(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak haurren obesitatea prebenitzeko kanpaina jarri du martxan

asteartea, 2007.eko urtarrilak 9

"Jolastu, jan eta jokatu Trankirekin" lelopean, kanpaina 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago


Haurren obesitatearen prebentzioa

Kanpainaren kartela.

Hezkuntza kontseilariak, Luis Campoy Zuecok, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak, Maribel García Malok, gaur goizean haurren obesitatea prebenitzeko kanpaina aurkeztu dute. Kanpainaren leloa "Jolastu, jan eta jokatu Trankirekin" da eta bere helburua haurren obesitatea eta hipertentsio eta diabetea bezalako gaixotasunen igoera prebenitzen ahalegintzea da.


Herrialde garatuenek haurren obesitatearen aurka gaur egun erabiltzen dituzten esku-hartze estrategiak bi eratakoak dira, elikadura-heziketarako programen bidez, edo jarduera fisikoa sustatuz. Programa horiek emaitza onak izan ditzaten, beharrezkoa da gurasoen eta haurren hezkuntza-ingurunearen inplikazioa.


Haurren prebentzio-planaren helburua Nafarroako 6 eta 12 urte bitarteko haurrengan obesitatea prebenitzeko heziketa-kanpaina bat egitea da, 2006-2007 ikasturtean. Elikadura-ohitura osasungarriei buruz heztea eta jarduera fisikoa sustatzea nahi da, eta horretarako, irakasle, senitarteko eta erakundeen lankidetza dago. Gainera, kanpainaren emaitzak Iruñeko lau ikastetxetan ebaluatuko dira.


Irakasleentzat gida didaktiko bat egin da eta Lehen Hezkuntzako haur eta gurasoentzat hiru ipuin. Gida didaktikoak elikadura, obesitatea eta jarduera fisikoa ditu aztergai, pisu eta gorputzeko gantza neurtzeko eta jarduera fisikorako saio praktikoekin. Hiru ipuinetan Tranki maskota eta bere lagunak dira protagonistak eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduak daude. Bertan aurki daitezkeen elikadurarako eta jarduera fisikorako proposamen eta kontseiluak guraso eta seme-alabentzat dira.


Bigarren jarduera heziketa-kanpainaren emaitzak haurren ohitura eta obesitatean aztertzea da Iruñeko lau ikastetxetan, bi publiko eta bi itunpeko pribatutan. Ekimenarekin ikastetxeetan esku hartu nahi da, gida didaktiko eta ipuinek, tutore, guraso eta haurrei emango zaizkien hitzaldiekin batera, haurren obesitatea murrizten duten eta haurrengan jarduera fisikoa sustatzen duten aztertu ahal izateko.


Kanpainan parte hartuko duten erakundeen betebeharrak honako hauek dira: Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak (NGKI), Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (KAIMZ) bidez, gida didaktikoak eta ipuinak diseinatu eta egingo ditu, ikastetxe pilotuekin zuzenean jarriko da harremanetan, aipatutako ikastetxeetan esku hartuko du (neurriak, guraso, hezitzaile eta haurrei hitzaldiak) eta Hezkuntza Departamentuaren Irakasleentzako Laguntza Zentroetan gidak banatuko ditu; Hezkuntza Departamentuak Ikastetxeak informatu eta programan dauden Ikastetxe Pilotuei baimena eman eta motibatuko ditu; eta, azkenik, ondorengo fase batean, Osasun Departamentuak hezkuntza-materialaren zati bat Osasun Zentroetan banatu ahal izango du.


2006-2007 ikasturtean, esku hartzea Iruñeko lau Ikastetxe Pilotuetan egiten ari dira. Antzeko ezaugarriak zituzten eta kanpainan aktiboki parte hartzeko prest zeuden ikastetxeak bilatu ziren, eta bi ikastetxe publiko, Iturrama I.P. eta Lorenzo Goikoa I.P., eta bi itunpeko, Ursulinas eta San Ignacio, aukeratu zituzten.


Orain arte egin dituzten ekimenak ondorengo hauek dira: 2006ko urtarril eta otsailean, ikastetxe pilotu bakoitzeko guraso guztien parte hartze baimena eman eta jaso zituzten; 2006ko otsail eta martxoan, neurketa antropometrikoak egin zituzten; maiatzean, gurasoei haurren eguneroko kontsumo eta gastu energetikoen analisiei buruzko galdeketa banatu zitzaien; urrian, aukeratutako ikastetxeetan tutore eta gurasoentzako aurkezpen-hitzaldiak eman zituzten eta ikastetxe pilotuetako menu desberdinak aztertu zituzten; azaroan, haurren neurketa antropometrikoa egin zuten, eta azkenik, aukeratutako ikastetxeetan dagozkien unitate didaktikoak landu dituzte eta adin horiei dagozkien behar energetikoen araberako menuak egin dituzte.


2006-2007 ikasturterako programaren aurrekontu osoa 52.000 eurokoa da eta Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak (NGKI) finantzatu du osoki. Heziketa-materiala Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren telefonoan eska daiteke, 948292629, edo jibaneza@cfnavarra.es helbide elektronikoan.

Dokumentazioa:
Obesitatearen prebentzioa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa