(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak jostailuen erosketari buruzko hainbat gomendio eskaintzen ditu osteguna, 2006.eko abenduak 14

Nafarroako familia bakoitzak egunotan batez beste 108 euro gastatuko ditu txikienen oparietan


Gabonak laster izango direnez, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lana Departamentuak, bere Kontsumo Zerbitzuaren bidez, jostailuen erosketaren inguruko hainbat gomendio eskaini nahi ditu. Izan ere, jostailuak, elikagaien ondotik, segurtasun aldetik arreta gehien behar duten produktuak dira, asfixia, ebakiak, zauriak edo lesioak eragin baititzakete. Gobernuak, kontsumitzaileen eskura kontsumitzailearentzako oinarrizko Informazio Puntua ere badu; bertan, 848 42 77 33 telefonoaren eta infoconsumo@cfnavarra.es helbide elektronikoaren bidez, kontsultak era pertsonalizatuan jasotzen dira.


Arazo gehien sortzen dituzten jostailuak ondorengoak dira: bentosak dituzten jaurtigaiak, txintxirrinak, txupeteak, sonatinak eta haur-kotxe eta sehasketarako kordak, panpinak eta peluxeak. Esan behar da, Nafarroako familia bakoitzak gabonetan batez beste 108 euro gastatuko dituela jostailuetan (Gabonetako gastu familiarraren %12). Jostailu arriskutsuren bat topatuz gero, Kontsumo Zerbitzuak jostailua eta bere ontzia gordetzea eta zein saltokitan erosi den gogoratzea gomendatzen du.


Nolanahi ere, jostailuak EE etiketa izan behar du, eta era erraz batean irakurri ahal izateaz gain, gutxienez gaztelaniaz idatzia izan behar du. Halaber, arduradunaren, fabrikatzailearen edo inportatzailearen (izen soziala) nortasuna eta helbidea adierazi behar ditu; arriskutsuak direnaren adierazlea (36 hilabete baino gutxiagokoak); beharrezkoa balitz erabiltzaileen gutxieneko adina eta/edo helduek zaindu behar dituzten; eta bere erabilpenak izan ditzakeen arriskuak zeintzuk diren eta nola saihestu.


Gainera, gurpilak dituzten patinete eta irristagailuek babeserako ekipoak behar direla adierazten duen etiketa izan behar dute; txirrista, kulunka eta antzerako jostailuek, nola erabili eta muntatzen diren azalduz argibideak izan behar dituzte, baita noizean behingo berrikusketak aipatuz; moto txikiak jostailu gisa katalogatuak izaten dira ondorengo baldintzak betetzen badituzte: mantenu elektrikoa izatea, jostailuen segurtasun neurriak betetzea, EE etiketa izan, orduko sei kilometroak ez gainditzea, oinezko eremuetan edo espaloietan erabiltzeko (inoiz ez bide publikoan). Gainera, produktuaren izaera eta bere erabileraren mugak adierazi behar ditu etiketak. Bestela ez lirateke jostailuak izango, 14 urte baino gutxiagoko haurrek erabiltzeko diseinatuak ez daudelako.


Jostailua segurua izateko bete behar dituen ezaugarriak ondorengo hauek dira: gorputzeko lesioak, asfixia, itotzea, erredurak edo intoxikazioa saihestea; hertz, bazter, korda, kable eta finkapenek ezin dute lesioak sortzeko arriskua izan; jostailuek eta beren ontziek ezin dute itotze edo asfixia arriskua izan; jaurtigaiak botatzen dituzten jostailuek ezin dute zauriak sortzeko arriskua izan, ez haurrengan, ez eta helduengan ere; irentsi, inhalatu edo ukitzerakoan ezin dute osasunarentzako kaltegarriak izan, ezta zauriak sortarazi ere; jostailuen tentsio elektrikoak ezingo du 24 watt baino gehiagokoa izan; eta kableak edo antzeko hodiak bakartu eta zainduak daudenaren segurtasuna izan.


Aholku eta gomendioak


Kontsumo Zerbitzuak jostailuak erosterakoan ematen dituen aholkuak ondorengoak dira:


-Jostailuaren etiketa edo kaxa begiratu (izena, marka eta fabrikatzailearen edo egilearen edo inportatzailearen helbidea)
-Erabilerari, ezaugarriei eta segurtasun-neurriei buruzko argibideak berrikusi.
-Bere arduradunaren ezaugarri guztiak jasotzen dituen eta EE etiketa daramaten jostailuak aukeratu.
-Elektrikoak diren jostailuetan arriskuak saihestu, segurtasun-neurriak osoak, argiak eta zehatzak izatea eskatuz.
-Umearen adinaren araberako jostailua aukeratu.
-Jostailuak dituzten poltsekin argi ibili.


Gai horren inguruko gomendio garrantzitsuenen artean honako hauek daude:


-Zaharragoen jostailuak ez utzi gazteagoen eskura.
-Noizean behin jostailuen egoera berrikusi.
-Jostailuak haurraren interes, erreferentzi eta beharren araberakoa izan behar du, ez bere apetaren araberakoa.
-Jostailurik hoberena ez da garestiena, haurraren adina, heldutasuna eta izaera kontuan hartzen dituena baizik.
-Jostailuak helduek erosten badituzte ere, haurrek jolasteko erabiltzen dituzte.
-Zure haurrak jostailuaren erosketan parte hartu dezala.
-Jostailuak hala eskatuko balu, erabiltzen ari den bitartean, haurra egoki zaindu.
-Jostailuak erosterakoan gogoan izan haurrek ondo pasatzeko jolasten dutela, ez ikasteko.
-36 hilabete baino gutxiagoko haurrei oparitu behar zaien jostailuak desmuntatu daitezkeen zatiak baditu, piezak begiratu haurrak irents edo inhala ez ditzan.


Azkenik, Kontsumo Zerbitzuak ondorengoak ez direla jostailuak adierazi du: gabonetako apaingarriak; kirol-ekipoak; ekipo-nautikoak; panpina folklorikoak eta helduen bildumetarako diren hainbat artikulu; 500 pieza baino gehiagoko buru-hausgarriak; aire konprimituko armak; su artifizialak; honda eta tiragomak; punta metalikoko dardo jokoak; 24 watt baino gehiagoko tentsioa behar duten labe elektriko eta plantxak; errekuntza-motorrak dituzten ibilgailuak; baporezko makinak; kirola egiteko edo bide publikotik ibiltzeko txirrinduak; 24 watt baino gehiagoko tentsio nominaldun monitore bati konektatzen zaizkion bideo jokoak; txupeteak; suzko armen imitazioak; fantasiako bitxiak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa