(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Familia eta kontsumoa :
    • Adingabeak :
      • 10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galerazi eta mugatzeari buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galerazi eta mugatzeari buruzkoa

 

(1991ko 43. NAOn argitaratua, apirilaren 5ean)

Aintzin Solasa

I

Alkohola kontsumitzeak sor ditzakeen kalteetatik adinez txikikoak babestea hartu du xedetzat arau penal eta administratibo batzuen gainean egin dugun antolamenduak. Berriki arte Kode Penalaren 583. artikuluak hutsegitetzat hartzen zuen toki publikoetan hamasei urtez goitikoei alkoholdun edariak saldu edo zerbitzatzea eta mozkor daitezen asmo gaiztoz bultzatzea, baita beren moraltasunean eragina izan dezaketen diskoteka edo dantzalekuetan edo bestelako ikuskizun eta tokietan adin txikikoak sartzera uztea ere. Gaur egun, jarrera horien zehatzea Administrazio Zuzenbide Zehatzailearen esparruan gelditu da, eta hortaz, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak, ikuskizun publiko eta josteta iharduerak arautzen dituenak, honako hau ezarri du: debekatua dagoela hamasei urtez beheitikoak dantzaleku eta diskoteketan sartzea, baita ere ikuskizunetarako edo josteta ihardueretarako diren gainerako tokietan alkohola zerbitzatzea edo edatera uztea. Halaber, hutsegite larritzat jotzen du aipatu debekuak ez betetzea.

Hala eta guztiz ere, ikuskizun eta josteta ihardueretarako tokietan adin txikikoek alkohola edan dezaten utzi edo horretarako bide ematea debekatzea ez da aski arazoari aurre egiteko; gure gizartearen ohizko jokamoldeen ondorioz, adinez txikiek zein helduek maiz kontsumitzen dute alkohola arestian aipatu arauetan azaldutako toki publikoetatik kanpo ere. Ekonomikoki aurreratuenak diren estatuetan bezala, kontsumo gizarteak eta kontsumismoak ateak irekitzen dizkiete adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzeko. Bestaldetik, alkoholdun edarien aldeko publizitateak, zeinak gizartearen kontzientziaren debekuei eta alkoholaren kontsumoa mugatzeko neurriei kontra egiten baitie, sustatzen eta bultzatzen ahal du aipatu kontsumoa.

Guzi horrengatik, adin txikikoek alkohol gutxiago kontsumi dezaten, eta alkoholismoari eta alkohol sobera kontsumitzearekin zerikusia duten beste zenbait eritasuni aurrea hartzeko politika lortzeko asmoaz, beharrezko da bere salmentaren gaineko debekua ikuskizunetarako tokiez haratago hedatzea, eta alkoholdun edariei buruzko publizitatearen mugak jartzea adin txikikoak ukitzen dituen horretan.

II

Nafarroako Foru Komunitatea, Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren xedapenen arabera, ondoko eskumen hauen titularra da: haur eta gazteendako politika (44.18 politika), barneko merkataritza (56.1.d artikulua) eta barneko osasuna (53.1 artikulua). Eskumen guzi horietan ahalmen legegilea ere sartzen da. Halaber, Nafarroaren esku gelditzen da, Estatuaren laguntzarekin, publizitatea arautzea (44.25 artikulua).

Eskumen horiek oinarritzat harturik, Foru Lege honek izaera orokorrez debekatzen du hemezortzi urtez beheitikoei alkoholdun edariak saltzea, adin txikikoek ezin izan dezaten alkoholik eskuratu familian eta esparru pribatuan baizik, zeinetan gehiekeriak galerazteko erantzukizuna gurasoena, tutoreena edo horien ardura dutenena baita. Aipatu debekuari beste bat gehituko zaio: bereziki adin txikikoentzat diren tokietan alkohola kontsumitzearen gainekoa. Aipu berezia egiten du ikastetxeez. Halaber, mugatu egiten da alkoholdun edarien aldeko publizitatea, baldin eta adin txikikoengan arrisku eta eragin haundia izan ditzakeen toki edo egoeretan egiten bada.

Arau honen xede nagusia diren debeku eta mugapenak behar den erregimen zehatzailea arautuz eta xedapen horiek betetzeko behar diren administrazio eskumenak banatuz osatuko dira. Aipatu erregimen zehatzailea Konstituzioaren antolamendutik heldu den Zuzenbide Zehatzailearen oinarriei egokitua dago. Hori horrela gerta dadin, Udal Administrazioari esleitzen zaio bereziki Foru Lege hau bete dadin ziurtatzea. Dena den, bidenabarkoan, neurri egokiak ezartzen dira Foru Komunitateko Administrazioak parte har dezan udalen iharduketa-esparrua eta ahalmena gainditzen dituzten egintzetan.

I. KAPITULUA. Salmentaren mugak

1. artikulua

1. Debekaturik dago Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, edonola, 18 urtez beheitikoei alkoholik duen edozein edari saldu, banatu, edo zerbitzatzea, dohainik izanik ere.

2. Aurreko ataleko debekua bete dadin, zeharo debekaturik geldituko da makina automatikoen bidez alkoholdun edariak saldu edo zerbitzatzea.

2. artikulua

Debekaturik gelditzen da honako tokiotan alkoholdun edariak saldu, zerbitzatu edo kontsumitzea:

a) Bereziki 18 urtez beheitikoendako diren lokal eta tokietan.

b) Ikastetxeetan (haurrendako lehen eta bigarren mailakoak, eta erregimen bereziko oinarrizko eta ertaineko mailakoak).

3. artikulua

Aurreko artikuluetan agindutakoa bete dadin, ez du indarrik izanen adin txikikoen gurasoen, tutore edo babesleek alkoholdun edariak erosi edo kontsumitzeko emandako baimenak.

4. artikulua

Debekaturik gelditzen da honako toki hauetan 18 grado baino gehiagoko alkoholdun edariak saldu, banatu, edo zerbitzatzea, dohainik izanda ere:

a) Goi Mailako Irakaskuntzako Ikastetxeetan eta Unibertsitate Zentruetan.

b) Administrazio Publikoaren egoitzetan.

c) Autobide eta autopistetako geltoki eta hornitegietan.

5. artikulua

Alkoholdun edariak zerbitzatzen dituzten establezimendu guzietan aurreko artikuluetan ezarritako debekuen berri ematen duten kartelak paratu beharko dira, jendeak aisa ikusten ahal dituen tokian gainera.

II. KAPITULUA. Edari alkoholdunei buruzko publizitatearen mugak

5. artikulua

1. Publizitatearen gaineko arautegian xedatutakoa deusetan ukatu gabe, edari alkoholdunei buruzko publizitatea artikulu honetako mugei lotuko zaie:

2. Edari alkoholdunei buruzko publizitatean ezin izanen da adin txikikoendako mezurik sartu, eta 18 urtez beheitiko gazteek ezin izanen dute parte hartu.

3. Jendaurreko azoka, erakusketa edo antzeko ihardueretan ezin izanen da edari alkoholdunen aldeko propaganda egin, toki horiek 18 urtez beheitikoendako bereziki baldin badira. Nola nahi delarik ere alkoholdun edarien aldeko sustapen publikoak aparteko toki berezietan eta 18 urtez beheitikoek debekaturik dituzten tokietan egin beharko dira. Halaber, azare-jokuetan, lehiaketetan eta 18 urtez beheitikoek parte hartzen ahal duten edozein ihardueratan edari alkoholdunak ezin izanen dira saritzat eman.

4. Ondoko toki publikootan debekaturik dago edari alkoholdunei buruzko publizitatea egitea:

a) Bereziki 18 urtez beheitikoentzat diren edo adin horretakoek erabiltzen dituzten tokietan.

b) Ikastetxe, kiroldegi eta osasun zentru guzietan, baita zine eta ikuskizunetarako aretoetan ere 18 urtez goitikoendako ez direnean.

5. Halaber, debekaturik dago ondoko komunikabideotan edari alkoholdunei buruzko publizitatea egitea:

a) Foru Komunitateko lurraldean argitaratzen diren egunkari eta aldizkarietan, esklusiboki edo bereziki 18 urtez beheitikoendako direnean.

b) Foru Komunitateko lurraldean kokaturiko irrati edo telebisten programak, edukin pedagogikoa dutenak, esklusiboki edo bereziki 18 urtez beheitikoendako egiten direnean.

c) Foru Komunitateko lurraldean kokaturiko irrati edo telebisten programak, interes publikoko gaiei buruzko informazioa ematen dutenak, esklusiboki edo bereziki 18 urtez beheitikoendako egiten direnean.

6. Artikulu honetako debekuak zuzeneko edo zeharkako publizitatean ere aplikatuko dira, debekuaren barrenean objetu edo produktuen aldeko publizitatea sartuz, baldin eta izen, grafismo, aurkezteko modu edo beste edozein arrazoirengatik edari alkoholdunei buruzko publizitatea egiten bada.

III. KAPITULUA. Eraentza zehatzailea

6. artikulua

1. Foru Lege honekiko lege-hauste administratibotzat hartuko dira hurrengo artikulu hauetan zehazten diren egintza eta ez-egiteak.

2. Lege-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

3. Foru Lege honetan tipifikatutako lege-hauste administratiboak ezin izanen dira zehatu behar den espedientea ireki baino lehen. Espedientea 14. artikuluan ezarritako prozedurari lotuko zaio.

7. artikulua

Lege-haustearengatiko erantzuleak izanen dira Foru Lege honetan tipifikatutako egintza edo ez-egiteetan erortzen diren pertsona fisiko edo juridikoak. Pertsona juridikoak beren langile edo menpekoek egindako lege-hausteen erantzule solidarioak izanen dira.

8. artikulua

1. Lege-hauste arinek bi hilabete pasa ondoan galduko dute indarra, larriek urtebeteko epean, eta oso larriek bi urte pasa ondoren.

2. Halaber, espediente zehatzaileak indarra galduko luke arrazoia edozein delarik ere hiru hilabetez aurrera eginen ez balu, salbu lege-haustearen erantzuleari egozten ahal zaion arrazoi batengatik edo 15. artikuluan xedatutakoarengatik gertatzen bada geldierazpena.

9. artikulua

Honako hauek lege-hauste oso larriak dira:

1. Edari alkoholdunei buruzko publizitate kanpainak antolatzea, adin txikikoendako eginak badaude, edo adin txikikoek parte hartzen badute.

2. Ikastetxeetan (haurrendako lehen eta bigarren mailakoak, eta erregimen bereziko oinarrizko eta ertaineko mailakoak) edo bereziki 18 urtez beheitikoendako diren lokaletan edari alkoholdunak saldu edo zerbitzatzea.

3. Merkatal edo industri iharduerak, edo antzeko edozein iharduera, adin txikikoak edari alkoholdunak kontsumitzera bultzatzea baldin badute helburu.

4. Lege-hauste larriak errepikatzea edo horien antzekoetan behin eta berriz erortzea.

10. artikulua

Honako hauek lege-hauste larriak dira:

1. 18 urtez beheitikoei alkoholik duen edozein edari saldu, banatu edo zerbitzatzea, dohainik izanda ere.

2. 3. bis artikuluan aipatu tokietan 18 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak saldu, banatu edo zerbitzatzea.

3. Foru Lege honek debekatutako modu edo tokietan edari alkoholdunei buruzko publizitatea edo sustapena egitea, legearen arabera arau-hausteak zehapen larriagorik merezi ez badu.

4. Edari alkoholdunak saldu edo zerbitzatzen dituzten makina automatikoak paratzea.

5. Lege-hauste arinak errepikatzea edo horien antzekoetan behin eta berriz erortzea.

11. artikulua

Honako hauek lege-hauste arinak dira:

1. Foru Lege honen 4. artikuluak aipatzen dituen kartelak ez paratzea.

2. Merkatal lokaletan edo beste toki batzutan edari alkoholdunak axolagabekeriaz bildu, kolokatu eta gordetzea, horren ondorioz adin txikikoek edariak kontsumitzea edo eskuratzea baldin badute.

3. Foru Lege honetan edo hura garatzen duten arautegietan ezarritako debeku edo betebeharrekin zerikusirik duen edozein arau-hauste egitea, zehapen larriagorik merezi ez badu.

12. artikulua

1."Erreiterazioa" dagoela esaten dugu, lege-haustea egin duena lehenago ere larritasun haundiagoko beste lege-hauste batengatik edo larritasun bereko edo txikiagoko beste birengatik zehatua izan bada.

2. "Erreintzidentzia" dagoela esaten dugu, lege haustea egin duena lehenago ere lerrun edo tankera bereko lege-hauste bat edo gehiagorengatik zehatua izan bada.

3. Hauste administratiboei buruzko oharrak deuseztatzeak galerazi eginen du erreiterazio edo erreintzidentzia deklaratu ahal izatea, horrelakorik suertatzen da.

4. Aurreko atalak aipatzen duen deuseztapena ofiziozkoa izanen da, baldintza hauek elkartzen direnean:

a) c) lerroaldean aipatu epeen barrenean Foru Lege honen xedapenak hautsi ez izana.

b) Lehenagotik heldu zaizkion zehapen eta erantzunbehar zibilak bete izana.

c) Sei hilabeteko epea pasatu izana lege-hauste arinak direnean, bi urtekoa larriak direnean, eta hiru urtekoa oso larriak direnean, guzi hori ebazpen zehatzaile irmoa ematen denetik.

13. artikulua

1. Lege-hauste oso larriak ondoko zehapen hauetako bat edo gehiago jarriz zigortuko dira:

a) Hamar milioiko isuna, gehienez ere.

b) Iharduera debekatzea edo geldieraztea, gehienez ere bost urtez.

c) Lokla ixtea, gehienez ere bi urtez.

d) Lokalean egiten zen iharduerarako baimena lortzeko gaitasuna galtzea.

2. Lege-hauste larriak ondoko zehapen hauetako bat edo gehiago jarriz zigortuko dira:

a) Milioi bateko isuna, gehienez ere.

b) Iharduera debekatzea edo geldieraztea, gehienez bi urtez.

c) Lokala ixtea, urtebetez gehienez.

3. Lege-hauste arinak ehun mila pezeta bitarteko isuna jarriz zigortuko dira.

4. Zehapenak honako hauek kontuan hartuz jarri eta mailakatuko dira: sortutako edo sor zezakeen kaltea, erantzulearen borondatezkotasun eta axolagabekeria, egintzarekin zerikusia duten pertsona, gauza eta tokiaren inguruabarrak, lortutako irabaziak, eta erreiterazio edo erreintzidentzia, halakorik baldin badago.

14. artikulua

1. Arau-hauste larri eta oso larriengatiko zehapenak Prozedura Administratiboari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz paratuko dira. Horretarako, espedientea irekitzea eta instruktore eta idazkariaren izendapena zehapena jartzeko ahalmena duen organoaren probidentziaren bitartez eginen dira.

2. Espedientea izapidatzen ari den bitartean, eta lege-haustearen larritasuna dela eta, instruktoreak uste baldin badu zehatzeko eskumena ez dagokiola hura izendatu zuen organoari, organo eskudunari igorriko dizkio iharduketak, azkeneko honek prozedura gelditu zen momentuan hartu eta aurrera eraman ditzan.

3. Lege-hauste arinengatiko zehapenak ondoko prozeduraren bitartez jarriko dira:

a) Ustezko erantzuleari akta edo salaketa jakin eraziko zaio, oharteraziz, hamar eguneko epearen barrenean egokitzat jotzen duena alega dezakeela, eta nahi izanez gero, egoki juzkatzen dituen frogak proposa ditzakeela.

b) Interesatuaren alegazioak azterturik, eta honek eskatutako frogak edo zehapena jarri behar duen organoak egoki juzkatzen dituenak egindakoan, aipatu organoak egokitzat jotzen duen ebazpena emanen du.

c) Organo eskudunak hartzen duen ebazpenaren kontra, bidezko den helegite administratiboa jar daiteke.

15. artikulua

Prozedura zehatzailea irekitzean delitu edo hutsegitetzat hartzen ahal den egintzarik dagoela ohartuz gero, auziaz arduratzen den organoak eskudun organo judizialari edo Ministraritza Fiskalari jakin eraziko dio, eta prozedura dagoen dagoenean utziko du, prozesuari edo eginbideei bukaera ematen dien epai irmoa edo ebazpena eman arte. Delitu edo hutsegiterik ez dagoela uste izanez gero, espediente zehatzaileak aurrera segituko du, organo judizialek egiaztatu dituzten egintzak oinarritzat hartuz.

16. artikulua

1. Prozedura zehatzailea behin ireki ondoan, eskudun organoak, ebatzi ahal izateko, egoki juzkatzen dituen neurriak har ditzake ematen ahal den ebazpena eta, beti ere legeria, betetzen dela ziurtatzeko.

2. Behin-behineko neurri hauek hartzen ahalko dira:

a) Iharduera geldieraztea.

b) Lokala ixtea.

c) Fidantza edo kauzioa eskatzea.

d) Prozeduraren xede diren egintzekin zerikusia duten objetuak bahitzea.

3. Behin-behineko neurriak ezartzen dituen ebazpena eman baino lehen, entzutea emanen zaio interesatuari, hamar eguneko epearen barrenean egoki juzkatzen duena alega dezan.

IV. KAPITULUA. Administrazio eskumenak

17. artikulua

Honako hauek dira Udalen eskumenak:

a) Edari alkoholdunak saltzen dituzten lokalak, eta Foru Lege honen xedapenen arabera horiek saltzea debekaturik duten tokiak begiratu eta kontrolatzea.

b) Foru Lege honen xedapenak bete daitezen behar diren gainerako neurriak hartzea.

c) Foru Lege honetan tipifikatutako lege-hausteak zehatzea.

18. artikulua

Honako hau gelditzen da Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren esku:

a) Udalen laguntzaz, Foru Lege honen xedapenak bete daitezen behar diren neurriak hartzea.

b) Ondoko kasu hauetan, Foru Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak zehatzea:

-Lege-haustearen iharduerak edo egintzak udalerriaren esparrutik kanpo gertatzen direnean.

-Egintza bat salatu ondoren, eta dagokion Udalari eskatu eta gero, honek behar den espediente zehatzailea errekerimendua egin eta hamar eguneko epearen barrenean irekitzen ez duenean, salbu epe horretan indarra galtzen badu.

19. artikulua

Honako hau gelditzen da Osasun Departamentuaren esku:

a) Menpekotasun etilikoa duten adin txikikoei lagundu eta errehabilitatzeko politika zehaztea.

b) Adin txikikoendako informazio eta heziketarako politika zehaztea, alkohol gutxiago edan dezaten, eta gazteen arteko alkoholismoa galerazteko.

Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuak aldizka alkoholdun edarien kontsumorako zaletasuna gutxitzeko kanpainak eginen ditu. Helburutzat prebentzioa izanen duten kanpaina hauek, hezkuntz prozedurak erabiliz, alkohola kontsumitzeak osasunari zer arrisku dakarzkion eta zer ondorio izaten dituen jakin eraziko dute.

Xedapen Iragankorrak

Lehenbizikoa

Kontrolerako neurri mugatzaileak Foru Lege honek indarra hartu eta lau hilabeteren buruan hasiko dira aplikatzen.

Bigarrena

Publizitateari buruzko debekuak Foru Lege honek indarra hartu eta urte baten buruan hasiko dira aplikatzen. 6. artikuluan xedatutakoa Foru Lege honek indarra hartu ondoren kontratatutako publizitateari baizik ez zaio lotuko.

Hirugarrena

Ukitutako publizitate enpresek eta komunikabideek burutu gabeko konpromezuen zerrenda igorri beharko diote Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epearen barrenean.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege honetan xedatutakoa bete erazi eta aurrera eramateko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Lege honetan xedatutakoari kontra egiten dioten xedapen guziak.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa betez, B.M. Erregeren izenean, Foru Lege hau aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eman eta Estatutuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut, eta hiritar eta agintariei bete eta beteraz dezatela manatzen.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa