(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

6/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzkoa

 

(2000ko 82. NAOn argitaratua, uztailaren 7an; akats zuzenketa, 3/2011 Foru Legea, martxoaren 17koa; 2000-09-29ko NAO. Aldaketak: 250/2002 Legegintzako Foru Dekretua, abenduaren 16koa)

Zioen Azalpena

Konstituzioaren 39. artikuluak dioenez, botere publikoen ardura da familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatzea. Artikulu horrek ez du famili eredu jakinik ezta eredu nagusirik ere aipatzen; beraz, familia zer den modu zabalean interpretatu beharko dugu, egungo errealitate sozialaren arabera eta Konstituzioko gainerantzeko artikuluek ezarritakoen arabera; bereziki kontuan hartu beharko dira 9.2 artikulua (botere publikoei ezartzen die eginbeharra gizabanakoaren eta gizabanakoak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izateko baldintzak sustatzeko) eta 14. artikulua (espainiarrak berdinak dira legearen aurrean eta inor ez da baztertuko jaiotze, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta).

Gure ordenamendu juridikoan agertzen dira jadanik zenbait kasu non ezkondutakoen antzeko egoera aitortzen zaien ezkondutakoen antzeko afektibitate harremana izan eta modu egonkorrean elkartuta dauden bikoteei; bereziki, adopzioari, hiri-errentamenduei, asilo-eskubideari, zenbait xedapen penali eta gizarte-prestaziori dagokienez.

Hala ere, legeetan, oraindik, zenbait xedapenek baztertu egiten ditu tradizionala ez beste famili ereduak, hau da, ezkontza bidez gauzatutakoa ez beste guztiak; horrela, ez da kontuan hartzen Konstituzioko 32. artikuluak ezkontzeko eskubidea aitortzen duenean, orobat, beste famili eredu bat aukeratzeko eskubidea ere aitortzen duela, eta aukera horrek ez du zertan ekarri aukera hori egin dutenentzat legea okerragoa izatea.

Foruaren Hobetzearen 48. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroak eskumen osoa du foru zuzenbide zibilaren arloan. Halaber, Nafarroak baditu eskumenak bikote egonkorren egoera ukitzen duten beste arlo batzuetan ere.

Foru lege honek nahi duena da legedian dirauen bazterkeria desagertaraztea, hau da, gure inguru sozialean kulturalki onartzen diren famili forma ugariak kontuan hartuta, familia hori osatzen dutenen egoera pertsonal edo soziala dela-eta legeetan dirauen bazterkeria desagertaraztea; orobat, foru lege honek nahi du familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren arau garapena burutu –babes hori Konstituzioaren printzipioetako bat dela hartu behar da kontuan–. Hori egiteko, araudia egokitu egin behar da gaur egungo gizartearen errealitatera.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ez baztertzearen printzipioa.

Nafarroako ordenamendu juridikoa interpretatu eta aplikatzerakoan, inor ez da baztertuko osatzen duen famili taldea osatzen duela ere, eta ez dira kontuan hartuko ez filiazioa, eta ezta ere famili talde hori ezkontza bidez osatu den edo antzeko afektibitate harremana izan eta elkarrekin bizi diren pertsona bi elkartuz osatu den -sexu- joera kontuan izan gabe.

2. artikulua. Bikote egonkorra kontzeptua.

1. Hurrengo artikuluetan, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre, publiko eta nabarmena, ezkontideenaren antzeko afektibitate-harremanaren pareko harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol- edo adopzio-ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

2. Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta bailiran bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, nahikoa izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko nahikoa izanen da bikotea eratzeko borondatea agiri publiko bidez adieraztea.

Baldin eta bikotekide batek edo biek ezkontza-lotura bat badute, horietako azkenak ezkontza-desegitea edo, kasua bada, deuseztasuna lortzen duen unera arte elkarrekin bizitzen igarotako denbora kontuan hartuko da adierazitako urtebeteko epea zenbatzean.

3. Foru lege honetako xedapenak bikote egonkorrei aplikatuko zaizkie bikote egonkorreko kideetako batek gutxienez Nafarroako auzotartasun zibila baldin badu.

3. artikulua. Egiaztapena.

Bikotea egonkorra dela eta elkarrekin bizitzen urtebete igaro dutela Zuzenbidean onarturiko edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahalko da.

4. artikulua. Bikote egonkorra desegitea.

1. Hurrengoren bat gertatuz gero joko da desegintzat bikote egonkorra:

a) Bi kideetako bat hiltzen bada edo hiltzat deklaratzen badute.

b) Bi kideetako bat ezkontzen bada.

c) Bi kideek hala erabakitzen badute.

d) Bi kideetako batek bere kabuz hala erabaki eta besteari modu fede-emailean jakinarazten badio.

e) Urtebete baino gehiago ematen badute elkarrekin bizi gabe.

f) Bi kideek eskritura publiko bidez zerbait hitzartu eta hori gertatzen bada.

2. Bikoteko bi kideak behartuta daude noizbait dokumentu publiko bidez adierazia izan lezaketena indarrik gabe uztera –nork bere aldetik, hala izan behar badu–.

3. Bikote egonkorra osatzen duten kideek ezin izanen dute beste norbaitekin beste bikote egonkor bat eratu, non eta lehenengo bikotea ez den desegin lehen idatz-zatian ezarrita dagoen zerbait gertatzearen ondorioz.

4. Bikote egonkorraren iraungitzeak bi kideetako edonork bestearen alde emandako botereak berreskuratzea ekarriko du.

II. KAPITULUA. Bikotearen harremanaren edukia

5. artikulua. Elkarbizitzaren arautzea.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek dokumentu publikoz edo pribatuz arautu ahalko dituzte, balio osoz, elkarbizitzaren ondoriozko harreman pertsonalak eta ondarezkoak, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak adieraziz. Orobat, bikotea osatzen duten kideek arautu egin ahal izanen dituzte egoki deritzeten ordain ekonomikoak bikotea desegiten den kasurako, Foru Lege honek ezarritako gutxieneko eskubideak betiere errespetatuz; eskubide horiei ezin zaie uko egin exijitu ahal direneko unea iritsi bitartean.

2. Ezin izanen da hitzartu bikote egonkor bat aldi baterako eratzea, ez eta hori inolako baldintzaren menpean jarri ere.

3. Hitzarmenik ezean, bikote egonkorra osatzen duten kideek ahal duten neurrian lagunduko dute etxea mantentzen eta gastu komunei aurre egiten, bai dirua emanez bai lan pertsonala eginez. Gastu komunei aurre egiteko ekarpentzat joko dira etxean eginiko lana, beste kidearen lanbiderako edo enpresarako laguntza pertsonal edo profesionala ematea horren truke inolako ordainik edo behar adinako ordainik jaso gabe eta norberaren jardueratik edo ondasunetatik eratorritako baliabideak, norberaren dirusarreren proportzioan, eta, horiek nahiko ez balira, norberaren ondasunen proportzioan.

Ez dira gastu arruntzat joko kide bakoitzak bere ondasun propioak kudeatzearen eta babestearen ondorioz sortutako gastuak; ezta ere, orobat, bikotekideetako baten interesei erantzuten dietenak.

4. Elkarrekin bizitzeari uztean, bikoteko kideetako edozeinek besteari aldikako mantenua eskatu ahalko dio, bizibidea izan ahal izateko; hurrengo kasuetan eskatu ahalko da:

a) Elkarrekin bizitzearen ondorioz, eskatzaileak diru-sarrerak lortzeko zeukan gaitasuna gutxitu egin bada.

b) Elkarrekin izandako seme-alabak –bere ardurapekoak– zaindu beharraren ondorioz lan-jarduerarik ezin badu burutu edo horretarako oztopo larriak baditu.

5. Hitzarmenik ezean, bi kideek bizirik daudela uzten badiote elkarrekin bizitzeari, inolako ordainketarik edo behar adinakorik jaso gabe bikotearentzat edo bikotekidearentzat lan egin duenak eskubidea izanen du diru-ordainsari bat jasotzeko baldin eta, aipaturiko arrazoiaren ondorioz, bidegabeko aberastea ekarri duen desoreka-egoera bat sortu bada bien ondareen artean.

6. artikulua. Mantenuagatik aldizka eman beharreko pentsioaren eta konpentsazio ekonomikoaren eskaera.

1. Aurreko artikuluko 4 eta 5. idatz-zatiek aipatzen duten eskubideen eskaera hori elkarbizitza amaitzen denetik urtebeteko epearen barrenean egin beharko da.

2. 5.4. artikuluak manatutako betebeharra, a letraren kasuan, hiru urteko epean amaitzen da, lehenengo pentsioaren ordainketa egunetik aitzina, oro har, elikagaietarako eskubidea amaitzeagatik eta horren onuraduna ezkontzen den momentutik edo ezkonduak bezala bizitzen hasten denetik aitzina. b letraren kasuan aldiz, arrazoia edozein delarik ere seme-alabenganako ardura eteten denean edo horiek adinez nagusi izatera iritsi edo emantzipatzen direnean; salbuespen izanen dira ezgaitasun kasuak.

3. 5.5. artikuluak manatzen duen konpentsazioaren ordainketa hiru urteko epean eginen da, gehienez ere, aitortu izan denetik aitzinako legezko korrituekin. Konpentsazioa eskudirutan eginen da, salbu eta bi aldeen artean ados jartzen badira edo epaileak, frogatutako arrazoia izanik, horretara behartuta dagoen bizikidearen ondasunekin ordaintzea baimentzen badu.

4. Mantenuagatik aldizka eman beharreko pentsioa murriztu edo desagertuko da konpentsatzen duen desoreka gutxitzen edo desagertzen den heinean.

7. artikulua. Ondare erantzukizuna.

Bikote egonkorra osatzen duten kideek modu solidarioan erantzungo dute hirugarrenen aurrean baldin eta sorrarazi dituzten betebeharrak beharrezkoak baziren etxea mantentzeko eta elkarrekin izaniko seme-alabez arduratzeko.

8. artikulua. Adopzioa.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek elkarrekin adoptatu ahalko dute, eta ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berak izanen dituzte.

2. Bikote egonkorrek osaturiko famili eredua ere jasoko da umeen adopzio eta hartzeari buruzko foru araudian, eta, horretarako, aldatu eginen da foru araudia.

9. artikulua. Akzio eta eskubideez baliatzea.

1. Bikote egonkorreko kideak eta ezkondutako bikoteetako kideak egoera berean egonen dira hurrengo gaiei buruzko xedapenekiko: tutoretza, kuradoretza, ezgaitzea, absentzi deklarazioa eta zarrastel deklarazioa.

2. Idatz-zati berri bat eransten zaio Nafarroako foru zuzenbide pribatuko Bilduma edo Foru Berriari buruzko 62. Legeari.

..............................

10. artikulua.

III. KAPITULUA. Oinordetzaren, zergen eta funtzio publikoaren araubidea

11. artikulua. Oinordetzaren araubidea.

Nafarroako foru zuzenbide pribatuko Bilduma edo Foru Berrian ondoko aldaketak eginen dira:

1. 253 Legeari bigarren lerrokada gehitzea, erredakzio honekin:

.................................

2. 304 Legearen 5. idatz-zatia aldatzen da, eta erredakzio hau izanen du:

................................

3. 341 Legea aldatzen da, eta erredakzio hau izanen du:

................................

12. artikulua. Araubide fiskala.

1. Bikote egonkor bateko kideak ezkontidetzat hartuak izanen dira Nafarroako legedia fiskalak aurreikusitako ondorioetarako, errendimenduak zenbatu eta kenkariak edo salbuespenak aplikatzeari dagokionez.

3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legean ondoko aldaketak eginen dira:

a) 14. artikuluko 2. idatz-zatiko d) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"d) Ezkontide edo bikotekide egonkorrarengandik jasotako konpentsazio-pentsioak eta mantenurako urteko kantitateak".

b) 55. artikuluko 2. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"2. Konpentsazio-pentsioengatik. Kontzeptu horrengatik ezkontidearentzat ordaindutako kantitateak eta mantenurako urteko kopuruak, zergadunaren seme-alaben alde ezarritakoak salbu bi kantitate horiek epailearen erabakiz ezarri beharko dira; halaber, bikotekide egonkorrarentzat ordaindutako kantitate legez galdagarriak".

c) 62. artikuluko 1.e). idatz-zatiko bigarren lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"Lagundutako pertsonaren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak eginen du dedukzioa, eta, ezkontiderik edo bikotekiderik ezean, graduaren arabera hurbilen duen senideak".

d) 62. artikuluko ) idatz-zatiko b’) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"b') Dedukzioa egiteko eskubidea emanen dute subjektu pasiboaren beraren edo berarekin bizi diren ezkontide, bikotekide egonkor, arbaso edo ondorengoen minusbaliotasunaren ondorioz subjektu pasiboaren ohiko etxebizitzan egin beharreko obrek eta egokitze-instalazioek".

e) 71. artikuluko 1. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"1. Zerga honen eraginetarako, ondokoak dira famili unitateak:

a) Legez berezita ez dauden senar-emazteek eta, kasua bada, adin txikiko seme-alabek gurasoen baimenez haiengandik aparte bizi direnak izan ezik eta judizialki ezgaitutako adin nagusiko seme-alabek, luzatu edo birgaitutako guraso-ahalgopean daudenek osatutakoa.

b) Bikote egonkor batek bere legedi berariazkoari jarraikiz eta, kasua bada, adin txikiko seme-alabek gurasoen baimenez haiengandik aparte bizi direnak izan ezik eta judizialki ezgaitutako adin nagusiko seme-alabek, luzatu edo birgaitutako guraso-ahalgopean daudenek osatutakoa.

c) Legezko banantzea izan denean edo ezkontza-loturarik ez dagoenean, famili unitatea aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena izanen da, baldin eta aurreko idatz-zatietako baldintzak betetzen badituzte".

f) 75. artikuluko 6. erregela aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"6. 71. artikuluko 1.a) eta 1.b) idatz-zatiek aipatzen dituzten famili unitateen kasuan, 55. artikuluko 4. idatz-zatiko 2. erregela aplikatzearen ondorioz ezkontideetako edo bikote iraunkorreko kideetako batek ezin izan duenean osoki aplikatu 3. idatz-zatian aipatzen den murrizketa, gerakina beste ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren gutxieneko pertsonalari erantsiko zaio".

13. artikulua. Funtzio publikoaren araubidea.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideak ezkontide gisa hartuko dira lizentziei, baimenei, administrazio-egoerei, lanpostu-hornidurari, famili laguntzari eta eskubide pasiboei dagokienez, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuak aurreikusitako ondorioetarako.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuko 50. artikuluko 1. idatz-zatiko a) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"a) Dirusarrerarik ez duen ezkontide edo bikotekide egonkorrarengatik.....% 3,50".

3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuko 75. artikulua aldatuko da. Honela idatzita geratuko da: "Alarguntasun pentsioa jasoko dute funtzionarioen eta erretiro-pentsiodunen ezkontide eta bikotekide egonkorrak, baldin eta erregelamenduz ezarriko diren baldintzak betetzen badituzte".

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Gobernuak eta Udalek Bikote Egonkorren Erregistroak sortu ahalko dituzte, bikoteen borondatezko inskripzioaren bitartez horien eraketari buruzko froga errazteko.

Foru Lege honek araututako bikoteak Erregistro Zibilean inskribatzea aurreikusten badu Estatuko legediak, Foru Lege honek lotzen dizkien ondorioak inskribatzen diren bikoteei dagozkiela ulertuko da.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru lege honetako xedapenak lehenagotik eratutako bikote egonkorrei aplikatuko zaizkie foru legea indarrean sartzearekin bat, baldin eta 2. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena

Nafarroako Gobernuak behar diren erregelamenduak emanen ditu foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hilabete barru hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa