(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Gizarte gaiak :
    • Adinekoak :
      • 344/1997 Foru Dekretua, azaroaren 24koa, Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

344/1997 Foru Dekretua, azaroaren 24koa, Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortzen duena

 

(Jatorrizkoa 1997ko 148. NAOn argitaratua, abenduaren 10ean. Aldaketak: 39/2007 Foru Dekretua, maiatzaren 7koa; 24/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa)

Atarikoa

Nafarroako 1997-2000 Plan Gerontologikoak, Nafarroako Gobernuak 1997ko martxoaren 24 bilkuran eta Nafarroako Parlamentuak urte bereko ekainaren 3an onetsi zuten hark, beste zenbait aferaz gainera, erabaki zuen sortu behar zela Nafarroako Adinekoen Kontseilua, zeina izanen baitzen hirugarren adineko pertsonen bidea instituzioetan parte hartzeko, era horretan mesede egin nahi zitzaielarik hala gizarte-sektore honi nola gizarte osoari oro har.

Otsailaren 27ko 40/1985 Foru Dekretuak sortu zuen Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren bidez bete zen Gizarte Zerbitzuen Foru Legean ezarritakoa, haren sorrera justifikatzeko esaten baitzen beharrezkoa zela Kontseilu hori, lankide gisa, gizarte zerbitzuetako programak planifikatu, zaindu eta haien exekuzioa kontrolatzeko. Dena dela, gizarte zerbitzuak hainbeste ugaritu dira, eta bereziki hirugarren adinekoei dagozkien ekintzak, Nafarroako Plan Gerontologikoaren eraginez bultzada geldiezina jaso dutenak, non komenigarritzat jo den Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortu eta abian jartzea, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak dituen eginkizunak.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita lauan egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Izaera eta xedeak

1. artikulua

1. Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortzen da, 65 urtetik gorako pertsonen eta hirugarren adinekoekin diharduten entitate eta elkarteen partaidetza gunea izan dadin, sektore honetako herritarren ongizatea xede duten politika eta jarduketak planifikatu, gauzatu eta jarraitzen laguntza eman dezan.

2. Nafarroako Adinekoen Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emailea da eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari atxikita dago.

2. artikulua

1. Kontseiluaren xedea da Nafarroan bizi diren adinekoen eskubide eta interesak babestea eta Nafarroako Administrazio Publikoekin lankidetzan jardutea, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Legearen barrenean eta hirugarren adinekoei dagozkien gaietan.

2. Nafarroako Adinekoen Kontseilua Nafarroako biztanleriaren sektore hori bereziki ordezkatzen duen organotzat hartuko da, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak dituen eskumen eta eginkizunak.

II. KAPITULUA. Eginkizunak

3. artikulua

Hauexek izanen dira Nafarroako Adinekoen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nahitaezko txostenak ematea gizarte jarduketako esparru horrekin lotutako foru araudiko proiektuei buruz.

b) Informazioa jasotzea elkarteei, entitateei, zentroei, zerbitzuei edo hirugarren adineko pertsonei zuzentzen zaizkien dirulaguntzen eta laguntzen urteko deialdiei buruz.

c) Nahitaezko txostenak ematea gizarte jarduketako esparru horretako plan sektorialei buruz, eta horien aplikazio eta gauzatze mailaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

d) Esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroaren aplikazio eta gauzatze mailaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, hirugarren adinekoen arloan.

e) Belaunaldien arteko harremanak, elkartegintza, parte-hartzea, elkartasuna eta, oro har, adineko pertsonen bizi kalitatea sustatzen dituzten neurriak, kanpainak, azterketak edo ikerketak sustatzea.

f) Hirugarren adinekoei buruzko jarduketa proposamenak egin eta bidaltzea, hala behar denean, Nafarroako Administrazio Publikoei eta gizarte jarduketako esparru horrekin lotutako erakunde, instituzio eta entitate publiko eta pribatuei.

g) Legediak edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

III. KAPITULUA. Egitura eta osaketa

4. artikulua

1. Nafarroako Adinekoen Kontseilua honako hauek osatuko dute:

a) Kontseiluburua.

b) Bi kontseiluburuorde.

c) 24 kontseilukide gehienez; horietako batek idazkari lanak eginen ditu, botoa eta hizpidea dituela.

2. Kontseiluko burua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

3. Lehenengo buruordea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia izanen da. Kontseiluko buruaren ordez arituko da, hura kanpoan edo eri dagoenean, edo legezko beste arrazoiren batengatik ez dagoenean.

4. Bigarren buruordea artikulu honen 5. idatz-zatiko c), d), e) eta f) letretan adierazten diren elkarte, entitate eta erakundeetako kideek beren artetik aukeratutako pertsona bat izanen da. Lehenengo buruordearen ordez arituko da, ondorio guztietarako, kontseiluburua ordezteko aipatu diren kasu beretan.

5. Kontseiluko kideak honela hautatuko dira:

a) Lau batzordekide, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko pertsona titularrak libreki izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen artetik. Haietako batek idazkari lanak eginen ditu, botoa eta hizpidea dituela.

b) Bi batzordekide, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak toki korporazioetako kideen artetik.

c) Gehienez zazpi kontseilukide, bi milatik gora bazkide dituzten adinekoen elkarteen edo elkarte batasunen ordezkari. Elkarte edo batasun horiek indarreko foru araudian ezarritakoaren arabera dagokien erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

Elkarteetako edo batasunetako izangaien kopurua zazpitik goitikoa bada, hasiera batean proposaturiko izangaiek beren artetik aukeratuko dituzte ordezkariak. Izangai bakoitzak aurkezten diren beste izangaien artetik aukeratu beharko du, eta boto gehien lortzen duten zazpi izangaiak izendatuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, bazkide gehien duten elkarteen edo elkarte batasunen ordezkariak izendatuko dira (bazkide gehien duenetik hasita).

d) Gehienez ere bi kontseilukide, Hirugarren adinekoen arloan diharduten eta Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik dauden zerbitzuetako entitate titularren ordezkari.

Zerbitzuetako entitate titularren izangaien kopurua bitik goitikoa bada, hasiera batean proposaturiko izangaiek aukeratuko dituzte ordezkariak beren artetik. Izangai bakoitzak aurkezten diren beste izangaien artetik aukeratu beharko du, eta boto gehien lortzen duten bi izangaiak izendatuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, lehenik, hirugarren adinaren arloan zerbitzu ezberdin gehien duten ordezkariak aukeratuko dira. Berdinketak irauten badu, erabiltzaile gehien hartzen dituena aukeratuko da.

e) Bost kontseilukide, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak libreki izendatuak, artikulu honetako 5. idatz-zatiko c) letran aipatutako elkarteen edo elkarte batasunen artetik.

f) Kontseilukide bat, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak libreki izendatua, adinekoen arloan lan egiten duten lanbide edo korporazio elkarteen edo elkarte batasunen artetik.

g) Kontseilukide bat, ordezkaritza handiena duten sindikatuek izendatuak beren kide erretiratuen artetik.

h) Kontseilukide bat, hirugarren adinarekin zuzenean lotutako elkarte zientifikoen ordezkari.

6. Kontselukide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

7. Idazkaria Nafarroako Adinekoen Kontseiluak izendatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari aritzeko 5. artikuluko a) idatz-zatian aipatutako kideen artetik. Idazkari postua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan edo eri dagoenean, idazkariaren ordez Kontseiluko kiderik gazteena arituko da, betiere 5. artikuluko a) idatz-zatian aipatzen diren kideen artetik aukeratua.

5. artikulua

1. Kontseiluko kideen izendapena, norberak duen kargua dela medio direnena izan ezik, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak eginen du, aurreko artikuluan aipatzen diren entitateen proposamena eta gero, halakorik bada.

2. 5.5 artikuluko c), d) eta g) letretan aipatzen diren hirugarren adinekoen inguruko elkarteen, entitateen eta erakundeen izenean ari diren kideak bost urtez arituko dira karguan.

3. Artikulu horretako a) eta e) letretan aipatzen diren kideek kargua utzi beharko dute gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak hala agintzen duenean, eta b) eta f) ataletan aipatzen diren kideek, berriz, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta sindikatu garrantzitsuenek agintzen dutenean, hurrenez hurren.

4. Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua Nafarroako Adinekoen Kontseiluko kideek:

a) Kontseilukidea hiltzean edo epaileek epai irmo baten bidez ezgaitasuna ezartzen diotenean.

b) Karguari berariaz uko egiten dionean.

c) Kargualdia bukatzen zaionean. Dena dela, kide berriak karguaz jabetu arte, aurreko kideek beren eginkizun guzti-guztiak erabiltzen segituko dute.

d) Epai irmo baten bidez, bigarren ondorio gisa lanbide batean edo politikan jarduteko ezgaitasuna dakarren zigor bat ezarri zaionean.

e) Kontseiluan aritzeko bidea eman dion ordezkaritza galtzen duenean.

g) Foru dekretu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez duenean.

5. Postu hutsak betetzeko, foru dekretu honetan izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, sartzen den kide berria Kontseilua uzten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da.

5. bis artikulua

"5. artikuluko 5. idatz-zatiko c) eta e) letretan aipatzen diren Nafarroako Adinekoen Kontseiluko kideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Izaera politikoari dagokionez, nafarrak izatea.

b) 65 urtetik gorakoak izatea edo, beren lana edo lanbide jarduera utzi baldin badute, 60 urtetik gorakoak.

c) Udal hauteskundeetan, hauteskunde autonomikoetan edo hauteskunde orokorretan aukeratzen den karguren batean ez aritzea, eta ez izatea goi-karguduna Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publiko batean".

IV. KAPITULUA. Antolamendu eta funtzionamendua

6. artikulua

1. Kontseiluak bilkura arrunta eginen du, urtean behin bederen. Bilkura bereziak egiten ahalko dira, lehendakariak deiturik, berak hala erabakita edo kontseilukideen heren batek horretarako eskabidea egin eta gero.

2. Nafarroako Adinekoen Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, kontseiluburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Horiez gainera, lehenbiziko deialdian kideen erdiek gehi batek egon beharko dute gutxienez, eta bigarren deialdian kideen herenek.

3. Bilkurak egiteko deialdietan gai-zerrenda adierazi beharko da. Nafarroako Adinekoen Kontseiluko kideek bilkura eguna baino zazpi egun lehenagotik gutxienez jaso beharko dute deialdia. Presako kasuetan, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan daiteke.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak eta horien arrazoiak emanen dira. Zilegi izanen da gehiengoaren kontrako boto partikularrak ematea.

Berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuaren botoak erabakiko du.

5. Bilkura guztien akta jaso beharko da, hartutako erabakien berri emanen duena. Kontseiluko kide interesdunak eskatuta, hartutako erabakiaren kontra emandako botoak jasotzen ahalko dira aktan, baita abstentzioak ere, eta botoa azaldu edo justifikatzeko arrazoiak.

7. artikulua

Kontseiluaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokionez, ondoko arau hauetan ezarritakoari segituko zaio: foru dekretu hau, Kontseiluaren barne funtzionamenduko arauak (horrelakorik onesten bada), abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organoentzat xedatutakoa eta, ordezko gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

8. artikulua

Nafarroako Adinekoen Kontseiluak ezartzen ahalko ditu antolaketarako erregelamendua eta funtzionamendu arauak, beretzat bakarrik, arautegia orokorraren eta Foru Dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua

Bilkuretara joateko bizilekutik kanpora joan behar duten Nafarroako Adineko Kontseiluko kideei kalte-ordain bat emanen zaie, hain zuzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat horretarako ezarrita dagoen berbera.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteren buruan, gehienez ere, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta interes sozialen ordezkari izanik kontseilukidetzaren baten jabe diren erakundeek, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari jakinaraziko dizkiote proposatutako pertsonen izenak.

Foru Agindu arrazoituaren bidez izendatuko dira kontseilukidetzak beteko dituzten pertsonak, hala administrazio publikoetakoak nola alde sozialekoak.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Kontseilua eratuko da Foru Dekretu hau argitaratu eta lau hilabeteren buruan, gehienez ere.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa