aurkako txertoak ez du balio hegazti gripea prebenitzeko.

Pertsona bat hegazti gripearekin kutsatu daiteke hegazti basatiak manipulatuz?

Une honetan, gure herrialdean ez dago hegazti griperik, eta beraz, ez dago kutsatzeko aukerarik. Edonola ere, hegazti gripea egon zein ez, ehiztariek eta hegazti basatiekin harremanetan dauden pertsonek oinarrizko higiene neurriak hartu behar dituzte hegazti horiek manipulatzeko eta manipulatu ondoren.

Zein babes neurri ezarri dira granjetan lan egiten duten pertsonentzat edo hegaztien artean balizko gripe agerraldiak egonez gero kutsatu daitezkeen pertsonentzat?

Gaur egun, hegazti gripearekin kutsatutako hegaztiekin lan egin edo harremanetan daudenek arrisku txikia dute birus horrekin kutsatzeko. 2003. urtearen amaieratik Asia hego-ekialdean hegaztien artean agerraldi ugari detektatu diren arren, proportzioan, kutsatutako pertsona kopurua txikia da eta horrek arriskuaren ebaluazio hori indartzen du.

Edozein kasutan, hegaztien granjetan lan egin edo bizi diren pertsona guztientzat eta hegazti gaixoekin harremanak izan ditzaketen pertsona guztientzat jarduera protokoloa egin da, hegazti gripearen fokuak detektatzeko aukeraren aurrean albait ondoen babestuta egon daitezen.

Pertsona horiek babesteko lehenengo puntu giltzarria hegaztien kutsadura azkar eta modu seguruan kontrolatzea izango da, eta birusarekiko lotura mugatzea, pertsonak eta animalia kutsatuak bereiziz. Modu horretan, hegaztiak sakrifikatzeaz arduratzen diren pertsonak albait gutxien izan behar dira, eta babes indibidualerako ekipo bereziak erabili behar dituzte (eskularruak, arnasketa babesleak, betaurreko babesleak, arropa iragazgaitzak, zapatak babestekoak. Modu berean, ukitutako inguruan pertsonen mugimendua albait gehien murriztu behar da.

Protokoloan granjetan lan egiten duten pertsonen artean edo gure herrialdean hegaztietan gripearen agerraldia detektatzen den unean hegazti gaixoekin harremanak dituzten pertsonen artean antibiralak administratzeko jarraibideak ezarri dira. Osasun publikoaren zerbitzuek kasu bakoitzean pertsona horiek duten arriskua ebaluatuko dute antibiralak administratzeko profilaxi edo tratamendu moduan, sintomaren bat duten pertsonen kasuan.

Hegazti gripeak ukitutako herrialdeetara bidaiatu dezaket?

Osasunaren Mundu Erakundeak esan duenez, hegazti gripea, gaur egun, ez da arrazoia ukitutako herrialdeetara ez bidaiatzeko. Hori gorabehera, osasun arloko aholku batzuk bete behar dira kutsadura saihesteko, esan denez, kutsadura salbuespen inguruabar batzuetan bakarrik gertatzen den arren. Adibidez, animalia bizidunekin (edo animalien gorpuekin edo gorotzekin) lotura zuzena saihestea azoketan, granjetan eta erreserba naturaletan; lagun egiteko txoririk ez erostea edo horiekin loturarik ez izatea; eta gripearen aurkako txertaketa garaian gripe arruntaren aurkako txertoa hartzea herrialde hauetakoren batera bidaiatzen bada, kutsadura saihesteko. Era berean, oso garrantzitsua da higiene pertsonal ona izatea. Edonola ere, etxera itzuli eta hurrengo zazpi egunetan dugun osasun egoerari erreparatu behar zaio. Egun horietan sukarra, eztula edo arnasketa zailtasunik sentitzen bada, medikuarengana jo behar da. Osasun eta Kontsumo Ministerioak informazio hau guztia interesdunei ematen die, Nazioarteko Txertaketa Zentroen bidez, eta material informatiboak ere kaleratu ditu.

igo

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa