(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

242/2000 FORU DEKRETUA

242/2000 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 27KOA, LANGILEEK LANEKO ETA FAMILIAKO EGINBEHARRAK BATERA ERAMATEKO ETA JAIOTZA-TASA SUSTATZEKO NEURRI OSAGARRI GISA ONETSI DIREN ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA.

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2000ko 93. NAOn argitaratua, abuztuaren 2an. Aldaketak: 24/2001 Foru Dekretua, urtarrilaren 29koa; 242/2006 Foru Agindua, urriaren 23koa)

Atarikoa

Botere publikoek familiari eman beharreko babes sozial, ekonomiko eta juridikoa Espainiako Konstituzioan eta Europako Gutun Sozialean dago jasoa, familia gizartearen funtsezko elementutzat hartzen baitute.

Hala ere, 1976 eta 1998. urteen artean Nafarroako jaiotza-tasa erdira jaitsi da. 1970 eta 1994. urte bitartean, ohikoa izan da Europako Batasuneko herrialde guztietan jaiotza-tasak behera egitea, baina Espainian eta Nafarroan nabarmenagoa izan da. 1980. urtetik aurrera, Nafarroako jaiotza-tasa belaunaldiak ordezkatzeko behar den mailaren azpitik dago (emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba).

Nahi baino seme-alaba gutxiago izateko arrazoien artean, nabarmentzekoa da ohikoa dela bi ezkontideak familiaren etxetik kanpo lan egiten aritzea.

Berriki arte, Espainiako familia arloko politika-ildo nagusia, familiari, orohar, lagundu beharrean, biztanle sektorerik behartsuenei laguntzera bideratua zen. Alabaina, langileen familiako eta laneko eginbeharrak batera eraman ahal izatea sustatzeko azaroaren 5eko 39/1999 Legeak aurrerapausu handia ekarri du; izan ere, onetsitako neurriak familia arloan gertaturiko aldaketa sozialean eraginik handiena izan duen alderdirik garrantzitsuenetariko batera zuzendu dira, hots, emakumearen laneratze prozesura.

Era berean, Lege horrek lan esparruan sortarazi dituen lege aldaketei esker, aurrerapausu handia eman da emakume eta gizonezkoen arteko aukera-berdintasunaren bidean, langileek familia bizitzan parte hartzea ahalbidetu baitute.

Horregatik guztiagatik, lan esparruan hartutako neurrien osagarri, eta seme-alabak zaintzeko eszedentziarako eskubideaz baliatzeko aukera gehiago eman nahian, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako ekainaren hogeita zazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, dekretatu du:

1. artikulua

400,46 euroko hileroko dirulaguntza ezartzea honako baldintza hauek betetzen dituzten familientzat: aita eta ama lanean aritzea, bigarren seme-alaba izatea (elbarria baldin bada eta elbarritasunak % 25 edo gehiago egiten badu, baita lehenengoa izanda ere, ) eta aita edo amak seme-alaba hori zaintzeko lan eszedentzia eskatzea. Dirulaguntza hori haurrak urte bat bete arte emanen da.

2. artikulua

400,46 euroko hileroko laguntza ezartzea honako baldintza hauek betetzen dituzten familientzat: aita eta ama lanean aritzea, hirugarren edo hurrengo seme-alaba izatea (seme-alabaren bat elbarria baldin bada eta elbarritasunak % 25 edo gehiago egiten badu, baita bigarrena izanda ere) eta aita edo amak seme-alaba hori zaintzeko lan eszedentzia eskatzea. Dirulaguntza hori haurrak hiru urte bete arte emanen da.

3. artikulua

2.402,76 euroko dirulaguntza ematea, dena batera, hirugarren edo ondoko seme-alaba izateagatik (seme-alabaren bat elbarria baldin bada eta elbarritasunak % 25 edo gehiago egiten badu, baita bigarrena izanda ere), arestian azaldu laguntza nahi ez duten familientzat eta horrelakorik ez dagokienentzat.

3. bis artikulua

Elbarritasuna neurtzerik ez dagoenean, haren ondorioak behin betikoz ezarririk ez egoteagatik, laguntza hartzeko, Elbarritasunak Baloratzeko Lantaldeak adostasun txostena eman beharko du, elbarritzat jotzeko.

4. artikulua

Foru Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Familiako kide guztiak, azkeneko bi urteotan bederen, Nafarroan bizi direla egiaztatzea.

1 eta 2. artikuluetan ezarritako laguntzetarako gainera, honako hau eskatuko da:

b) Aita eta ama lanean aritzea eta bietariko batek lanean eszedentzia eskatzea, gutxienez ere hiru hilabeterako baldin bada.

c) Eszedentzia egiaztatzen duen enpresa Gizarte Segurantzan erregistratua eta alta-emana izatea, urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Dirulaguntza eskatzen duen langilea, eskabidea egin aurreko sei hilabeteetan, Gizarte Segurantzan alta-emana izatea, seme-alabak zaintzeko eszedentzian egon ezik.

5. artikulua

Dirulaguntza eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztuko dira, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari zuzenduak, honako agiri hauekin batera:

Lehenengo eta bigarren artikuluan ezarritako laguntzen kasuan:

a) Erroldatze-agiria, 4.a) artikuluan eskatutakoa egiaztatzen duena.

b) Famili liburuaren fotokopia.

c) Bi gurasoen enpresetako ziurtagiriak, hantxe lanean ari direla egiaztatzen dutenak.

d) Semea edo alaba zaintzeko laneko eszedentzia lortu izanaren egiaztagiria.

e) Laguntza eskatzen duen langilearen lan bizitzako ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen duena.

Hirugarren artikuluan ezarritako laguntzen kasuan:

a) Erroldatze-agiria, 4.a) artikuluan eskatutakoa egiaztatzen duena.

b) Famili liburuaren fotokopia.

2. 3. artikuluan aipatzen diren laguntzak eskatuko dira laguntza horietarako eskubidea sortzen duen umea jaiotzen denez geroztiz gehienez ere sei hilabeteko epean.

6. artikulua

1. Eskaerak ebaztea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari atxikitako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoari dagokio.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak arrazoibidez ebatziko ditu eskaerak eta dagokion ebazpena bidaliko dio eskatzaileari, eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkezten denetik bi hilabeteko epean.

3. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada edo jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.

7. artikulua

Laguntzak indarra hartuko du eskatzen den egunean.

Ordainketa hilabete bakoitza amaitutakoan eginen da, eskatzaileak aukeratzen duen kontu korrontean edo aurrezki kontuan dirua sartuz.

Laguntza emateko eskatutako baldintzaren bat betetzeari uztearekin batera, dirulaguntza ere bertan behera utziko da.

8. artikulua

Laguntza emateko oinarri hartu ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatuz gero, laguntzaren onuradunek hura gertatu eta 15 eguneko epea izanen dute Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari horren berri emateko.

Laguntza eskuratzeko eskaturiko baldintzak bete gabe ere, norbaitek laguntza lortu edo jasotzen baldin badu eta hori onuradunari leporatu beharreko arrazoiengatik gertatu baldin bada, jasotako dirua oso-osorik edo zati bat itzuli beharko du eta, halaber, berandutzako korrituak eskatuko zaizkio, laguntza desegoki kobratu zenetik kontatuta, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritako kopuruan.

9. artikulua

Foru Dekretu honetako bigarren eta hirugarren artikuluetan ezarritako dirulaguntzak bateraezinak izanen dira. Hortaz, interesatuek bi modalitate horietako bat aukeratu beharko dute.

Dena den, Foru Dekretu honetan araututako dirulaguntzak beste Administrazio Publiko batzuek helburu berbererako ezartzen dituzten beste laguntzekin bateragarriak izanen dira, bai eta Gizarte Segurantzak ardurapean dagoen seme-alaba bakoitzeko ematen dituen famili laguntzekin ere.

10. artikulua

Foru Dekretu honek arautzen dituen dirulaguntzak Foru Komunitateko Aurrekontuei buruzko Legeetan, urtez urte, ezartzen diren kontusailen kargura ordainduko dira, beti ere horretarako diru aski baldin badago.

Azken Xedapenetan Lehena

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek indarra hartu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2000ko urtarrilaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa