(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta Estatuak Iratxeko Monasterioa Paradore Nazional bihurtzeko eskritura sinatu dute asteartea, 2006.eko abenduak 5

Corpas kontseilariak eta Estatuko Zerga Agentziako Nafarroako ordezkariak doako lagapena eta eraikinaren onarpena izenpetu dute


Imagen de la firma de la escritura.

Corpas kontseilariak eta Emilio Gómezek elkar zoriondu dute eskritura sinatu ondoren. ( irudia handitu )

Kultura eta Turismoko kontseilariak, Juan Ramón Corpas Mauleónek, eta Estatuko Zerga Agentziako Nafarroako ordezkariak, Emilio Gómez Ortigosak, gaur goizean eskritura publikoa sinatu dute notarioaren aurrean. Dokumentu horretan, Nafarroako Gobernuak Estatuko Administrazio Orokorrari Iratxeko Monasterioa doan ematen diola, eta azken horrek lagapena Nafarroako bigarren Paradore Nazionala egiteko onartzen duela adierazten da.


Akordioaren xedea Monasterioari eta alboan duen lursailari buruzkoa da. Akordio horretatik espresuki aparte geratzen dira, bai Iratxeko Santa Maria eliza, eta baita haren sakristia ere. Lagapena doan egingo da eta, hasieran, 50 urteko eperako, etorkizunean beste horrenbeste luza daitekeelarik. Monasterioak 6.905 metro koadroko azalera du; multzo arkitektonikoak hainbat zati dauzka: beheko solairu angeluzuzena gehi barneko bi patio dituzten bi altuera alde batetik, eta 1.073 metro koadroko eliza bestetik. Alboko lursailak 5.019 metro koadro du.


Aurtengo apirilaren 10ean, Nafarroako Gobernuak Iratxeko Monasterioaren multzo arkitektonikoa Espainiako Turismo Institutuari uztea adostu zuen. Estatuko Ondarerako Zuzendaritza Nagusiak joan den urriaren 30ean onartu zituen lagapen eta onespen horiek.


Gaur goizean sinatu duten onespen-eskritura publikoarekin, eraikina Espainiako Turismo Institutuari esleitzeko bide administratiboa ireki dute. Orain, Institutuak Nafarroako bigarren turismo-paradorearen proiektua idatzi beharko du, eta, ondoren, obren egikaritza kontratatu.


Nafarroaren eta Estatuaren arteko akordio hori Nafarroako Gobernua Foru Erkidegoaren erakargarritasun turistikoa sustatzeko bideratzen ari den politikaren parte da. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Turismo Institutuak (Turespaña) 2003ko maiatzaren 5ean lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horrekin, Lizarran edo inguruan paradore nazionala kokatzea onartu zuten, Santiago bideko Europako Ibilbide Kulturalaren barnean inguru horretan kalitatezko ostatuen eskaintza indartzeko asmoz. Hainbat kokapen kontuan izan ondoren, Nafarroako Gobernuak Estatuari Iratxeko Monasterioaren erabilpena eskaini zion eta, lehen aipatu dugun moduan, eskaintza hori 2006ko apirilaren 10eko hitzarmenean egin zen ofizial.


Iratxeko historia

Iratxeko Beneditarren Monasterioaren VIII. mendean sortu zen eta Monjardineko gazteluaren konkistaren (908an) ondoren, Antso Gartzes I.ak sortu zuela uste da. Monasterioko lehen dokumentazioa 958koa da. XI. mendean zehar, zenobioa handitu egin zen haren boterepean zeuden hainbat monasterioren dohaintzei esker. Dohaintza horiek, hein batean, Iruñeko erreinuaren ardatzean, hiri horren eta Errioxako errege-jabetzen artean, lortutako garrantzi estrategikoagatik eman ohi ziren. Donejakueren Bidean zuen garrantzia zela eta, Naiarako Gartzia erregeak 1052 eta 1054 bitartean erromesentzako ospitalea sortu zuen. Monasterioaren goieneko garaia XI. mendeko bigarren zatian gertatu zen, San Veremundo abadearekin. XII. mendean oraindik zutik dagoen eliza eraiki zuten.


Ondorengo mendeetan, XIII. eta XIV. mendeen artean, gainbehera etorri zen, beneditar erregelaren diziplina lasaitu egin zelako, lehenik, eta agramondarren eta beaumondarren arteko gerra zibilaren asaldura politikoagatik, ondoren. 1544. urtetik, ikastetxe modura funtzionatu bazuen ere, ondoren Unibertsitate bihurtu zen, lehenengo, Paulo V. aita santuak 1615ean berretsita eta Felipe IV.ak berrogeita hamar urte geroago. Unibertsitate horrek goieneko unea XVII. mendean ezagutu zuen eta gainbehera XIX. mendearen hastapenetan hasi zuen. Napoleonen tropak iritsi izanak eraikuntza uztera behartu zituen beneditarrak, gerrarako ospitale moduan erabili baitzuten. Fraideak monasteriora 1820an bueltatu ziren, Independentziaren Gerraren ondoren, eta Fernando VII.ak zenobioa berrezarri zuen 1824an. Zenobioa bertan behera utzi zuten betirako 1839an, Bergarako Besarkadaren ondoren.


XIX. mendeko gainerako denboraldian, Iratxe hutsik egon bazen ere, noizbehinka, Don Carlosen jarraitzaileek odol-ospitale gisa erabili izan zuten. Gatazka horren ondoren, Espainiako Gobernuak Iratxeko Birjinaren irudi erromanikoa eta elizaren erretaulak Dicastillo parrokiari eman zizkion konpentsazio moduan, gerran jasan zuen suntsipena zela eta, inguruan jazotako gatazkan su hartu baitzuen. Eraikinak Estatuaren jabetzapean jarraitu zuen eta Errege Dekretuz, 1877ko apirilaren 24ean historiako eta arteko monumentu izendatu zuten. 1936an, Estatuak konponketa batzuk egin zituen bertan. 1885ean, Estatuak erabilpena Pia Eskolen ordenari eman zion eta horrek ikastetxe eta nobiziatu bihurtu zuen 1984. urte arte; garai horretan, Eskolapioek eraikinean berriztatze-lanak egin zituzten beren beharretara moldatu ahal izateko. 1986tik, Iratxeko Monasterioa Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa da, eta orain Estatuari eman dio erabiltzeko eskubidea.


Monasterioa osatzen duten eraikinen multzoa honela dago antolatua: eliza (XII-XIII. mendea) mendebaldeko aurrealdeko elizatearekin, eta XVII. mendean bukatu zuten dorrearekin; hegoaldeko eremuan, klaustroa dago, XVI. mendekoa, eta klaustro-gainekoaren ondoan, eraikin monastikoak daude, denboran zehar aldaketa asko izan dituztenak. Ekialdean, XVI. mendeko sakristia, kapitulu-gela eta jangela daude. Mendebaldean, klaustro berria deituriko patioa dago; patio hori, XIX. mendean, zeharkako eraikuntza zela eta, bi patio txikiagotan banatu zuten: bata karratua eta bestea angeluzuzena.

Dokumentazioa:
0512cu71_eus.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa