(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea izan da gaurko "Nafarroari Omenaldia" ekitaldiaren burua; aurten GGKEak izan dira ekitaldiko protagonista ostirala, 2006.eko abenduak 1

Gaur, Nafarroaren Egunean, "Nafarroari Omenaldia" egin diote, Miguel Sanz Sesma, Nafarroako Gobernuko presidentea buru zela. Ekitaldiko protagonistak Foru Erkidegoko GGKEak izan dira aurten. Hala, Nafarroan dauden ehun GGKEetatik berrogeita hamar inguru bertaratu dira.


Sanz presidentea eta García Malo kontseilaria, GGKEetako ordezkariekin. ( irudia handitu )

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin dute eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilari den María Isabel García Malok eman dio hasiera. Kontseilariak honako hau esan du: "Urteak daramatzagu GGKEen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzari etekina ateratzen; beraz, omenaldi hau merezitakoa da. Lan hori medio pobrezia errotik kentzen, giza garapena sustatzen eta gizarte indartsuagoak eraikitzen laguntzen ari gara, elkarlanean."


Ondoren, Sanz presidenteak Nafarroako ezkutua eman die GGKEetako ordezkariei eta, gero, Nafarroako GGKEen Koordinakundeko lehendakari Javier Abadek hitz batzuk egin ditu.


Ekitaldia Sanz presidenteak amaitu du, GGKEetako ordezkariei hitz hauek zuzenduta: "Nafar guztientzat eredu zarete, zuen eskuzabaltasuna, hau da, gure mugez gaindi pobreziaren kontra eta errealitate horiek gugana hurbiltzearen alde lanean ari diren boluntario eta lankide profesionalen eskuzabaltasuna, mugagabea delako."


Sanz presidenteak honako hau ere adierazi du: "Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza garrantzitsu bihurtu da, gure gizartearen bilakaera eta aurrerakuntza bermatzen dituelako; gizarte horretan, beraz, GKEen lana, nire ustez, ezinbestekoa da.


Garapenaz hitz egin behar dugu oinarri hauek kontuan hartuta: kultura aniztasuna, sormen-askatasunaren sustapena eta herri guztien berezko erroen aitorpena. Ez dugu ahaztu behar kultura aniztasuna gizakion ondare aberatsa dela eta kultura horien arteko errespetuak eta elkarrizketak bata zein bestea aberasten dituela. Elkarrizketarako ezinbestekoa da aitortzea giza eskubideak direla edozein harreman sozialen funtsa, mugez, arrazez eta erlijioez gaindi.


Alor horretan dute GKEek zeregin nagusia: garatzeko bidean dauden herrialdeetako biztanle ahulenen ahotsa izatea, herrialde horietan lagun dituzten GKEen bozeramale gisa, batez ere. Alde horretatik, GKE nafarrek eta haien bazkideek ezagutzen dituzte ondoen herrialde horiek, hango ezaugarriak eta jendea eta herrien benetako egoera. Hala, ezagutza oinarri, jarduera-eremu bakoitzean garatzeko programa egokienak proposatzen dizkigute. Neurri batean, bide egokiena eta bide hori egiteko modurik onena zein den azaltzen digute, zehaztutako helburuak lortze aldera: pobrezia errotik kentzea eta mundua bidezkoagoa eta solidarioagoa izatea."


Nafarroako Gobernuak 125 milioi euro jarri ditu, 1992tik 2005era, garapenerako nazioarteko lankidetzan.

Nafarroako Gobernuak, 1992an abian jarritako Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako programaren bitartez, beste herrialde batzuekin elkarlanean aritzeko eta haien garapen integrala sustatzeko jarduerak kudeatzen ditu. Horretarako, urtez urte, gehitu egin ditu bai aurrekontua, bai GGKEen eta haien tokiko bazkideen bitartez presente dagoen herrialdeen kopurua.


Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 1992etik 2005era, 125 milioi euro inbertitu ditu, eta aurten 16 milioi euro baino gehiago. Horren harian, Nafarroa da biztanle bakoitzeko Garapenerako Laguntza Ofizial gehien jartzen duen erkidegoa: Nafarroak biztanle bakoitzeko 28 euro jartzen ditu, Gaztela-Mantxak 18 euro, Balear Uharteek 16 euro eta Euskal Autonomia Erkidegoak 15 euro. Nafarroako Gobernuak 200 proiektutan parte hartzen du, 78 herrialdetan; finantzaketa gehien Hego Amerikan, Ertamerikan eta Kariben eskaintzen du.


Konpromiso ekonomikoaz gain, asmoa da lankidetzaren kalitatea ere hobetzea. Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak Lankidetza Nafarraren 2007-2010 Gida Plana onartu du. Planaren helburu nagusia da giza garapen eramangarria izan dezaten laguntza eskaintzen zaien herrialdeetan eragin handiagoa izatea, genero-ikuspegia oinarri hartuta.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa