(Edukira Joan)
comienza contenido web

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Alice M. Bouman Alice M. Bouman-Dentener. Biologoa da, garapen iraunkorrean, uraren gobernantzan eta generoan espezializatua. Gaur egun, Uraren aldeko Emakumeen Elkarteko (Women for Water Partnership - WfWP) Ohorezko Fundatzaile Lehendakaria da. Uraren, saneamenduaren eta garapen iraunkorraren alde lan egiten duten tokiko, estatuko eta nazioarteko emakumeen erakunde eta sareen munduko elkartea da.

“Uraren eta saneamenduaren esparruak potentzial ikaragarria du emakumeen eta nesken bizitza aldatzeko. Ura bizia da eta saneamendua duintasuna.”

Elena Cebrián. Txartel politikorik gabe baina profil tekniko fidagarriarekin, Valentziako Erkidegoko Nekazaritza, Ingurumen, Klima Aldaketa eta Landa Garapeneko Kontseilari izendatu zuten, 2015ean. Ingeniari agronomoa da formazioz eta, Valentziako politikan ibilbidea egiten hasi aurretik, Kopenhageko Europako Ingurumen Agentziako aditu nazional garrantzitsua izan zen, beste hainbat karguren artean.

“Ingurumena beste politika batzuk eraikitzeko politika sendo eta zeharkako gisa hartzea nahitaez egin beharreko kultura- eta gizarte-arloko aldaketa bat da, krisiaren zati handi bati aurre egiteko.”

Isabel Elizalde.Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariak bere ibilbide profesionalaren hasieratik toki-garapeneko agente gisa eraikitako lurraldearen ezagutza sakonean oinarritzen du bere kudeaketa. Beste kargu batzuen artean, Cederna Garalurreko zuzendaria izan da eta tokiko garapen iraunkorreko eta nazioz gaindiko lankidetzako proiektuak sustatu ditu.

“Ahalegin garrantzitsua egin behar da karbonoaren ekonomia desegiteko, garraio iraunkorraren, erregai fosilak alde batera uzteko konpromisoaren eta produkzio agroekologikoa sustatzeko laguntza finantzarioaren eta ikerketaren aldeko apustuarekin”.

Cristina Gallach. Nazio Batuetako ondoko zuzendari nagusia izan da, eta Javier Solanaren bozeramaile eta komunikazio-zuzendaria NATOko buruzagi izan zen aldian (1996-99), Europar Batasuneko kanpo politikako arduradun gisa (1999-2009). Europar Batasuneko Kontseiluan Aukera Berdintasuneko arduradun izan zen eta, aurretik, Harreman Publikoetako buru. Kazetari gisa ere esperientzia handia du, batez ere gatazkan dauden eremuetako korrespontsal gisa, Sobiet Batasun ohian eta Bruselan.

“ Arduratsuak izan behar dugu. Planetan hondamenezko ondorioak izatea geldiaraz dezakeen azken belaunaldia gara eta munduan gosea desagerrarazten ikus dezakeen lehen belaunaldia gara”.

Miren Larrion. Doktorea da Industria eta Ingurumen Ingeniaritzan eta, gaur egun, irakasle agregatu plaza du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Hondakin-kudeaketan espezialista da eta, politika-arloan, Gasteizko EH-Bilduko bozeramailea eta EH-Bildu Taldeko legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarrean.

“Europako egungo planteamendua ekonomia zirkularrean oinarrituta dago: bereizten eta berrerabiltzen ari ez garena zaborrera botatzen ari gara: hartu, erosi, erabili eta bota egiten dut. Lehengai bat ateratzen denean, zirkuituan sartu eta zirkuitutik aterako ez den ekonomia planteatzen da”.

Elena Lete. Administrazioan 25 urte eman ondoren, Bergarako alkatea da gaur egun. Aparejadorea lanbidez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako eta Hirigintzako zuzendaria eta Hirigintza-batzordeko lehendakaria izan da.

“Euskadik ezin du jarraitu lurzorua mugarik gabe kolonizatzen, daukagun lurralde natural urria agortuko baita. Dagoeneko agortuta eta zaharkituta dagoen eremu hiritar eta industriala, askotan oso ondo kokatutakoa, antolatu eta lehengoratu behar dugu, eta kontzeptu iraunkor, teknologiko eta etorkizuneko berrituekin, Hiri Adimentsuak izango direnen premietara bideratu”.

Uxua López. Telekomunikazio-ingeniaria da eta hamarkada bat baino gehiago darama lanean energia berriztagarrien arloan. Homeward Bound proiekturako hautatu dute. Proiektu hori emakumez osatutako talde batek Antartikara egindako espedizioa da, hain zuzen ere, energiarekin eta klima-aldaketarekin zerikusia duten gaiak lantzeko (arintzea, generoa, komunikazioa, inpaktua).

“Espainian, lurzoruaren % 74 basamortu bihurtzeko prozesuan dago. Urte hidrologikoko euri-mailak % 15 jaitsi dira, espezie inbaditzaileak gure osasuna eta biodibertsitatea mehatxatzen ari dira… Lidergo-potentziala duten emakumeei erabakiak hartzeko aukera ematean egon daiteke soluzioa.”

Cristina Monge.ECODESeko (Ekologia eta Garapen fundazioa) Elkarrizketen zuzendaria da eta Soziologiako irakaslea Zaragozako Unibertsitatean. Ibilbide akademiko eta profesional luzea du eta mugimendu sozialei lotuta dago, batez ere herritarren eta partaidetza-mugimenduekin eta ingurumenaren babesarekin zerikusia dutenei.

“Baina ez dugu ahaztu behar klima-aldaketak gehiago eragiten diela behartsuenei eta emakumeak baliabide gutxien dituzten herritarren % 70 direla. Beldurgarria da.”

Cristina Narbona.Espainiako Langile Alderdi Sozialistako egungo presidentea da. Ekologismoari eta Ingurumen Ministerioari lotutako ibilbide profesional eta politiko zabala du. Ministerioan idazkari, Estatuko idazkari eta ministro karguak bete ditu hamabi urtetik gorako aldian.

“EBrako, karbono gutxiko ekonomia bateranzko trantsizio energetikoa bere potentzial handienetako bat da.”

María Neira. “Munduko mediku” gisa ezagutzen da eta Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria da, hain zuzen ere, Osasun Publiko, Ingurumen eta Osasunaren Determinatzaile Sozialen sailekoa. Gaur egun, airearen kalitatearen aldeko borrokan jarrita du arreta.

“Hamar urte barru, harro sentituko gara airearen kutsaduraren aurka egin genuenaz ala ezkutatu egingo gara. Egia esan, zerbait egin behar da”.

Patricia Perales. Lan sozialaren esparrutik dator. Gaur egun, Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Iraunkorraren Arloko zinegotzi delegatua da eta tokiko ekonomia ikuspegi iraunkorretik sustatzea jarri du zuzentzen duen arloko helburuen artean.

“Elikadura-burujabetza, feminismoa, tokiko ekonomia solidarioa, iraunkortasuna hirian edo herritarren sentsibilizazioa eta solidaritatea sustatzeko laguntza dira udalak hartutako konpromisoetako batzuk.”

Olga Risueño. Olga Risueño aktibismotik iritsi zen udal-politikara eta, gaur egun, Nekazaritza, Mendi, Ingurumen eta Tokiko Agenda 21eko eta Zerbitzu Kontratatuetako zinegotzia da. Aldi berean, nekazaritzako elikagaien sektorean ari da lanean.

“Oso ondo dakigu edozein aldaketa garrantzitsu egiteko sinergiak bildu behar direla.”

Asun Ruiz.Zientzia Biologikoetan lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Enpresa Kudeaketan diplomaduna da. Bere unibertsitateko Ekologia sailean ekin zion ibilbide profesionalari eta gaur egun SEO/Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteko zuzendari exekutiboa da. .

"Erronka nagusia gizartea “naturalizatzea” da; hori motor handia izango litzateke eta harremanak, kontsumoa eta produkzio-eredua naturalizatzea esan nahi du.”

fin contenido web