(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

 Imagen decorativa
Gobernadorearen Jauregia

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Jauregi hau Rua kalean (Donejakue bidearen kalean) eraiki zen 1608tik 1613ra bitartean, eta eskualde honetan arruntak ez diren ezaugarri arkitektonikoak ditu. XVI. eta XVII. mendeetan Lizarra izugarri garatu zen, merkataritza arloan Iruña edo Tutera gainditzeraino.

Gobernadorearen Jauregiaren barnealdea

Gobernadorearen Jauregiaren barnealdea

Juan Etxabarri Larrainek eraikiarazi zuen. Juan Etxabarri XIV. mendetik aurrera Nafarroako monarkiarekin lotura handia izandako Lizarrako familia batekoa zen, XVI. eta XVII. mendeetan boteretsu bihurtu zen familia batekoa. Lizarraldean eta Austriarren gortean bizi izan zen. Aipatu hirian Justizia karguan jardun zuen, delituak ikertzeko eta gaizkileak zigortzeko erregeak emandako karguan; Merio gisa ere aritu zen. Erregeak izendatzen zituen Merioak, eta epaile lanak egiten zituzten Lizarran eta merindadean. Gortean, Errege Kontseiluko kide izateaz gain, Gurutzada Santuaren kontalari ere izan zen. Bere dohainez eta jatorri zaharreko familietako kideekin egin zituen hiru ezkontzez baliatuz, aberastu eta goi-goiko maila erdietsi zuen gizartean. 1609an Felipe III.ak Purroyko baroi titulua eman zion.

Eraikinaren proiektua zeinena den ez dakigun arren, badirudi Juan Gómez de Morarena izan daitekeela, dituen ezaugarri formalengatik, eta Juan Etxabarriren eta Lermako dukearen arteko harreman estuarengatik, dukearentzat lan egin baitzuen Gómez de Morak.


Jauregiko ganga

Jauregiko ganga

Eraikinean aipatzekoak dira proportzio bikainak eta arkitekturaren konposizio orekatua, zein fatxadan, zein barrenean. Bi pisuko patio dotorearen inguruan antolatua dago; patioaren alde bakoitzak hiru arku ditu, eta horien euskarri zutabe doriarrak. Fatxadan hiru armarri daude: erdikoan Juan Etxabarriren armak; horren eskuinekoan haren semearenak eta ezkerrekoan, bigarren emazte Felipa Enríquez de Cisneros Albornozenak, gainean koroa bat dutela, erregearen familiaren ahaidea baitzen.

Haren oinordekoek gorde zuten eraikinaren jabegoa 1880 arte. Urte horretan beste batzuen eskuetara igaro zen. 2000. urtean hiriko Udalak erosi zuen eraikina, aurri egoeran zegoena, eta Nafarroako Gobernuari laga zion, Karlismoaren Museoa jar zezan.


Soldaduak zaldi gainean (José Cusachs y Cusachs, 1895)

Soldaduak zaldi gainean (José Cusachs y Cusachs, 1895)

Geroztik egitura sendotu eta zaharberritu da, baita barrenaldea egokitu ere museo izateko. Zaharberritzeari esker arkitektura-balioa eta jatorrizko itxura berreskuratu ditu, hondatua baitzegoen zaharra izateagatik, batetik, eta izan zituen erabilerengatik (larru-lehortegia eta mekanika lantegia, besteak beste), bestetik.

Gainera, ondoko orubean, eraikin berria jaso da administrazio zerbitzuak eta dokumentazio zentroa paratzeko.

Gobernadorearen Jauregia deitzen diote lizarratarrek. Ez dakigu izen hori nondik heldu den, Nafarroan ez baitzen izan horrelako kargurik. Agian, karlisten gobernuaren garaian (1872-1875) Lizarrako gobernadore militarraren egoitza izateagatik datorkio.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa